Aro berria
Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
 Badira zeinu batzuk dokumentala eta fikzioa modu oso zuzenean bereizten dituztenak: aktoreak, ingurunearen diseinua, asmatutako pertsonaien arteko interakzioak eta elkarrizketak… Baina, zer gertatzen da benetako istorioan oinarritutako film batek ikerketa-lan bat egin, argazkietan oinarrituta lokalizazio bat berdin dekoratu eta istorioaz harago erretratu bat eskaintzen badu?.

Hori da Aro berria filmak aurkezten duena: dokumental baten modura, ikuslea lehen pertsonan 1978. urtean Nafarroan kokatutako komunitate batera sartzera eta han zehaztu gabeko denbora batez bizitzera gonbidatzen du.
Irati Gorostidi, filmaren zuzendaria, komunitate horren parte izan zen bikote baten alaba da bizitza errealean, eta bere filmografia osoan gai horren inguruan hausnartu izan du. Filmez film, gurasoek bizi zuten errealitatea ezagutu eta haien buruan sartzeko saiakera sakona egin du. Saiakera horren indarra hainbestekoa izan da, azkenean iraganerako bidaia hau posible bihurtu baitu, bai bere buruari eta baita ikusleari ere.
Aktoreek jantzi dute filma, baina baita pelikula analogikoak, musika diegetikoek eta oihuek ere. Oihuek eta arnasestuek. Modu kolektibo eta murgiltzaile batean, Oliver Laxe zuzendariak Sirat filmean benetako ravea antolatu zuen bezala, Iratik ere bidaia sentsorial benetakoak eragin zizkien aktoreei, profesionalen gidaritzapean eta intimitate-koordinatzaile baten laguntzarekin.
Oliver Laxek berak pertsonaia bat antzezten du Aro berria filmean, eta ez da batere ausazko erabakia. Izan ere, bai Oliverren, bai Iratiren zinema egiteko moduek asko dute dokumentaletik: kamera pertsonaien gainean kokatzen da, errealitatera ahalik eta gehien gerturatzeko asmoz. Horrela, fikzioaren eta errealitatearen arteko marra askotan oso lausoa bilakatzen da. Baina, azken batean, ez al da zuzendari baten lana errealitatea ahalik eta fidelen erretratatzea? ■