«Azokak leku garrantzitsua du beti D'Elikatuzen»
Ordiziako D’Elikatuz interpretazio zentroaren egiteko nagusiak azoka dinamizatzea, herria eta eskualdea turismo aldetik sustatzea eta elikadura osasungarria bultzatzea dira. Leire Arandia Aranburu (Ordizia, 1976) da arduraduna 2005etik. Urteko garairik lanpetuena amaitu berria du. Udako turismo kanpaina itxi dute Ordiziako D’Elikatuz zentroan, eta Euskal Jaiak eta gazta txapelketa entzutetsua ere joan dira. Balantzea egiteko ordua da, udazkenak eta neguak Ordiziako turismoaren eta azokaren sustapenak dakartzaten beste lanei heltzearekin bat.
Nolakoa izan da uda Ordizian?
Polita. Datuak ez ditugu oraindik osatuta, baina esango nuke iazkoak baino hobeak direla. Berezitasun bat izan du uda honek, atzerritar gehiago sartu delako barrualdera. Eguraldiak asko eragiten du, kostaldea lainotzen denean jendeak nahiago duelako barrura etorri. Gainera, Donostia oso beteta dago, eta jendea beste gauza batzuk bilatzen hasita dago.
Zure lanari esker, ondo ezagutuko duzu Ordizia.
Ordiziar peto-petotzat dut neure burua. Ama Beizamakoa da, eta aita Albizturkoa. Lanera etorri ziren biak, eta bertan ezkondu ziren. Ni Ordizian jaio nintzen. La Paz Poligonoan bizi ginen hasieran, eta gero Joxe Migel Barandiaran Plazan. Txikitan kalean ibiltzen ginen, jolas batean, baloia zela edo bizikleta zela, baina ikasi ere egiten genuen. Jakintza ikastolan ibili nintzen. Oroitzapen onak ditut eskola garaikoak, orduan osatu genuen lagun taldea, eta orain arte mantentzen dugu.
Unibertsitatera joan zinen gero.
Deustuko Unibertsitatean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasi nuen, Donostian. Trenez joaten nintzen, goierritar asko bezala, eta Unibertsitatea gertu genuen geltokitik. Egun osoa igarotzen genuen, karrera oso praktikoa zelako eta talde-lan pila bat egin behar zirelako.
Erasmus ezagutu zenuen?
Azken ikasturtean Finlandiara joan nintzen, eta Helsinkin egon nintzen urtarriletik maiatzera. Garai hartan ez zen oso ohikoa, ez behintzat gaur bezainbeste. Baina gure unibertsitatean bai, eta Erasmusen irteteko aukera eskaini ziguten. Gure promozioan asko joan ginen. Notaren arabera aukeratzen zen tokia orduan ere, eta nik Helsinki pentsatu nuen. Unibertsitate garaian etxetik ez nintzen atera, eta hura egundoko esperientzia izan zen. Jende berria ezagutu nuen, eta leku oso polita zen.
Eta itzulitakoan?
Lanean hasi nintzen. Irailerako lanean nenbilen.
Non hasi zinen lanean?
Lehenengo Adegin, Gipuzkoako Enpresen Elkarteak Donostiako Miramonen zuen egoitzan. Enpresarientzako sortu zuten jubilazio planean egin nuen lan. Komunikazioa, komertzial lana, bezeroei arreta… bost urte egin nituen. Lan finkoa zen, erosoa, harreman ona nuen lankideekin, baina zerbait desberdina nahi nuen, eta Norgestion aholkularitzara joan nintzen. Lan hartan enpresekin harremanak izatea eta bideak irekitzea zen egitekoa, baina astean bitan Bilbora joatea tokatzen zitzaidan, eta garai hartarako ezkonduta nengoen… Ondo nengoen, baina sei hilabete bakarrik egin nituen.
Orduan itzuli zinen Ordiziara?
