Igartubeitiko dolarea, baserriari zukua ateratzen
Kirrinkaka jarriko da Ezkioko Igartubeiti baserria urriaren 8tik 18ra ospatuko den Sagardo Astean. Urtean behin ohi denez, XV. mendeko sistemako dolarea martxan jarriko dute.
Lehen baserri modernoen eredua da Ezkioko Igartubeiti dolare-baserria. XV. mendean eraikia, XVI.ean eta XVII.ean birmoldatu eta hazi zuten, eta azken laurehun urtean bere horretan mantendu ziren oinarrizko egiturak eta osagaiak. Sagardoa egiteko pentsatua eta antolatua da baserria, eta prentsa erraldoia du bihotza.
Habe-luzeko dolare eraikuntza handien loraldia XVI. mendean gertatu zen. Igartubeiti sagarra zapaltzeko eta zukua ateratzeko makina erraldoia da, eraiki zutenetik. Etxebizitza, nekazaritza-ustiategia, ukuilua eta sagardoa ontzeko upategia ere izan ditu, jarduera guztiak bateratuta.
Ganbararen erdian kokatutako dolarea da baserri-erakinaren elementu nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundiak 1993an erosi zuen, eta guztiz desmuntatu eta berreraiki zuten, antzinako prentsaren osagaiak birsortuta edo berreskuratuta. Habea da pieza ikusgarriena: 10 metro luze da, eta pats-askan pisoiarekin jota zanpatutako sagarra zabaltzen du. Berreraikuntzan, duela 30 bat urte egindako pieza da habea, Lapurdin ebakitako haritz handi baten enborrarekin egina.
Habearen ertz batean ardatza dauka, zurezkoa hori ere, eta torloju biren poderioz funtzionatzeko haria daukana. Ikerlan sakonaren birsorkuntza izan zen Igartubeitin gaur egun ikusgai eta erabilgarri dagoen dolarea.
Ardatz hariduna beheko solairuraino jaisten da. Han, torlojua estutzeko maratilaz gain, harrizko kontrapisu bat dauka. Hori ere berria aurkitu eta landu zuten, inguruko lur sail batetik ofita handi bat aterata. Ardatzaren ondoko etxe-horma da, hain justu, baserriaren parterik zaharrena, XV. mendekoa. Dolarearen neurriaren arabera eraiki zuten baserria, inguruan harrizko hormak altxatuta, eta lurretik teilatura pieza bakarreko zurezko zutoinetan eutsita.
Milakaren artean bakarra
Igartubetiko habe luzeko dolarea da, bere motakoen artean, Euskal Herrian gaur egun lanean ari den bakarra. Duela 400-500 urte, «milaka» ziren halako dolare-baserriak. «Tipologiari dagokionez [Igartubeitiko dolarea] ez da ohiz kanpoko elementu bat, nahiz orain baden. Gipuzkoa eta Bizkaiko lehenbiziko baserrietan makina hau bezalakoak milaka izango ziren, eta ehunka baserri dira oraindik ere horrelakoen aztarnak gordetzen dituztenak», idatzi zuen Alberto Santana historialari ikertzaileak.
Kirrinka eragiteko gai, ordea, Igartubeitikoa da bakarra. Urriaren 8tik 18ra, Sagardo Astean erakutsiko dute. ■