«Nire lehentasuna familia da, biloben zaintzan laguntzen dut»
Joxepi Urdangarinek (Ataun, 1955) Orkli enpresan lan egin zuen. «Emakumeentzako lana falta zen eta kooperatiba bat sortzea erabaki zuten. Copreci ekarri zuten eta hortik Orkli sortu zen. Duela 51 urte hasi ginen. 18 urte nituen. Sekulako aukera eman ziguten. Hasieran 100 langile ginen, %90 emakumezkoak».
Zer zaletasun dituzu?
Mendira joatea gustatzen zait. Igandero ibilaldi bat egiten dugu. Gimnasia ere egiten dut eta kantatzea gustatzen zait. Kantu-poteo taldeko kidea naiz, baita jubilatuen elkarteko lehendakaria ere. Baina nire lehentasuna familia da, biloben zaintzan laguntzen dut.
Mendi bat?
Igo dudan altuena Mont Blanc da.
Pelikula edo telesail bat.
La vida es bella.
Liburu bat.
Ramon Palma lagunaren La sombra de la sospecha.
Musika talde bat edo abeslari bat.
Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Ken Zazpi, Izaro, ETS…
Abesti bat.
Mikel Laboaren Gaztetasuna eta zahartasuna eta ETSren Zurekin batera.
Oporretarako leku bat.
Dezente bidaiatu dugu. Europa nahiko ondo ezagutzen dugu, abuztuan Landetara joaten gara, neguan Kanarietara, Argentinan eta Kanadan ere izan gara…
Zer gosaltzen duzu?
Ura, kiwi bat, kafesnea eta ogia etxean egindako marmeladarekin.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Semeen jaiotze egunak.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Familia eder bat izatea.
Amets bat.
Urteak pasa ahala, orain gauden bezala gaudela ikustea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Igandean mendi buelta egitea eta ondoren ardo txuri bat eta pintxo bat hartzea.
Goierriko txoko bat.
Atxurbi.
Idiazabalen biziko ez bazina…
Idiazabal herri ederra da eta familia eta lagunak bertan ditut. ■