Jakin nuen udala pertsona baten bila zebilela Zarauzko enpresa batek gidatu behar zuen proiektu berri baterako. Ez nekien asko proiektuaz; interpretazio zentro bat ireki behar zutela, eta askoz gehiago ez. Elkarrizketa batera joan nintzen, han D’Elikatuz aurkeztu zidaten, eta hartu ninduten.
Aldaketa handia, ala?
Bai. Sektore desberdina zen, baldintza aldetik gauza batzuei uko egin beharra… Baina gustatu zitzaidan; Ordizian zen, ni oso ordiziarra sentitzen nintzen, eta gerora begira proiektu pertsonal gisa ondo ikusten nuen. Beraz, aurrera egitea erabaki nuen. 2005ean izan zen. Ordurako proiektua finkatuta zegoen, eta ni sartu ahala ireki zuten zentroa.
Nola saldu zizuten proiektu hura?
Proiektu erakargarria zen. Goierrira jendea erakartzeko interpretazio zentroa izango zen, elikadura munduan zerbait berritzailea, azoka… Ordurako Goierriko turismoaz arduratzeko Goitur martxan zegoen, eta hasieran elikaduraren gaian zentratu ginen gehiago. Kanpaina esanguratsuak egin genituen, D’elikatuz bizi bezalakoak. Lan interesgarria izan zen, hainbat erakunderekin kolaboratu genuelako eta Gipuzkoara ere ireki ginelako.
Zergatik aukeratu zenuten elikadura?
Egia da horrelako zentro bat egon daitekeela Gasteizen, edo Donostian. Garai hartan dirua zegoen, interpretazio zentroak irekitzen ari ziren, eta herri bakoitzari gai bat eman nahi zitzaion. Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroa Idiazabalen ireki zutenez, Ordiziarako azokaren eta elikaduraren arteko lotura pentsatu zuten. Elikadurarena, ohitura osasungarriena, gai berritzailea ikusi zen, eta zentrorako elikaduraren hezkuntza gehigarri bat izan zen. Lan asko egin genuen horretan, eta funtzionatu zuen eta funtzionatzen du.
Zer egiten zenuten arlo horretan?
Aukera asko eman zigun elikadura-hezkuntza loturak. Asko atera ginen kanpora, eta egin genituen sukaldaritza ikastaroak Gipuzkoako Ostalaritza Eskolekin, edo Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Garai hartan Kutxaren laguntza ekonomiko handia genuen, baina laguntzen politika aldatu zuenean finantzaziorik gabe geratu ginen, eta ezin izan genuen aurrera egin. Hala ere, Ordiziak lortu zuen erreferente izatea alor horretan, eta oraindik bada.
Eta horretan espezializatu zen.
Nik uste dut interpretazio zentro bat espezializatu egin behar dela, eta guk lotu nahi izan genituen baserriaren eta azokaren produktuak elikadura osasungarriarekin. Azokak du hor garrantzi handia, azken batean Ordiziara datorrena azokara datorrelako.
Hiru adar ziren, beraz.
Bai. Elikadura, azoka, eta Ordizia eta Goierri osoa turismo aldetik sustatzea Goiturrekin lankidetzan.
Zenbat langile zineten?
Nire lana zentroa kudeatzea zen batez ere, eta nirekin batera Ordizian aurretik zegoen turismo bulegoa zeraman Gema Lopez eta elikadura gaiez arduratzen zen Xabi Irastortza nutrizionista ere ari ziren lanean. Gu 2005ean hasi ginen, baina 2008an udalak deialdia egin zuen zentroa kudeatzeko, eta hirurok Erro kooperatiba sortuta, geure burua aurkeztu genuen.
Zer da Erro?
Niri bururatutako izena du, erroak, sustraiak, gurea balioan jartzea zelako gure asmoa. Guri eman ziguten kudeaketa, eta ordutik gu ari gara. Gerora Xabi Irastortza joan egin zen, eta Idoia Noain sartu zen. Orain hirurok eta gurekin urteak daramatzan Maider Aranok osatzen dugu lantaldearen muina. Langile gehiago ere egon dira gurekin, asteburuetan batez ere. Hogei urte dira, erraz esaten da!
