Bezperan
Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, «biharamuna, aipatzen den edo erreferentzialtzat hartzen den egunaren ondotik datorren eguna da», guretzat, aurreko egunaren hurrengo eguna. Kontrara, «bezpera, aipatzen den edo erreferentziatzat hartzen den egunaren aurreko eguna da». Denboran, gertaera baten justu aurreko tarte moduan identifikatzen dugu, ordu gutxi lehenagoko uneei erreferentzia eginez.
1985eko irailaren 25ean Baionako Monbar hotelean erail zituen GALek ETAko Iñaki Asteasuinzarra, Agustin Irazustabarrena, Sabin Etxaide eta Jose Maria Etxaniz Maiztegi urretxuarra. Gaur da 40. urteurrenaren biharamuna.
Gaur bezpera ere bada. Ez 2025eko irailaren 27arena soilik, ordea. 1975eko irailaren 26a eta 27a ere gorriz tindatuta daude Euskal Herriaren historian, odolaren kolorez. Frankismo garaiko azken fusilatuak izan ziren ETAko kide Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi eta FRAPeko Sanchez Bravo, Garcia Sanz eta Humberto Baena. Bihar beteko da fusilamendu horien 50. urteurrena.
Aurtengo udan hautsak harrotu dira. Abuztuan, Zarautzen, Txiki eta Otaegi oroitzeko zabaldutako olanaren gaiak eta ondorengo zenbait gertaerak giroa korapilatu dute. Gogora Institutuko zuzendariak adierazpen gaitzesgarriak egin zituen, biktimak mailakatuz eta eztabaida hauspotuz, Iñigo Urkullu lehendakari ohiak kargu hartu eta ofizialki biktima aitortza dutela gogorarazi eta errespetua eskatzeraino. Zarauzko udal gobernuak, berehala pankarta kentzeaz gain, udal aretoak erabiltzeko baimena ukatu dio 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketari, errelatoaren aldebakartasuna argudiatuta. Aurrekoan, Urretxu-Zumarragako Sortuk salatu zuen Urretxuko udal gobernuak Txiki eta Otaegiren omenezko pankarta jartzea debekatu ziela Urretxuko festetan.
Hainbat hedabidetan Txiki eta Otaegiren fusilamendua gertu-gertutik bizitako senide, abokatu eta lagunen hitzak irakurri eta entzun ditut egunotan. Bezperako eguna eta eurekin izandako azken elkarrizketak xehatu dituzte. Gordina bezain hunkigarria iruditu zait.
Euskal Herriko gatazka politikoaren hari matazak korapilo asko ditu. Bizikidetza demokratikoaren alde pausoak ematea kontakizun bat eta bakarra hedatu eta ezartzetik urrun dagoela uste dut. Bezperan jarraitzen dugu. Biktima guztientzat aitortza, justizia eta erreparazioa lortzetik ordu gutxira bageunde, justu aurreko unean, biharamuna arinagoa litzaiguke.
Oroimen historikoa oroimin histeriko bihurtzeak zer zentzu du? ■