Goierriko Baratza eta Biziola, bat eginda

Goierriko Baratzako Danel Etxeberria eta Biziolako Nerea Elias, Lazkaoko Biziola dendan. / Xabier Otegi
Ordiziako Goierriko Baratza dendak eta Biziolak indarrak batu dituzte «Goierri burujabe baten bidean elkarrekin etorkizuna elikatzen jarraitzeko». Egindakoaren eta etorkizuneko asmoen berri eman dute.
Politikan, negozio munduan zein ingurumen gaietan arrastoa utzi duen kontzeptu bat dago Goierriko Baratza dendaren sorburuan: Think globally, act locally (Pentsatu globalki, jardun lokalki). Orain 20 urte denda zabaldu zutenean –2005eko irailaren 5ean–, Franciso Javier Masid Txisku-k (Beasain, 1964) eta Danel Etxeberriak (Itsasondo, 1970) argi zuten haien denda ez zela mugatuko elikagaiak saltzera, bestelako mundu bat lortzeko bidean haien alea jartzea ere beharrezko ikusten baitzuten.
Harrezkero bi hamarkada igaro dira, eta Ordiziako Goiherri kaleko elikagai ekologikoen dendak bizirik jarraitzen du. Bizirik eta eragile izaten, hasierako helburuekin bat eginez. 2022ko martxoaren 12an aurkeztu zuen bere burua Biziolak –Ekonomia eraldatzailean oinarritutako Goierriko proiektu kooperatiboa–, eta lehen egitekotzat elikadura burujabetzaren bidean urratsak egitea hartu zuen. Urtebete egiterako zabaldu zuen denda Lazkaoko fabrikan, 2023ko urtarrilaren 20an.
Ordizian 2019ko udazkenean egin ziren Goierriko Jardunaldi Ekologikoak eta gerora egindako dozenaka bilera, lan saio eta auzolan izan ziren Biziolaren ernamuina, eta sortze horretan oinarrietako bat izan da Goierriko Baratzak egindako lana.
Erreferentziazko proiektu hasieratik
Oporretatik bueltan, abuztuaren 29an, iragarri zuten sareetan Goierriko Baratzak eta Biziolak «indarrak batzen» zituztela. Danel Etxeberria bera eta Biziolako Nerea Eliasek (Ataun, 1980) eman zituzten azalpenak bideo labur baten bidez: «Goierriko Baratza erreferente bat izan da elikaduran, bertako produktuen gizarteratzean Goierrin. 20 urteko ibilbidea dauka eta Biziolarentzat hasiera-hasieratik erreferentziazko proiektu bat izan da, bai Biziolaren sustapen lan horretan elkarrekin aritu ginelako, eta baita ere haiek jarritako hazitik etorri garelako gu ere».
Etxeberriak Biziola sortze aurreko zalantza garaiak ekarri zituen gogora bere hitzartzean: «Hasierako zurrunbilo hartan ez genekien zehazki nola, non… Ideia asko zeuden mahaiaren gainean. Baina konturatzen gara Biziolako sarea gero eta handiagoa dela, arlo asko jorratzen dituena. Ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko eztabaida garrantzitsuak ematen dira, erabaki garrantzitsuak hartzen ari dira… Eskualdeari bultzada eman diezaiokeen proiektu bat da».
Bi proiektuen onurarako
Eliasek ikus-entzunezko berean zioen elkarrekiko behar bat bazutela, eta behar hori «zorrak kitatzea» zela. «Hasiera-hasieratik eduki dugu harremana, eta uste dut batura honek elikadura proiektuari bultzada bat ematen diola eskualdean, Biziolako komunitatea eta Goierriko Baratzaren komunitatea batzen dituela, eta bi proiektuei sendotasuna ematen diela».
Bai elikadura arloan– «eta bestelako lanetan ere bai noski»–, Etxeberriak «benetan sinisten» du aliantzetan eta indar batuketan. «Txisku eta biok hasi ginen, bai, baina urteak joan ahala ikusten genuen gaurkotze beharra geneukala. Ikusten genuen beste eskualde batzuetan ari zirela mugitzen eta elkartzen, baina nola egin ez genekien».
Biziolaren sortze garaitik «elkarrekin bat egitera kondenatutako bi proiektu» izan direla uste du Eliasek, baina garai hura ez zela momentua nabarmendu du: «Gu espazio berri batean sartuta, obra, auzolana, eta Goierriko Baratza bere erritmoetan… Aurreragorako uztea erabaki genuen».
Urtebeteko prozesua
Txiskuk Goierriko Baratzan «bere ibilbidea bukatutzat» eman zuenean, Eliasek dio «beste eszenatoki bat» zabaldu zitzaiela. «Hark bere zatia eskualdatu egin nahi zuen, etapa hori itxi nahi zuen. Gu orduantxe espazioa erosi berri genuen, finantza aldetik apustu handi bat eginda geunden, eta ez genuen Goierriko Baratza bere horretan erosteko gaitasunik. 6 urteko ordaintze prozesu bat adostu dugu».
Bi negozioek modu paraleloan lan egin duten denboran, hainbat bezero «ez eroso» egon direla aitortu dute biek ala biek, erosketak non egin ez zekitela, eta indarrak batzearekin lasaitua hartu dutela: «Guk ez dugu sekula konpetentzia terminoetan ikusi, baina jende batek eduki du bizipen subjektibo hori, oso zilegi dena», esan du Eliasek.
Urtebeteko prozesua egin dute bi eragileek, eta «erosketa aplazatuaz gain», beste erabakietako bat izan da Goierriko Baratzan aritzen diren bi langileak Biziolaren kudeaketapera pasa direla. «Hemendik aurrera kalitatezko denbora hartu beharko dugu eguneroko funtzionamenduari lotutako gaiak bateratzeko, eskaerak esaterako. Poliki-poliki, baina egingo dugu». ■
Goierriko Baratza, dendari eta eragile bi hamarkadaz
Goierriko Baratzak 10 urte egin zituenean, aldizkari honek erreportaje bat kaleratu zuen Txisku Masiden eta Danel Etxeberriarekin hitz eginda. Honela gogoratu zituen Masidek denda ireki aurreko garaiak: «Ondo pentsatutako eta aztertutako erabakia izan zen. Urtebete baino gehiago pasa genuen antzeko beste denda batzuk ikusten, azokak bisitatzen, harremanak egiten. Urrats handia izan zen garai hartan elikagai ekologikoak saltzeko denda bat zabaltzea, ordura arte belardendak bakarrik baitzeuden».
Bai produktu ekologikoak, bai baserriko produktuak, azoketan soilik saltzen zirela jabetuak zeuden, eta «hutsune» hori betetzeko ideia buruan bueltaka zerabilten. «Garai hartan ekoizleari erosten zenion zuzenean, ala ferietan erosten zenuen. Ikusten genuen horrelako zerbitzu bat falta zela Goierrin», adierazi zuen Etxeberriak hamargarren urteurrenean.
Gaur egun bietako inor ez dabil dendaren egunerokoa kudeatzen, baina haiek landatutako hazitik sortutako egitasmoak lur bizigarrietan dabiltza.