Dislegi elkartea, Goierrirako bidean
Dislegiko June Larreina, Arantxa Elgezabal, Carmen Anderson, Edurne Gonzalez eta Leire Maiz, Beasainen egindako bileran.
Dislexia duten haurren familiek osatutako Dislegi elkarteak delegazioa ireki nahi du Goierrin. Haur horiei eta familiei eskaintzen dieten orientazioa eta laguntza hemengo herrietara gerturatzea da helburua.
Urriaren 8a Dislexiaren Nazioarteko Eguna ospatu da, irakurketaren eta idazketaren trastorno horri buruzko kontzientzia zabaltzeko. Dislexiak mundu osoko populazioaren %10ari eragiten dio, jatorri neuro-biologikoa du, bizi guztirako da, eta herentziaz jasotzen da.
Irakurtzen eta idazten txikitan ikasten denez, haurrekin lotzen da batez ere, eta haurtzaroan detektatzen da. Gipuzkoan bada nahasmen hori duten haurren familiak biltzen dituen elkarte bat. Dislegi du izena, hamar urteko ibilbidea du, eta laguntza, orientazioa eta formakuntza eskaintzen diete behar duten familiei eta irakasleei.
Ataungo eskolan formakuntza saio horietako bat eman aurretik, berriki bilera egin dute elkarteko sortzaileetako bat den Carmen Andersonek, Arantxa Elgezabal orientatzaileak, June Larreina Pedagogia ikasleak eta Edurne Gonzalez eta Leire Maiz kideak. Gonzalez eta Maiz legazpiarrak dislexia duten haur banaren amak dira, eta Goierrin elkartearen delegazio bat zabaldu nahi dute.
Dislexiaz eta Dislegi elkarteaz, eta ematen dituen zerbitzuez eta gurasoen gorabeherez eta kezkez hitz egiteko baliatu zuten topaketa.
Gela bakoitzean bat
Arantxa Elgezabal, Dislegiko orientatzaile izateaz gain, logopeda da eta dislexiari buruzko formazioa ematen die irakasleei. Hori dela eta, gertu-gertutik ezagutzen du «gela bakoitzean gutxienez ikasle batek duen» trastorno hori. Dislexia zer den azaltzeko, elkartearen webgunean jasota duten definiziora jo du: «Jatorri neuro-biologikoa duen trastornoa da, eta irakurketa eta idazketa prozesuei eragiten die, batez ere diskriminazio fonologikoari, epe laburreko memoriari, deskodetzeari, sekuentziazio fonologikoari eta letren ezaugarrien pertzepzioari».
Funtsean, dislexia dutenek irakurtzeko eta idazteko zailtasunak dituzte. Ortografiarekin eta kalkulu aritmetikoarekin ere loturak dituzte zailtasun horiek, baita sekuentzien ulermenarekin ere. «Alferrak direla, nahi dutena bakarrik egiten dutela ondo, nahi dutenerako erne egoten direla, ulermen arazoak dituztela… esaten zaie askotan», eta dituzten zailtasunen ondoriozko emaitza akademiko txarra eskola porrotarekin lotzen da.
Baina «indarguneak» ere badituztela nabarmendu du Elgezabalek: «Sormen handikoak dira, eta Haur Hezkuntzan, adibidez, eraikuntza ikaragarriak egiten dituzte Lego jolasekin edo makilekin, istorioak asmatzeko eta ahoz kontatzeko oso trebeak dira, hiztegi aberatsa dute, marrazten ere oso onak dira, eta artearekin eta sormenarekin lotutako jardueretarako onak dira, orokorrean».
Haur Hezkuntzan, hain zuzen, nabaritzen dira lehen «seinaleak edo zantzuak». Elgezabalek azaldu duenez, «haur horiek ez dira inoiz hurbilduko liburuen txokoetara, eta libururen bat hartzen badute, marrazkiz beteta dagoena izango da; sekuentziak ez dituzte jarraitzen, eta hitz bat silabetan banatzeko txaloen bitartez egiten den ariketa, adibidez, ez dute jarraituko; olerkietako errimak ezin dituzte bereizi eta osatu; gauzak ahazten zaizkie, adibidez, mantala motxilan». Eta ingelesa ez zaie gustatzen.