Zer egin du Errok urte hauetan?
Turismoaren alorrean proiektu berriak garatu ditugu, Gaztaren Ibilbidea adibidez. Beste udal batzuetarako lanak ere egin ditugu –Tolosakoarekin adibidez– udako bisitak eskainiz, eta Idiazabalen Gaztaren Interpretazio Zentroaren kudeaketa daramagu.
Gazta aipatu duzu. Zu Idiazabal Gaztaren Kofradiako kide ere bazara.
Lanagatik ezagutu nuen Kofradia. Ordizian du egoitza, D’Elikatuzek gaztari eskainitako gune bat dauka, eta Kofradiako hainbat elementu daude. Naturalki hasi zen harremana, eta kofradiakide izatea proposatu zigutenean Gema [Lopez] eta ni sartu ginen. Urtero egiten duen Kapituluan izendatu gintuzten kofradiakide; guk gazta nonahi defendatzeko eta bere alde lan egiteko konpromisoa hartu genuen.
Zein lan egiten duzu Kofradian?
Orain zuzendaritza batzordeko kidea naiz. Kofradia irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta jende asko dago atzean, lanean. Udalari Ordiziako gazta lehiaketa antolatzen laguntzeko helburuarekin sortu zen batez ere, eta hortik datoz Ordizia Txapeldun lehiaketa, Artzain Egunean egiten den gazta mozte ekitaldia, urriko Gaztaren Kongresua, eta hainbat dastaketa Espainia osoan zehar. Ni ez naiz asko joaten dastaketetara, baina beste kide batzuk bai, eta Ordizia ezagutzera emateko eta azokari buruz hitz egiteko baliatzen dute, hori delako beste helburuetako bat. Beste kofradien kapituluetara ere joaten gara, gurera etortzen diren bezala. Kofrade berriak eta ohorezko kofradeak izendatzeko festa horiek ekitaldi politak dira, eta toki asko ezagutzen dira. Espainia iparraldeko toki askotara joaten gara, baita Portugalera ere.
Gazta lehiaketaz hitz egin behar da.
D’Elikatuz arduratzen da udaleko beste sailekin azoka berezia antolatzeaz: postuen antolaketa, bodegak, komunikazioa udal teknikariarekin elkarlanean…
Baina gaztak du protagonismoa.
Lana ekitaldi guztiek ematen dute, asko gainera, baina onerako eta txarrerako, gazta txapelketak du izena. Ulertzen dugu gazta txapelketa hori izan ez balitz Ordiziak ez lukeela izango izaten duen proiekzioa, baina guri gustatzen zaigu azoka horretan ordezkatuta dauden beste sektoreak balioan jartzea, batez ere asteazkeneroko azoka.
Zer gehiago da Ordizia?
Ordizia historikoki nabarmena da, Erdi Aroan jatorria duen hiribildu bat da, nahiz eta gero hazi eta asko aldatu den. Garai hartako harresien aztarnak daude oraindik D’Elikatuzen eta elizan. Gainera, hiribildu itxura ematen dioten eraikinak nahiko ondo mantendu dira. Eta Aralarko sarbidea da Oiangutik. Oianguko parkea ere hor dago… Herriak badu xarma, historikoki garrantzi handia izan du, eta merkataritza eta ostalaritza aldetik eskualdeko erreferente izaten jarraitzen du.
Nolakoa da gaur Ordizia?
Herri bizia da, aktiboa. Elkarte pila bat ditu, gauza asko egiten dituzte, agenda beti dago beteta. Etorkizunari begira erronka handia du elkarte horien erreleboari dagokionez, eta horrek kezkatzen nau, borondatezko lana geroz eta gutxiago egiten delako. Kirol aldetik ere erreferentea da, errugbia dela, Ordizia txirrindularitza proba, nazioarteko igeriketa txapelketa, atletismo meeting-a… Federatu kopurua ere aipagarria da.
