Bernardo Atxaga
Imanol Mercero Etxeberria • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Haur literaturari (HGL) egiten ari garen birpasa honetan, Asteasun jaiotako idazle handiaren txanda iritsi da. Gaur gaurkoz HGLko 44 liburu zenbatu dizkiot –ez da gutxi–, eta berauek bost multzotan aurkeztuko dizkizuet, dela kronologia kontuengatik, dela antzekotasunagatik.
Bere lehen ekarpenak Nikolasaren abenturak eta kalenturak, Ramuntxo detektibea eta Chuck Aranberri dentistarenean izan ziren, 1980-1982 artean argitaratuak. Fantasia handiko istorio barregarriak dira, ukitu “psikodeliko” batez hornituak, idazkera barroko xamarrean. Hirurak ere oso gomendagarriak dira, J.C. Egillorren ilustrazioekin jantziak, gainera.
Bigarren multzoa osatzen dute Siberiako trena bildumako lau ipuinek (1982-1984). Ipuin tradizional eta modernoen arteko konbinaketa topatzen dugu bertan, ahozkotik hurbil dagoen idazkera garbian. Ezin galduzko bilduma hau ere.
Hirugarren multzo bat “Obabakoak aroa” (1984-1985) deitzen dudanak osatzen du: Sugeak txoriari…, Bi letter… eta Bi anai, gure gizartearen iragana erretratatuz giza kondizioaren ezaugarriez hausnartzea proposatzen dutenak.
Xola eta Banbulo (1995-1998) txakurrekin osatutako bildumek, aldiz, narrazio psikologikoetara eramaten gaituzte, protagonisten barne hizketatik abiatuta josi dituen kontakizunak. Zer pentsatua ematen dute barne jarioaren erretratu sorta hauek.
Hirugarren eta laugarren multzoen artean gelditzen dira Behi euskaldun… eta Sara izeneko gizona, hausnarketa historikoa eta barne hizketa erabiltzen direlako.
Bosgarren eta azken multzo batean kokatu ditut enkarguzkoak diruditen obrak, hala nola Astakiloak bilduma multimedia, Zuk-zuk jaunaren alfabetoa, eta beste.
Atxagaren idazletza, aipatuko dut amaitzearren, herri hizkeraren eta idazketa jasoaren sinbiosia da, aberatsa, jasoa, eta teknika bikainekoa. ■