Bernedoko zelaiari
Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Motxila urdinak, berdeak, moreak bizkarretan; biserak; mototsak; kokote gorri-gorriak; ehun eta piko pertsona, batzuk umeagoak, besteak gazteagoak, aldapan behera oinez; hartxintxarra eguzki galdatan; ahots agudo-agudoen harrabotsa; aurretik doanak egiten duena; dantza-mugimenduak; erle bat; histeria; ura edateko geldialdiak, kantinplora konpartituak; eo-eo; taldekako zenbaketa; isiltasun minutu erdi bat; ehun eta piko motxila, batzuk eskasagoak, besteak galantagoak, aldapan behera oinez. Eta bat-batean, aurrerago gertatzen ari zen iskanbilatik, Oriokoen kuadrillatxoko tipo bat behetik gora korrika, nigana: «Zure ahizpak sudurra ireki du».
Uste dut egun hura izan zela nire bizitzan lehenengo aldia ahizparenak guztiz nire sentitu nituena; ahizparen minak, kezkak, beldurrak eta eskerrak. Hurrengo sei-zazpi-zortzi egunetan udaleku hartako hezitzaileek bioi ala bioi eskainitako goxotasunarekin eta zaintzarekin askotan akordatzen gara oraindik biok. Memoriaz dakizkigu oraindik abesti haien guztien letrak. Jende pixka bat berezia iruditzen zaigu oraindik, astebete hartan ezagutu genuena. Zerbait berria deskubritu genuen astebete hartan, gerora zikatrizatu zaiguna azalaren zati diferenteetan.
Toki eta garai diferenteetatik begiratu diot Bernedoko zelaiari ume sasoiko udaldi hartaz geroztik. Eta aldiro-aldiro, gure eguneroko borroka txiki eta ez hain txikietan aurrera jarraitzeko indar gehixeago ematen dit; zelaiak eta etxeak eta San Tirsoko bideko hartxintxarrak, baina batez ere jendeak, astebete hartan eta gerora proiektu honen bueltan ezagutu dugun jende pixka bat bereziak. ■