Eskualdatzea bideratzeko zerbitzua
Bidari Goierri eskualdeko negozio txikien ondorengotzaren erronkari erantzuteko lanean ari da. Udazkenean esperientzia pilotu bat jarriko du martxan tokiko hainbat negoziorekin elkarlanean.
Merkataritza, ostalaritza, zerbitzu eta ekoizleen Goierriko mailako mahaitik eratorritako lan taldea da Bidari. Lankidetzak onurak dakartzala sinetsita sortu zuten 2020. urtean, Goierriko negozio txikiak elkarrekin lemapean. Goierriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzea du helburu nagusi, bide horretan elkarlana, berrikuntza eta lehiakortasuna bezalako balioak eta ezagutzak txertatuz sektoreko eragileen artean. Eskualdeko estrategia bateratu bat eratzea ere badago haren egitekoen artean.
Goierriko negozio txikien etorkizunarekiko kezkatik abiatuta, eta Bidariko kontraste saio batean aipatutako gai bat abiapuntutzat hartuta, Olaia Fernandez Jauregik (Beasain, 2002) Goierriko txikizkako merkataritzaren jarraikortasun analisiak azterlana ondu zuen 2023an. Datozen urteetan jubilazio adinera iritsiko den pertsona kopurua handia izango da Euskal Autonomia Erkidegoan –2028an 101.959 pertsona lan mundutik irtetea espero da–, eta egoera horrek Goierrin dauden txikizkako negozioetan nola eragingo duen eta bailarako merkatari, ostalari eta zerbitzu sektoreko langileen egoera nolakoa izango den aztertu zituen.
Ikerketa lan horren arabera, 922 txikizkako merkataritza negozio daude Goierrin –herri handietan zerbitzuak dira nagusi, txikietan ostalaritza–, honela banatuta: Zerbitzuak %38,8, Merkataritza %37,7 eta Ostalaritza %23,5. Eta besteak beste, honako datua ere bai: 15 urtean negozio arduradunen %52 jubilazio adinera iritsiko dela.
Eskuratutako datu horiek bateratzea eta partekatzea izan zen hurrengo urratsa, eta hori ieTeam aholkularitza enpresaren bitartez egin zuten. Instituzio publikoen ikuspegia ezagutzeko eta ulertzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak merkataritzarako eta ostalaritzarako egindako analisia eta definitutako estrategia aztertu zituen. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, azken hamabost urteetan %30 murriztu da establezimenduen kopurua, eta merkataritza-dentsitatea mila biztanleko 11 establezimendu baino txikiagoa da.
Mehatxu eta erronka berriei egin behar izan die aurre urteotan sektoreak, baina oraindik enplegu-sortzaile garrantzitsua da: EAEn lan egiten dutenen %11 suposatzen du. «Horrek sektorearen jasangarritasuna eta biziberritzea ziurtatuko duten estrategiak sustatzearen garrantzia nabarmentzen du», dio txostenak. Ondorioz, beste eskualde batzuetan gauzatzen diren praktikak identifikatzera eta aztertzera jo zuen aholkularitza enpresak.
Esperientzia pilotua abiatzear
Aurtengo otsailean Jarraikortasun zerbitzuaren inplementazioa eta jarraipena dokumentua aurkeztu die ieTeam-ek Goiekiri eta Bidariri. Lan proposamenak landu beharreko lau barne-prozesu identifikatu ditu, bakoitzerako ekintza ezberdinak zehaztuz: identifikazioa, sentsibilizazioa, posizionamendua eta komunikazioa dira lau ardatzak.
Lanketa abian da dagoeneko. Bidarik galdetegi bat igorri die Goierriko txikizkako negozioei, eta beren ibilbide, adin edo egoeragatik belaunaldi-erreleboan, itxieran edo etorkizuneko jarraipenean pentsatzen egon litezkeen negozioak identifikatu eta ezagutu nahi ditu, informazio horrekin guztiarekin datu-base bat sortzeko. Era berean, esperientzia pilotu horretan parte hartzeko gonbidapena egin die egoera horretan leudekeen negozioei. Udazkenean da hastekoa.
Goiekiko Ekintzailetza arloko arduradun Maialen Sanchezen esanetan, negozioak eskualdatzeko eskaini nahi duten zerbitzua ez da zerbitzu tradizional bat, prozesu partekatu bat baizik. «Laguntza pertsonalizatua eskainiko du, elkarrizketa eta ikaskuntza espazioarekin». Helburu bikoitza du zerbitzuak: batetik, parte hartzen duten negozioei laguntzea belaunaldi-aldaketari buruzko hausnarketan; eta, bestetik, etorkizunean beste negozio batzuentzat baliagarriak izan daitezkeen irakaspenak ateratzea.
Hirugarrena posizionamendua lantzea litzateke, Goieki eta Bidari eskualdatze prozesuan erreferentezko eragile gisa azaltzeko. Barne-prozesu honetan, besteak beste, negozioa eskualdatzeko asmoa duten interesatuei espazio bat eskainiko litzaieke webgune batean, erakusleiho digital modura. Laugarrena komunikazioa da, negozioei prozesua erraztu eta euren berri ematen laguntzeko ekintzak eta akonpainamendua eskainiz.
Urratsak zehazten dituen gida
Aurrez aipatutako lanketaz gain, Goiekik eta Bidarik esku artean dute oraindik aurkeztu ez duten Eskualdatzen. Merkatari, ostalari eta negozio txikiei zuzendutako jarraikortasun gida. Dokumentu horrek, besteak beste, eskualdatzea zer den eta eskualdatzeko prozesuaren rolak definitzen ditu, eta eskualdatze aukera ezberdinen eta prozesuaren nondik norakoen informazioa ematen du.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eskualdeak programaren barruan dago, eskualdeetako garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatzeko helburua duen ekimen estrategiko gisa. ■