«Kirkil tabernaren garaiko oso oroitzapen onak ditut»
Badira 32 urte Jon Sarasola Balerdi (Ordizia, 1967) Seguran bizi dela. Lasaitasuna aurkitu zuen hara iritsi zenean. «Hemen bizitza beste erritmo batean da, ez dago aparkatzeko arazorik, orduan Ordizian isun asko jartzen zituzten… Eta segurarrek ondo hartu ninduten. Nik uste, jator ibiliz gero edozein herritan ondo hartuko zaituztela». Sarasolak 11 urtean lan egin zuen Ordiziako Kirkil tabernan. Lan askoko garai eder bat bezala gogoratzen du. «Oso oroitzapen onak ditut, bezeroekin harreman ona genuen. Hori bai, lan asko egin genuen, goizetik gaueraino. Hipoteka ordaindu beharra zegon eta ez zen beste erremediorik. Agian horrek lagundu zigun garai haietan zeuden droga eta arriskuetatik ihes egiten». Gaur egun, bere aita zainduz eta kirola eginez, lasai bizi da Seguran.
Zer zaletasun dituzu?
Bizikletan ibiltzea, mendi bueltak, hondartza, futbola…
Pelikula bat edo telesail bat.
Testigo de cargo, Billy Wilder, 1957.
Liburu bat.
Eider Rodriguezen edo Mikel Santiagoren liburuak gustuko ditut.
Musika talde edo abeslari bat.
Metallica, Potrotaino…
Abesti bat.
Metallicaren Fade to black.
Oporretarako leku bat.
Iguzkitza (Nafarroa).
Zer gosaltzen duzu?
Cola Cao-a ogi txigortu batekin.
Kolore bat.
Urdina.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Ama hil zen eta semea jaio zen egunak ez dira ahaztekoak.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Ez naiz opari zalea.
Amets bat.
Jubilatu ondoren, arazorik gabe, lasai bizitzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Bikotekidearekin afaltzera joatea.
Goierriko txoko bat.
Txarako Harria. Seguran bertan dago, Kortaberrira bidean.
Seguran biziko ez bazina…
Donostian. ■