Ataungo kantxa, berriro herriaren bihotz
Ataungo gazte talde batek areto futbol taldea berpiztu du herrian. Taldekideek «ilusioz» hasi dute jarduna, eta disfrutatzeaz gain, emaitza onak lortzea dute helburu.
Sei urteko etenaren ostean, areto futbola berriro itzuli da Ataunera. Lehenago ere izan zen talde bat herrian: Troskaeta, 2013an sortua eta 2019ra arte jardunean egon zena. Orain, Axel Goikoetxea (Ataun, 2004) eta Endika Apalategi (Ataun, 2001) izan dira ekimenaren bultzatzaile nagusietako bi, herriko beste lagun batzuekin batera. Goikoetxea jokalaria da, eta Apalategi, berriz, taldearen entrenatzailea.
Biek gogoan dute Troskaeta taldea ikustera joaten ziren garaia, eta nostalgiatik tiraka, areto futbola berpizteko aukera ikusi zuten. Otsailean hasi ziren proiektuari forma ematen, eta herritarren babesari esker, helburua gauzatu dute. «Denera hamalau babesle lortu ditugu herrian, eta denekin oso eskertuta gaude».
18 eta 22 urte bitarteko 11 gazte ataundarrek osatzen dute taldea. Hain zuzen, taldeko parte izateko baldintzetako bat ataundarra izatea da, «herritik herriarentzako» egindako zerbait baita. Goikoetxeak azaldu duenez, ataundarrek inguruko herrietara joan behar izaten dute kirola egitera, eta «horri irtenbide bat» emateko sortu dute taldea. Apalategik gaineratu du Ataunen «oso harrera ona» izan duela ekimenak. «Azken batean, adin guztietako jendea plan baten bueltan elkartzeko aitzakia ere bada». Gainera, «erraza» izan da jokalariak aurkitzea: «Adin desberdinetako gazteak elkarrekin ibiltzen gara, eta antzeko afizioak ditugu. Denok gara kirolariak eta kirolzaleak, eta horregatik ez dugu arazorik izan taldea osatzerako garaian».
Irailaren 19an jokatu zuten aro berriko lehenengo partida, Auzoeta kiroldegian bertan, Azkoitiko Ttakun taldearen aurka. Irabazi ez arren, taldeak «maila ona» duela erakutsi zutela dio Apalategik. Hemendik aurrera «ahalik eta emaitza onenak» lortzen saiatuko direla azpimarratu du. «Nahi genuen emaitza lortu ez genuen arren, sekulako giroa sortu zen herrian. Frontoia jendez bete zen eta ingurukoen babesa sentitu genuen», gehitu du Apalategik. Goikoetxeak, berriz, nabarmendu du, partidak «ikasteko» balio izan ziela, kontuan izanik Azkoitiko taldeak Ataungoak baino bi maila gorago jokatzen duela Gipuzkoako Kopan.
Joko bizia eta dinamikoa
Areto futboleko partida batek hogeina minutuko bi zati izaten ditu, eta horrek jokoari erritmo bizia ematen dio. Zehazki, intentsitatea da kirol horren ezaugarrietako bat: «Etengabe errepikatzen dira esfortzu motzak, eta horrek fisikoki ondo egotea eskatzen du», azaldu du Goikoetxeak. Apalategiren ustez, kirol horren alde onenetako bat «denbora guztian jokoan sartuta» egon behar dela da: «Ez dago lasaitzeko astirik, ezta deskonektatzeko aukerarik ere». Taldearen indarguneen inguruan, bi kideek nabarmendu dute «erresistentzia fisikoa» eta «baloiaren kontrola» direla euren ezaugarri nagusienak. Gainera, taldekide gehienak aurretik futbolean jardundakoak izatea ere abantaila dela uste dute.
Ekipamenduari dagokionez, Ataun Kirol Elkarteko armarri gorri-beltza mantendu dute, tradizioari eusteko. Aurreko astean, lagunarteko partida jokatu zuten Idiazabalen, eta ataundarrek irabazi zuten: 2-11. Urriaren 12an emango diote Ligari hasiera, eta Goikoetxeak eta Apalategik partidak ikustera joateko gonbita bidali dute. ■