Adi egon behar dela dio, baita somatizazioei ere: «Tripako eta buruko minak, ez daudela ondo, ez dutela eskolara joan nahi esanez hasten dira. Konturatzen hasita daude zerbait gertatzen zaiela, besteek ez dutela gauzak ikasteko arazorik, eta beraiek bai». Eskolan estutzen dituzte… eta etxean ere bai.
Detekzioaren garrantzia
Umeengan zantzu horietako batzuk antzematean jotzen dute familia askok Dislegira, baina ordurako hainbat «deskarte» eginda izaten dituzte, Edurne Gonzalezek eta Leire Maizek baieztatu dutenez. Dislexiaren diagnostikora iritsi aurretik, askok psikomotrizitate arazoak dituzte baztertuta, optometristarengana joan izan dira ikusmen gabeziaren bat ote duten, inteligentzia testak edo atentzio defizitaren testak ere eginak dituzte, edo arazo emozionalak ere planteatzen dituzte.
Dislexiaren diagnostikoa proba zehatz batzuen bidez egiten da, eta hori egiteko gehienetan zentro pribatuetara jo behar izaten dute. Ordurako haurrak normalean Lehen Hezkuntzan aurrera doaz.
Diagnostikoarekin ziklo berri bat hasten da. «Salbazioa da, eta orduan hasten zara haurrari laguntzen», diote bi amek. Izan ere, «umea ez da ulertua, egiten duen ahalegin guztia ez da ikusten, etxean ere ez duzu ulertzen; eta frustratu egiten da, baina gurasoak ere bai. Ez dakizu laguntzen, eta erru sentimenduak dituzu. Emozionalki gogorra da».
Orduan, «familiaren, logopeda edo psikopedagogoaren eta irakasleen arteko elkarlana» hasten da, Maizek azaldu duenez, eta elkarlan horren «garrantzia» azpimarratu du.
Plan pertsonalizatuak
Diagnostikoaren ondorengoa ere ez da erraza, baina horretarako behintzat Dislegi elkartearen laguntza badute gurasoek. «Elkarteak gurea bezalako familiei etxean eta eskolan dislexiarekin egiten dugun bidean laguntzen digu, eta ikusgarritasuna ematen dio trastorno hori», dio Gonzalezek. Besteak beste, orientabideak ematen dizkie familiei, eta formazioa irakasleei.
Eskolan, adibidez, Jarraipen Plan Pertsonalizatua egiten diote ikasleari, familiarekin lankidetzan, eta metodologia, material eta ebaluazio aldetik egokitzapenak egiten dizkiote. «Ez dira gauza zailak, baina zenbat laguntzen duten!». Azterketak beste modu batera egitea da adibide bat: «Umeentzat notak oso garrantzitsuak dira. Azterketetan, esate baterako, idaztea baino gehiago eskemak egitea eskatzen zaie, edo ahoz osatzea idazten duten apur hori. Txikienekin entzumena eta ukimena erabiltzen da gehiago». Azken batean, «ekiteko eta adierazteko modu desberdinak» eskaintzen zaizkie. Carmen Andersonen azpimarratu du JPP oso garrantzitsua dela, «ikasle horiek besteek bezala hezkuntzarako eskubidea dutelako, eta horrela, eskubide hori bermatu egiten zaielako».
Etxean umeei laguntzeko jarraibideak ere ematen dizkiete familiei Dilsegik; irakurle digitalen erabilera, adibidez.
Dislegi Goierrira
Gonzalezentzat eta Maizentzat elkarteak ematen duen laguntza oso garrantzitsua da, eta horregatik Goierrira hurbildu nahi dute, «eskualdean talde bat osatu, eta hemen ere ekintzak egiteko, guraso artean hitz egiteko, inpresioak elkar trukatzeko, formazioak egiteko».
Legazpin egin dute dagoeneko bilera bat, eta hori izan daiteke delegazio berriaren abiapuntua. ■
