«Arrietako fritoak azkenekoz jan nahi dituen jendea dator»
Olaberriko Arrieta jatetxeak ateak itxiko ditu behin betiko urriaren 25ean. Familia bereko hiru belaunalditako hiru emakumeren bizibidea bukatuko da orduan. Jatetxearen arduradun Maria Arrieta amona, Mariajesus Kerejeta ama eta Mariaje Bastida alaba izan dira. Arrieta da Mariaje Bastida Kerejetaren (Olaberria, 1960) laugarren abizena. Olaberriko Arrieta jatetxearen ibilbidea hasi zuen Maria Arrieta amonaren abizena atzera samar geratu zaio, baina laugarren abizena izanagatik, beti lehenengo lerroan izan du, Bastidak bizitza osoa egin baitu, era batera edo bestera, Olaberriko Arrieta jatetxean. Dena den, familia bereko hiru belaunaldiren bizibide izan den jardunak laugarren belaunaldirik ez du izango. Urriaren 25ean itxiko ditu ateak Goierriko jatetxeko historikoak, 65 urte betetakoan erretiroa hartuko duelako Arrietako azken arduradunak.
Amona Mariak ibilbidea hasi, eta Mariajesus Kerejeta amak eta zuk zeuk jarraipena emanda gaur arte iraun du Olaberriko Arrieta jatetxeak.
Amona [Maria Arrieta] ezagutu nuen nik sukaldean. Amonak hasi zuen dena, berak egin zuen gaur egun Arrieta jatetxea den etxea. Beasaindik Olaberriara etorri zen amona, umeak txikiak zituela, eta Arrieta Enea etxearen aurrean, kaminoz bestalde zegoen Miravalles taberna errentan hartu zuen. Handik urte batzuetara, amonak bere anaiarekin Arrieta Enea egin zuen, jatetxe handiagoarekin. Bolatokia ere bazegoen, eta jende asko etortzen zen. Gero ezkontzekin hasi ziren. Baina txiki geratu zitzaien eta amonak, berak bakarrik, gaur egun Arrieta jatetxea dagoen terrenoa erosi eta etxea egin zuen. 1958a izango zen, urte bat gora edo behera.
Arrieta jatetxean emakumeena izan da ardura nagusia.
Guk Arrietan emakumeok egin dugu lan gehiena. Ama ere lanean aritu zen ni ezkondu arte. Aitonak amonari ere asko laguntzen zion. CAFen lan egiten zuen, eta ezkontzekin hasi zirenean bizikletarekin Zerainera joaten zen oilaskoak ekartzeko. Asko laguntzen zuen. Guri ere laguntzen ziguten senarrek. Seme-alabek ere asko lagundu didate, ikasten ari ziren bitartean. Bakoitzak bere ikasketak egin ditu eta orain beraien lanak dituzte. Nahiz eta orain arte tarteka laguntzera ere etorri diren.
Arrietako sukaldea izan al da zure sukaldari eskola?
Bai, nire amarekin ikasi dut dena. Bera izan da niretzako eredu.
Amona Mariaren zein oroitzapen duzu?
Umetan amonari laguntzen nion kroketak biltzen. Nire amak ezin zuen denarekin, eserita egiteko lanak amonari uzten zizkion. Fritoen masa, adibidez, eta nik laguntzen nion kroketak biltzen. Amonarekin oroimen hori daukat. Gero amarekin hasi nintzen. Aurrena laguntzen, ezkontza asko ematen genituen eta lan asko izaten zen: bazkaria zerbitzatu, musika 20:00ak arte egoten zen, eta tarte horretan tabernan kopak zerbitzatu behar ziren. Aurrena pixka bat sukaldean laguntzen nuen, gero zerbitzatu eta gero aitari barran laguntzen nion. Zerbitzariok egun batetik bestera muntatzen genuen jangela. Gogoratzen naiz, uztail batean, 23 ezkontza eman genituela. Ia egunero.
Astean zehar ere ezkontzak izaten ziren?
Bai, bai. Orduan ez ginen hainbeste jatetxe ezkontzak ematen genituenak. Jendea ere orain baino gehiago ezkontzen zen. Orain ohiturak aldatu egin dira, moldatu egin dira. Orain, momentu honetan, ezkontzako 50. urteurrenak errepikatzen ari naiz.
Pentsa zer esan nahi duen horrek!
Urte asko daramagula hemen! Ni 15 urterekin hasi nintzen.
Eguneroko menuarekin noiz hasi zineten?
Inguruan etxe batzuk egiten hasi zirenean hasi ginen eguneko menuak ematen. Geroz eta gehiago, geroz eta gehiago… menu pila bat ematen dugu. Baina gaur egun, langileak baino gehiago, jubilatu jendea etortzen da. Saiatu gara ondo ematen, prezio onean, eta jende asko etortzen da. Oso eskertuta gaude.
Pixkanaka behar berrietara egokituz joan zarete jatetxean, jangela handituz.
