XXI. mendeko bizikleta dendak
Garai batean ia herri guztietan zegoen bizikleta denda bat. Egun, herri handietan bakarrik daude eta garai batekoen oso ezberdinak dira gainera. Lehengoetan dena konpontzen zen eta bizikleta gutxi batzuk zituzten. Egungoetan askoz ere bizikleta gehiago dituzte.
Garai batean Beasainen, Urretxu-Zumarragan… hainbat bizikleta denda zeuden. Eta Goierriko herri txiki batzuetan ere bizikleta denda zuten. Egun, Urretxu-Zumarragan denda bakarra dago. Beasainen bi daude, baina Jokin Mujikakoek denda itxiko dute. Lazkaoko Ricardo Izquierdok ere erretiroa hartu behar du. Goibike dendako Unai Dorronsorok eta Jokin Mujikako Joxe Kruz Mujikak negozio horrek izandako bilakaerari buruz hitz egin dute.
Mujikak 66 urte ditu eta bizitza osoa bizikleta artean darama. Denda Jokin Mujika anaiak eta biek ireki zuten. Jokin txirrindulari profesionala zen garai hartan eta bera mekanikaria. «Bizikleta denda anaiak eta biok ireki genuen, 1986ko abenduan. Beasainen zeuden dendak jende helduaren eskuetan zeuden eta, Orbea bizikleta markarekin genuen harremanak lagunduta, denda irekitzea erabaki genuen. Gure asmoa ez zen bertan egotea, anaia txirrindularia baitzen eta ni mekaniko bezala bainenbilen profesionaletan. Jokinen koinatu Ixiori [Barandiaran], mekanikari ofizioa gustatzen zitzaion eta berarekin hasi ginen. Nik irakatsi nion ofizioa, ez baitzegoen ofizio hau irakasten zuen eskolarik».
Orbeak mendiko bizikleta taldea sortu zuenean, Ixio Barandiaran mekanikari joan zen, eta Joxe Kruz dendan hasi zen. Ordurako, Begoña Ilarduia emazteak ere dendan lan egiten zuen.
1986an orain baino bizikleta mota gutxiago zeuden. «1986an ez zegoen oraindik mendiko bizikletarik. Haurrenak, paseokoak eta lasterketetakoak bakarrik zeuden». 40 urte hauetan bi iraultza handi bizi izan dituzte: mendiko bizikleten ailegaera eta elektrikoena. «1990 inguruan lehenengo mendiko bizikletak iritsi ziren. Oraindik horietakoren bat ekartzen digute konpontzera eta txundituta gelditzen gara. Bi gurpil zabal besterik ez zuten, ez zuten suspentsiorik».
Mendiko bizikleten iritsierak salmenten gorakada ekarri zuen. «Jendeak mendira bizikletarekin joateko aukera zuela ikusi zuenean, mendiko bizikletak erosteari ekin zion. Asko saldu zen».
Ordutik bizikletak asko aldatu dira. «Ni 1983an hasi nintzen mekanikari lanetan, eta garai hartan bizikletek sei pinoi zituzten. Gaur egun, 12-13 dituzte. Tarte horretan, suspentsio sistemak, elektronika… iritsi dira. Eta azken urte hauetan, bizikleta elektrikoa».
Lana, errazagoa
Hala ere, mekanikaren lana ez dela zaildu dio. «Errazagoa da! Lehen dena konpontzen genuen. Orain, elektronikak kale egiten badu, aldatu eta kito! Ez dago hori konpontzeko osagarririk».
Bizikletak eta osagarriak saltzea geroz eta zailagoa da, ordea. «Pandemia garaian ‘boom’ bat izan zen. Etxean eduki gintuzten eta kalera ateratzeko aukera eman zigutenean paseatzeko edo bizikletan ibiltzeko aukera bakarrik zegoen. Izan ere, gimnasioak itxita zeuden eta ezin zitekeen herritik atera. Bizikleta asko saldu ziren. Gaur egun eskaera askoz ere txikiagoa da, oso zaila da bizikletak saltzea».
Gainera, denda eredua asko aldatu da. «Lehen, dendak txikiak ziren. Bikote baten edo bi bazkideren esku zeuden. Orain 2.000 metro koadroko dendak daude. Bizikleta asko dituzte eta beraien artean sekulako gerra dago. Inbertsio funts batzuk ere mundu honetan sartu dira, baina egoera zein den ikusi dutenean, erositakoa saldu egin dute. Gugandik gertu, Urnietako Comet banaketa enpresa familia batena zen. Herbehereetako inbertsio funts bati saldu zioten, hark amerikar bati… Ez du beraiek nahi duten irabazia ematen».
Dena den, denda txikiek etorkizuna badutela uste du. «Denda txikiek etorkizuna al duten? Bai eta ez. Ea nola azaltzen dudan… Bi anaiak denda bat ireki dute Senperen, duela gutxi. Nire ustez, aurrera aterako dira: mundu hau gustatzen zaie, eta gazteak dira. Baina gaur egun denda txiki bat eramateko kontable bat behar duzu, eta denda txiki batek ez du 3-4 langile edukitzeko adina ematen. Ticket Bai-eta oso ondo daude, baina hori guztia ondo eramatea lan handia da guretzako. Gainera, egungo dendak handiagoak dira. Guk ireki genuenean hiru bizikleta modelo bakarrik zeuden eta gure dendak 80 metro koadro zituen. 30 bizikletarekin nahikoa zen. Orain, zortzi edo hamar modelo ezberdin daude eta toki gehiago behar duzu. Gaur egun, gure dendak 200 metro koadro ditu eta txiki gelditzen zaigu».
