Izen bereziak nola (I): 'hariztia' Arizti bihurtu
Nondik nora sortu eta eratuak dira guk erabiltzen ditugun hitzak? Ur handitan sartzea litzateke galdera horri erantzun nahi izatea eta ez gara horretan hasiko hemen. Atrebitu gaitezen, horratik, leku izenak itxuratzeko pausoak eta modua zein izango ziren pentsatzera; horiek ere ez dira ur txikiak gero! Hortaz, galdera moldatu egingo dugu pixka ba; hona: nondik norakoak dira gure toponimoak?
Toponimoak, definizioz, izen bereziak dira. Gaurko egunean badira –lehenagotik ere bereziak bai, baina leku horrentzat erabili gabeak izanda– hartu eta, propio, toki bat izendatzeko baliatzen hasi direnak; etxe batentzat, adibidez: Artizar edo Akapulko ditugu, besteak beste, horrelakoak.
Baina toponimo tradizionalei begiratzen badiegu, haiek eratzeko bidea hori ez dela izan konturatuko gara. Hasiera batean, lekuaren ezaugarriren bat aipatuta identifikatu beharko zen inguru hura. Konparazio baterako, izan zitekeen toki batean haritzak egotea eta hiztunen artean, hura bereizteko, normala izango zen (h)ariztia esatea.
Denboraren poderioz –inguruan egongo ziren beste hariztientzat bestelako izenak erabiltzen zirelako, jo dezagun– harizti huraxe, ez beste bat, izendatzeko erabiliko zen hitza. Eta pauso hori egiteak izen berezi izateko ezaugarri nagusia bereganatzea esan nahi du, hots, deitura hori izate geografiko horri lotuta geratzea; berarentzat bakarrik (ez, inondik ere, bera bezalako besteentzat ere) baliatzea. Aurrerantzean Ariztia izango zen, letra larriz, noski.
Gero, halako batean, gerta zitekeen leku horretako haritzak bota eta hariztia galtzea. Lekuaren deiturak lasai-lasai segitu ahalko luke lehengoan eta ez luke zertan aldatu horregatik. Edo bai?
Artikulu mugatzailea galtzea
Gertatu zen zerbait, bai, itxuraz xumea, baina adierazgarria oso. Artikulu mugatzailea galdu eta lehengo izena Arizti bihurtu zen. Iraun egin zuen, baina izen berezi bihurtuta, guztiz. Lekuaren izena eta izana ez zetozen bat, baina hiztunentzat balio zuen haritzik ez zegoen leku harendako. Izan ere, hori baita izen berezien beste ezaugarri bat: ez dutela ezer esan nahi, lekuaren identifikatzaile huts dira. Ez dute, izen arrunt batek egiten duen bezala, leku hori nolakoa den azaltzen.
Izen arruntek, berriz, genero bereko izaki guztiak aipatzeko balio dute eta esanahidunak dira (haritz hitzak ezaugarri jakin batzuk dituen arbola oro izendatzeko balio du).
Kategoria horiek, esan bezala, hizkuntzaren formetan ere agertuko dira: izen arruntek artikulua behar dute; izen bereziek, aldiz, ez. Beraz, (h)are(i)ztia > Areztia (1561) > Areyzti (1573). Horrelaxe sortua da Idiazabalgo Ariztiko etxearen izena.
Orduan, tarteko Areiztia hori zer da, arrunta ala berezia? Erreferentzia leku bakarra duen aldetik hartuz gero, berezia dela esan beharko genuke, baina, artikuluduna izanik, arruntaren forma du. Hori horrela, ondo bidean, izen arruntak bezala deklinatu behar. ■