Noten presioa
German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta kirol psikologoa
Txikitatik perfektuak izan behar dugula esaten digute. Ikasketetan adibidez, haur eta gazte askok antsietate egoera latzak bizi dituzte dena “bikain” atera behar dutenaren usteagatik. Askotan, presio hori etxetik datorkie gainera. Eta zer geratzen da “ongi” bat ateraz gero? Hauetako askori mundua jausten zaiela. Zer esanik ez azterketa bat ez gainditzera iristen badira.
Gogoan dut institutuko lehen urteetan “bikain” piloz beterik nuela motxila, baina aldi berean gogoan dut nire buruari zer presio jartzen nion eta nola azterketa aurreko gau askotan antsietateak bisitatzen ninduen, nahiz eta dena hitzez hitz jakin. Noizbait azterketa bat suspenditu nezakeela pentsatzeak panikoa ematen zidan, dena kontrolpean eduki ezin izateak izugarrizko beldurra ematen zidan, horregatik ikasten nuen guztia hitzez hitz. Eta bai, notak izugarriak ziren, baina nire antsietatea ere izugarria zen. Gurasoek lagunduta laguntza profesionala eskatu nuen, izugarrizko emaitzak lortu arren sufritzen ari nintzelako, paper txuriaren aurrean txuri geratu nintekeenaren ideiak barrua jaten zidalako, ezin nuelako ikasgai gehienetan 9 bat baino gutxiago ateratzea onartu…
13 urte betetzear nituela, beraz, terapiara joan nintzen eta gogoan dut psikologoarekin Psikologiako ikasle bat zegoela praktiketan. Lehenak bigarrenari galdetu zion ea inoiz azterketarik suspenditu zuen, eta honek baietz, “askotan”, erantzun zuen. Une hartan harrituta geratu nintzen, ikusi nuen ez zela mundua bukatzen suspendituz gero eta noizbait niri ere helduko zitzaidala egun hori. Ahalik hoberen egiten saiatu behar dela baina ez obsesionatu.
Lan pertsonal askoren ostean nire pentsaera erabat aldatu zen. Bukatu ziren antsietate irrazionaleko uneak azterketa baten aurrean, kontrolari ihes egiten utzi nionean hartu nuen benetako kontrola. Ordutik azterketa mordoa egin ditut, azken masterra iaz amaitu nuen, pentsa! Ikasketez blaitu naiz eta azterketak eguneroko ogia izan dira nire bizitzan, eta tartean suspentsoren batzuk ere egon dira, noski. Eta ez da ezer gertatu. Ez da mundua amaitu.
Norberak badaki noiz dagoen prest, noiz ikasi duen behar adina eta noiz ez. Azterketa baten aurrean faktore desberdinak daude, eta baliteke, oso prestatuta egon arren, egun txar bat izatea, urduri jartzea, bolada txar bat pasatzen aritzea… Dena ezin dugu kontrolatu eta kontrolatu ezin den horretan fokua jartzea alferrikako lana eta sufrimendua da.
Ikasi, batez ere zure burua zaintzen eta maitatzen. ■