Dendetako giroa ere aldatu egin da. Garai bateko tertuliak galdu dira, adibidez. «Gizartea asko aldatu da. Nik eskaintza berezi bezala dudan bizikleta Interneten garestiago erosi duen jendea etorri izan zait. Presaka bizi gara eta gauzak etxetik erosten ditugu, dendara galdetzera joan beharrean».
Geroz eta denda gutxiago egongo direla uste du. «Garai batean denda asko zeuden, batzuk handiagoak eta besteak txikiagoak. Zaldibian, Legorretan… bizikletak konpontzen zituen jendea zegoen. Gaur egun ez dago halakorik. Aurki, Senperen denda ireki duten horiekin geldituko dira inguru honetako bizilagunak: Lazkaokoa, Ordiziakoa eta gu ixtera goaz. Urte pare batean hiru denda desagertu egingo dira».
Geroz eta diru gehiago behar da bizikleta denda bat irekitzeko. «Esan bezala, lehen bizikleta modelo gutxi zeuden. Kaskorik ere ez zegoen. Egun, bizikleta dendetan produktu asko saltzen ditugu. Askok ez dute prezio altua, baina denetik erosi behar duzu eta horretarako diru asko behar da».
Gainera, lanbide lotua da. «Inork ez du horren lotuta egon nahi. 20:00ak arte lan egiten dugu eta, gainera, arazoak etxera eramaten ditugu. Enpresa batean lan egiten dutenak lanetik lehenago ateratzen dira eta, gainera, ez dituzte laneko arazoak etxera eramaten. Jendeak bizi egin nahi du. Ez du buruhausterik nahi».
Albizturretik Beasainera
Mujika eta Ilarduia senar-emazteek, poliki-poliki, denda itxiko dute. «Gazteren bat etortzen bada, ahal dudan guztian lagunduko diot». Gazteren batek erreleboa hartzen ez badu, Mujikak esan bezala, aurki Goibike izango da Goierri beheko bizikleta denda bakarra. Denda hori Unai (27 urte) eta Julen Dorronsoro (24 urte) gazte albizturdarrek ireki zuten iazko maiatzean.
Bi gazteek lotura estua dute bizikletarekin. «Umetatik lehiatu gara, errepideko lasterketetan. Txirrindularitza utzi genuenean nik beste bide bat hartu nuen, baina bizikleta buruan izan dut beti. Anaia, berriz, mekanikari bezala aritu zen Euskaltel-Euskadi taldean. Nik bizikleta buruan nuenez eta anaia mundu horretan zebilenez, egitasmo hau aurrera ateratzea erabaki genuen».
Beasain toki egokia iruditu zitzaien. «Inguru honetan beharra zegoela ikusi genuen. Izan ere, bizikleta dendetako nagusiak jubilatzeko zorian dira eta atzetik ez dator inor. Ikusi genituen toki guztietatik, Senpere iruditu zitzaigun egokiena».
N-1 errepidetik gertu daude eta aparkatzeko tokia dago, gainera. «Ez genuen asko pentsatu horretan, baina bezero guztiek aipatzen digute aparkalekuarena. Asmatu dugun seinale».
Lokalean bi sailatal dituzte: bizikletak, arropa, kaskoak eta osagaiak saltzeko denda, eta tailerra. «Ez dugu gure bizikletekin bakarrik lan egiten. Beste edozein dendatan erositako beste edozein markatako bizikletak konpontzen ditugu».
Gustura daude goierritarren erantzunarekin. «Oso gustura gaude. Ez genuen horren erantzun ona espero. Espero genuena baino askoz ere jende gehiago etortzen zaigu eta, gainera, itzuli egiten dira. Oso gustura gaude. Askok beharra zegoela diote. Dagoena bukatzen ari dela eta zerbait berria behar dela. Lanerako gogoa badugu, aurrera aterako garela esaten digute».
Lanik ez da falta. «Goierrin sekulako afizioa dago. Lan egin nahi izanez gero, lan asko dago. Gainera, Goierritik kanpoko jendea ere etortzen da, geroz eta gehiago. Hasieran Goierrikoa bakarrik etortzen zen, baina egun Tolosaldekoa, Legazpikoa… ere etortzen da».
Lokala txiki gelditu zaie
Hiru langile dira eta lokalak 380 metro koadro ditu. «Gainezka dugu. Gaur egun aukera handia dago eta, gainera, Internet dela medio, dena bolumen handian ikusten ohituta gaude. Interneten modelo asko ikus daitezke, oso denbora gutxian. Dendan ezin dugu hori simulatu, baina ahalik eta eskaintza zabalena eduki beharra dago, bezeroak aukera zabala dagoela sentitu dezan. Horrek toki asko eskatzen du».
Bizikleta dendak asko aldatu dira azken hamarkadetan. «Gure ezagun bat bizikletak saltzetik bizi zen. Tailerreko lana ez zuen kobratzen. Hori erabat aldatu da. Saltzea geroz eta zailagoa da, neurri handi batean Internetengatik. Konpetentzia geroz eta handiagoa denez, salneurria doitu egin behar da. Hori dela eta, diru iturri nagusia tailerra da».
Bizikleta denda irekitzeko geroz eta inbertsio handiagoa egin behar da. «Apustua egin beharra dago. Ez dut uste denda txikien egoera bereziki zaila denik. Pertsona batek bizikleta tailerrean ondo lan egiten badu, bizimodua aurrera ateratzeko modua du. Norberaren esku dago noraino heldu, baina jakin egin behar da nondik jo. Mekanikarientzat beti egongo da lana». ■