Pixkanaka jangela handituz joan gara. Kristalera ere berria da. Ezkontzetan ondo etorri zaigu musika jartzeko.
Bankete handientzako tokia izan da Arrietaren ezaugarrietako bat.
Enpresetako bazkariak urte bukaeran, jubilatuenak, garai batean jaunartzeak, bataioak… Larunbatean ezkontza eta igandean jaunartzeak edo bataioak izan genituen urte askotan. Familiako bazkariak, lehengusu bazkariak… Momentu bat iritsi zen ezkontzak jaitsi egin zirena. Ezkontzetan aldaketak ere hasi ziren: mahai borobilak eskatzen zituzten, baina jangela txikia zen horretarako… Ezkontzak uzten edo gutxitzen hasi ginen, eta asteburuko menua ematen hasi ginen. Larunbatetan lan asko egiten dugu asteburuko menuekin.
Gogoratzen al zara zein izan den eman duzuen bazkari handiena edo jendetsuena?
Idiazabalgo jubilatuekin bi jangelak betetzen genituen. Baina utzi egin behar izan genuen, jende gehiegi zelako. Momentu bat iritsita, ezin genuen. Langileak behar dira denei zerbitzatzeko, eta ezin genuen. Lazkaokoak ere etortzen ziren, baina ezin genuen.
Langileak bilatzeko zailtasun handia izaten al da?
Bai, oso zaila dago, eta horrek asko nekatu nau. Hogei urte nirekin lanean aritu diren langileak baditut, baina gehiago behar izaten dira eta azken urte hauetan kosta egin zaigu lanerako jendea bilatzea.
Merezitako jubilazioa eta merezitako atsedena iritsi zaizu.
Gogoarekin nago, eta beharra ere badaukat. Seme-alabek, bilobek eta nire amak ere nahi dute nik lana uztea eta lasai bizitzea.
Goierrik jatetxe historiko bat galduko du.
Jendea eskertzen ari zait, hemen emandako bazkariengatik. Gustura etorri da jendea hona. Bezero fidela izan dugu, itzultzen dena, eta hori da politena. Itxi behar dugulako ere jendea etortzen ari da, Arrieta jatetxeko fritoak azkenekoz jan nahi dituztenak.
Fritoak aipatu dituzu berriro. Behin baino gehiagotan atera den hitza da.
Bai, nire amonarengandik hasita, mantendu dugun zerbait izan da.
Aldaketa asko egin dituzue plateretan?
Guk tradizioa jarraitu dugu janarian. Ez gara gauza bereziagoak egiten sartu. Betiko sukaldaritza egiten dugu. Lehen Aste Santuan irekita edukitzen genuen, eta lan asko egiten genuen. Ostegun Santu egunean arkumea eta pikatxa izaten ziren. Ostiralean, bijilia zenez, bakailaoa, bakailao kroketak, arraina saltsan…
Gaur egun jendeak zer eskatzen du?
Jendeak gehien-gehiena astebukaeretan eskatzen digu fritoak, entsalada epela, arraina saltsan, legatza errebozatua, arraina handia erabiltzen dugu eta samur egiten dugu beti, arkumea enkarguz, sagar tarta, gazta tarta, ‘strudel’-a, pantxineta, flana, arroz esnea, natillak… Dena etxean egiten dugu.
Zeure etxean egiten al duzu sukaldean?
Bai, gustatu egiten zait etxerako egitea. Pandemian ere sekula baino gehiago egin nuen etxerako. Ez nintzen geldirik egon. Gustatu egiten zait.■
Bi norabideko esker ona
Ekainaren 23an, Olaberriko San Joan bezperako suaren ekitaldian, Arrieta jatetxeko lau belaunaldi elkartu ziren, herriaren esker ona jasotzeko. 92 urteko Mariajesus Kerejeta ama, Mariaje Bastida bera, Nerea alaba eta Uxue biloba. Argazkian ikus daitekeen zapia eman zieten opari, ‘Eskerrik asko herriari emandako guztiagatik’ esaldia brodatuta. Jatetxean bertan dute jarrita.
Arrieta jatetxea urriaren 25ean ixten dutenean, hurrengo egunean, urriaren 26an, alderantzizkoa izango da esker oneko ekitaldia. «Eskerrak eman nahi dizkiot herriari», nabarmendu du Mariaje Bastidak. «Ez omenaldiagatik bakarrik. Detaile bat eduki dute gurekin, baina nik herriari ere egin nahi diot beste bat. Nik herriari asko eman diot, baina herriak niri ere bai. Agur bat egingo dugu, urriaren 26an, igandean, luntx batekin».
Gonbidapen bereziak bidali ditu: «Batetik, gure bezeroei. Olaberriko gazteei ere esan nahi diet gonbidatuta daudela, ondo portatu direlako gurekin. Festa goian egiten da, baina gurekin akordatu egiten dira. Herriko jendeari ere bai, eta jubilatuei ere bai».