«Dantza egiteak nire eguneroko kezketatik aldentzen laguntzen dit»
Aurreskua euskal kulturaren eta tradizioaren ikur nagusietako bat da, eta Irati Olaizolarentzat (Legazpi, 2002) bizitzaren oinarri bihurtu da. Gaur egun Sustraiak dantza taldeko kide –dantzari eta irakasle– da, eta irailaren 6an Zarauzko aurresku txapelketa irabazi zuen.
Noiz eta nola hasi zinen dantzan?
Lehenengoz, bost urterekin hasi nintzen, herriko Sustraiak dantza taldean. Ondoren, 11-12 urte ingururekin eman nuen pausoa txapelketen mundura.
Gogoratzen al duzu zure lehenengo txapelketa?
Bai. Gogoan dut egin beharreko bi dantzetatik aurrenekoan nahastu egin nintzela, geldi gelditu nintzen agertoki gainean. Bigarren dantzan, ordea, berriro ekitea lortu nuen. Ez dut ahaztuko lehen aldi hura!
Zarauzko aurresku txapelketa irabazi duzu. Esperotako garaipena izan al da?
Egia esan, ez nuen espero. Gustura gelditu nintzen egindakoarekin, baina ez nuen uste irabaziko nuenik. Egun batzuk behar izan ditut sinisteko.
Zenbat modalitate daude aurreskuan?
Euskal dantza txapelketetan bi modalitate egoten dira normalean. Batetik, bakarkakoa edo Aurresku eta Soinu-zahar txapelketa deitzen dioguna; eta bestetik, sueltoko txapelketa, bikoteka egiten dena.
Zu zein modalitatetan ibiltzen zara?
Ni bietan ibiltzen naiz, baina bakarka gehiagotan dantzatu dut. Sueltoko txapelketan denbora gutxiago daramat, eta zailagoa ere iruditzen zait. Bi dantzariek bat egin behar izaten dute, eta hori lortzeko ordu asko sartu behar izaten dira.
Zer baloratzen du epaimahaiak?
Sueltoko txapelketetan lau ezaugarri hartzen dira kontuan: konpenetrazioa, alde artistikoa, erritmoa, akatsik egon den, eta pausoen zailtasuna. Pausoak nola exekutatzen diren ere baloratzen da. Aurreskuan desberdina da; aurreko ezaugarriez gain, hiru dantza ezberdin egiten dira. Horietatik bat, dantzari guztiok pauso berdinekin egiten dugu, eta beste biak, berriz, bakoitzak sortutakoak izaten dira. Abestiak berdinak izan arren, guk sortzen dugu koreografia.
Zein dira zure etorkizuneko helburuak?
Aurresku txapelketa hauetan jada ni naiz helduena, eta gazteak indartsu datozela nabari da. Hala ere, oraingoz ez daukat uzteko asmorik. Dantza egiteak nire eguneroko kezketatik aldentzen laguntzen dit, eta ikasten, hobetzen eta disfrutatzen jarraitzea da nire helburua.
Nor duzu gogoan txapela ikustean?
Etxekoei eskerrak eman nahi dizkiet nire emanaldi guztietara etortzeagatik. Baita nire dantza taldekideei ere, eta horien arten, batez ere, urte hauetan gurekin hainbeste ordu sartu dituen Jon Dorronsoro irakasleari. ■