Musikaren aukeraketaz
Igor Susaeta • Kazetaria
Batez ere, tabernetako eta kafetegietako jabeei, eta horietan lan egiten dutenei zuzendutako idazkia da aurrean duzuen hau. Jakin nahiko nuke jartzen duten musika nola aukeratzen duten, zein irizpide jarraitzen dituzten horretarako; edo, beste era batera esanda, haien ahotik entzun nahiko nuke musikari zein rol ematen dioten.
Kasualitatez inork galdetuko balit —demagun kaleko inkesta batean— zein rol jokatu behar duen musikak gisa horretako lekuetan, saiatuko nintzateke zehatza izaten, eta soilik bi gauza erantzungo nituzke, eta, bide batez, inkestaren egileari lana erraztuko nioke. Batetik, musikaren aukeraketa oso garrantzitsua dela esango nuke irmotasunez; eta, bestetik, aukeraketa horri garrantziarik ematen ez bazaio, hobe dela, zuzenean, musikarik ez jartzea. Tira, barkatu, hirugarren gauza bat ere erantzungo nuke, medikuen aholkulari tonua solemneki erabiliz: beharrezkoa ez bada, telebista pizteko tentazioari eutsi, arren.
A priori, behintzat, tabernek eta pubek —zer da hori?— egin beharko lukete musika aukeraketa zaintzeko ahalegina, baina honi guztiari buruz hausnartzen hasi nintzen noiz eta kafetegi batean eta bere onenak aspaldi eman zituen taberna batean ardo bana edan ondoren. Saderen doinu sentsual eta iradokitzaile bat batean; eta Neil Youngen Harvest diskoaren kantuak bata bestearen atzetik, bestean. Hor aukeraketa bat zegoen, intentzio bat.
Eta ez, barkatu, balizko eztabaida batean ez litzaidake egokiegia irudituko gustuaren arrazoibidea planteatzea; hau da, esatea gustu kontua dela. Mesedez… Hala balitz, ea nola justifikatzen didazuen astegun buruzuri batean, goiz-eguerdian, taberna batean I am so excited kantua entzutea, eta handik ez oso urrun dagoen beste taberna batean, urtarrilaren 17 batean, Tarzan Boy… Eta zin dagizuet ez zegoela Kiss FM jarrita; hau da, gustu kontua baino gehiago, propio egindako kantu aukeraketa baten erabilera arduragabea da hori. Harrokeriarik gabe diodala uste dut, baina ilargia seinalatzen ari banaiz, ez diezaiogun hatzari begiratu, ilargiari baizik. ■