«Esfortzurik txikiena ikaragarria da Afrikan»
Helene Zeberio Agirre lazkaotarrak Afrikan igaro du udako hilabete bat, Tanzaniako Arusha hirian. Espektatibarik gabe joan zen arren, gaur egun oraindik hunkitu egiten da bertan bizitakoak gogoratzean. Ziur da etorkizunean errepikatuko duela esperientzia hori.
Nola sortu zitzaizun Afrikara joateko aukera?
Beti buruan ibili dudan proiektua izan da Afrikara joatea, baina hemezortzi urterekin, etorkizuneko ibilbidea marrazten hasi nintzen une berean, hasi nintzen aukera errealik ba ote zen planteatzen. Hil aurretik derrigor egin beharreko proiektuen artean nuen beti. Hala, 2020an hasi nintzen gauzak begiratu eta aukerak planteatzen, baina pandemia etorri zenean bertan behera utzi behar izan nuen.
Lanean hasi nintzen ondoren, eta bateko zein besteko, esperientzia atzeratzea besterik ez nuen izan. Aurten, erronka gisa hartu dut, derrigor egin beharreko gauzen artean sartuta; konturatu nintzen, gainera, Lazkaoko Udalak 30 urtetik beherako gazte kooperatzaileei laguntzak ematen dizkiela, eta, beraz, adinaren langa hori gainditu baino lehen egin behar nuela ondorioztatu nuen. Ametsa izan da niretzat.
Laguntza ekonomikoaz gain, bestelakotik ere izango zenuen.
Boluntariotza hau aurrera eraman ahal izateko, IVHQ erakundearen laguntza izan dut: dokumentazioarekin laguntzeaz gain, joan aurretik jaso beharreko formakuntza ere eskaini zidaten. Eta ez hori bakarrik; aurretik ere Afrikan kooperatzaile gisa ibilitako pertsonen esperientzien testigantzak partekatu zizkidaten eta haiekin harreman pertsonala sortzea ahalbidetu zidaten, nik neure esperientzia bizi baino lehen.
Afrikan topatuko zenuen egoeraren ideia batekin joan zinen hemendik, orduan?
Ez pentsa. Espektatiba handirik gabe joan nintzen. Ez naiz oso espektatiba zalea eta nahiago izaten dut aurreneko momentuko sentsazioekin geratu. Egia da gaur egun zaila dela leku batera joan aurretik bertako informazio zehatzak zein argazkiak ez saltseatzea; onartuko dut egin nuen zerbait izan zela hori, baina espektatibarik gabe joateak ere asko lagundu zidala esango nuke. Behin han nengoela, argazkietan ikusitakoa islatzen banuen ere, hortik harago sentitu nuen, askoz era gordinagoan. Gogorra egin zitzaidan bertako errealitatearekin topo egitea.
Lehen inpresioak gogoratzen al dituzu?
Afrikara iritsi aurretik gogoratzen dut oso urduri nengoela, eta hara iristeak barrua bete eta lasaitu egin ninduen. Harrituta utzi ninduen gauzetako bat izan zen bertako bizilagunek egin ziguten ongietorria; akordatzen naiz aurreneko aldiz boluntariotza egin behar nuen eskolara iritsi nintzenean, nola ikasgelan hanka bat jarritakoan ume guztiak korrika etorri zitzaizkidan. Sekula ahaztuko ez dudan sentsazioetako bat da hori.
Zeintzuk ziren zure hango eguneroko eginbeharrak?
08:00-08:30ak aldera eskolara joaten nintzen, eta arratsaldera arte eguna bertan igarotzen nuen. Ahal nuenarekin laguntzen saiatzen nintzen, nahiz eta denbora gehiena haurrekin igarotzen nuen; abestietatik hasi eta ipuin kontaketak edota matematikako ariketak erakusten nizkien. Egia da eskolako beste arlo batzuetan ere laguntza behar izaten zenean rolak aldatzen genituela: momenturen batean sukaldean ere aritu nintzen, baita eskola sortu zuten emakumeei kontabilitatean edo bertako finantzaketan esku bat botatzen ere. Egunak ekartzen zuenarekin egiten genuen aurrera, eta edozertan laguntza ematen ahalegintzen nintzen.
Gogoratzen al duzu bertako harreman berezirik?
Egindako harreman guztiak oso estuak izan ziren. Azkenean, beste herrialde batean zaudenean bertako jendea bihurtzen da zure eguneroko babesleku, are gehiago bakarrik bidaiatzen duzunean. Horregatik, egindako harremanak oso sutsuak eta trinkoak izan ziren, politak denak. Oro har, bertako komunitatearekin harremanak egiteko zailtasunik izan ez nuen arren, aurreneko egunetan sentitu nuen denbora gutxian hesi berri asko igaro beharra edukiko nuela, hau da, inguru berri eta faktore desberdin askotara egokitzea tokatzen zitzaidala.
Zeintzuk izan dira bizitako unerik berezienak?
Une hunkigarriena, dudarik gabe, azkeneko egunetan eskola sortu zuen emakumeari, Suzani, dohaintza bat egin nahi nuela esan nionekoa izan zen. Nire familiak eta nik eman genien diru laguntza izan zen hura. Berak hurrengo hilabeteetan gehien beharko zutena janaria izango zela aurreikusten zuenez, herriko merkatu batera joan nintzen berarekin eta hiru-lau hilabeterako jana erosi genuen. Umeak zein eskolako langileak janaria ikusitakoan asko hunkitu ziren, eta ni ere oraindik hunkitu egiten naiz. Oso oroitzapen polita daukat, asko babestu nindutelako. Unerik gogorrena, hartara, agur esatea izan zen.
Zer ikasi duzu gehien zure buruaz?
Gauza pila bat ikasi ditut, eta Lazkaora etorri naizenean konturatu naiz uste baino gauza gehiago ekarri ditudala Afrikatik. Askotan iruditzen zaigu arazo pertsonalak mundu handi bat direla, baina beharrezkoa da batzuetan horiek alboratu eta barruan dugun onena ingurura transmititzea. Zer esanik ez garatu gabeko herrialde batean zaudenean; esfortzurik minimoena handi ikusten dute.
Kooperatzaile izatea gomendatzen al duzu?
Ehuneko ehunean. Ikaragarria da zuretik hain gutxi emanda jendearen bizitzan eragin dezakezun inpaktu positiboa zenbaterainokoa den. Nik boluntariotza hau egin aurretik banekien ez nuela Afrika pobreziatik aterako, edo ez nuela nik bakarrik mundua salbatuko, baina banekien nire ezagutzak eta nire baliabideak erabilita jende baten bizitzan sekulako inpaktu positiboa eragiteko gai izango nintzela. Nahikoa da txikitan ikastolan ikasitako abestiak, ipuinak eta jokoak hango haurrei erakustearekin. Hemendik neramana han uztea zen nire asmo nagusia, eta uste dut lortu dudala. ■