Turismo aldetik erakargarria al da?
Iruditzen zait kanpotik datozenek gehiago baloratzen dutela guk baino. Ordiziarrok asko maite dugu Ordizia, baina kanpokoek esaten dute zein herri kuttun eta polita dugun, zein ondo zainduta dagoen, herri bizia dela…
Aldaketarik sumatu duzu bisitetan?
Asko! Herrian hotela irekitzeak lagundu du, jendea herrian gelditu eta bertan bizitza eta gastua egiten duelako. Bestela, Ordiziara jendea egun seinalatuetan etortzen da, eta asteazkenetan azokara. Done Jakue bidea ere Ordiziatik igarotzen da, eta geroz eta erromes gehiago ikusten da. Gaztaren Ibilbideak jendea erakarri du. Pasoan dagoen jendea ere ikusten da. Beti ikusten da jendea. Lan polita egin da Goiturrekin promozioan, eta horri bere aitortza egin behar zaio.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Europako Next laguntzak lortu ditugu, eta zentroan eduki berriak sortuko ditugu. Turismo bulegoa berrituko dugu, eta Ordizia Goierriko sarrera gisa kokatu nahi dugu, Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturalen artean. Baserriaren funtzioa ere azpimarratu nahi dugu, eta azokari emango diogu leku garrantzitsua, gure bizkarrezurra delako.
Zein da erronka nagusia?
Azokari begirako guztia. Azokari lotuta joan behar dugu, azoka bizirik ez baldin badago interpretazio zentroak ez duelako zentzurik. Erronka dugu erosketak egitera jendea erakartzeko. Sariak ematen ditugu, aplikazio bat martxan jarri dugu, berrikuntzak eta takila berriak ere bai. Gelditu gabe ari gara jendearen beharretara egokitzen. Eta noski, ekoizleei ere erakargarri egin behar diegu azoka. Saltzaileekin lanean ari gara, eta horretan ez dugu etsiko.
Belaunaldi berriak behar dira azokan.
Erreleboa behar da, eta gure heziketa programak horretara bideratuta doaz, gaztetxoengana, etorkizuneko kontsumitzaileak direlako. Baina, gizarteko aldaketekin, ez da erraza kontzientzietan sartzea. Gu ari gara, baten bati geratuko zaiolakoan. ■
Mendian, etxean bezala
Lanetik aparte ere badu bizitza Leire Arandiak, «baina gustatuko litzaidake pixka bat gehiago izatea», aitortu du. Familiak eta futbolak betetzen diote zati handi bat. «Semeak futbolean jokatzen du Realean, eta haren atzetik ibiltzen gara asteburuetan». Eskerrak bera ere futbolzalea den, «Realeko bazkide peto-petoa».
Mendia ere gustuko du, eta horregatik aukeratu du Aralarren, Txindokirako bidean, ateratako argazkia. «Bista horrek lasaitasuna transmititzen dit, bizi garen tokian bizitzeagatik zein pribilegiatuak garen pentsarazten dit, eta batez ere, etxean sentiarazten nau». Neguan eskiatzera joateko tartea hartzen du, elurra asko gustatzen baitzaio. Horregatik gordetzen du hain oroitzapen ona Finlandian egindako Erasmus egonaldiaz. «Neguan joan nintzen eta tenperatura oso baxua zen, baina elurra asko gustatzen zaidanez, oso ondo eraman nuen. Gainera, egunaren eboluzioa bizitzeko aukera izan nuen; urtarrilean arratsaldeko hiruretan iluntzen zuen, eta maiatzean eguna oso luzea zen».
Uda partean, berriz, bidaiatxoren bat egiten du, familiarekin. Seme futbolariaz gain, alaba bat ere badute, eta senarrarekin batera, laurak joaten dira bidaian.
Kuadrilla ez du saltzeko. Lagunen arteko harremana elikatzea eta mantentzea «ezinbesteko» dela uste du.