Pagadiak
Pagadiak baso garrantzitsuak dira Gipuzkoan; izan ere, berez, 600-700 m-tik gorako lur guztietan izan behar lukete nagusi, lurraldearen hegoaldeko magal eguzkitsuenetan izan ezik. Klima epeleko tenperatura freskoak dituzte gustuko; lurzoruarekiko eta maldarekiko independenteak dira, eta prezipitazio ugariko lekuak behar dituzte. Pagadiek urte osoan behar dute hezetasuna, baina hezetasun hori maiz ez da euritik etortzen, behe-lainotik baizik. Lainoak dakarren ura hostoetan, enborretan eta orbelean kondentsatzen da, eta, tantak lurrera erortzean, lurra hezetu egiten da. Prozesu hori bereziki garrantzitsua da udan, estres hidrikoa lasaitzen laguntzen duelako.
Pagadiak tamaina handiko eta adaburu zabaleko pagoz (Fagus sylvatica) osatuta daude nagusiki. Zuhaitzek itzal handia ematen dute, eta zorua orbelez estalia egoten da beti. Itzala hain izaten da handia, oihanpean ezer gutxi hazten baita, eta, hori dela eta, erraz ibiltzeko moduko basoak izaten dira.
Gipuzkoan bi pagadi mota daude: lurzoru txiroetakoak eta lurzoru aberatsetakoak. Bien arteko aldea lurzoruan eta, horrenbestez, oihanpeko landaredian dago.
Lurzoru txiroetako pagadiak
Lurzoru txiroetako pagadieetan oso zuhaixka gutxi izaten da, ia belarrik ez da sortzen, txilarrak (Calluna, Erica, Daboecia), ahabiak (Vaccinium myrtillus), eta udaberrian, baso-anemona (Anemone nemorosa) batzuk atera daitezke.
Lurzoru txiroetako pagadia deuseztatzen bada, belardiak sortzen dira. Belardiak ustiatuta, artzaintzarako eta abeltzaintzarako larreak sortu dira. Inguruko baldintzen arabera, hainbat larre mota sor daitezke, betiere espezieetan aberatsak direnak. Larreak ustiatzeari utzi eta berehala, halako eremuek pagadirako bidea hartzen dute. Pixkanaka, zuhaitz-espezieak agertzen dira, eta urteekin, pagoa gailentzen da.
Lurzoru aberatsetako pagadiak
Lurzoru aberatsetako pagadietan belar-geruza sortzen da, kareharria bistan izaten idra eta garatxo-belarra (Daphne laureola) edota zuhamuxka gutxi batzuk hazten dira.
Lurzoru aberatsetako pagadiak suntsitzean, txiroetan bezala, belardiak sortzen dira, eta hainbat motatakoak izan daitezke. Larratzeari uzten bazaio, kasu honetan ere, habitatak pagadiranzko bilakaera hasten du.
Pagadiak egurra lortzeko erabili izan dira azken mendeetan; adibidez, eraikuntzarako, ikazkintzarako eta itsasontzigintzarako. Pagadiak botata, larre ugari ere sortu dira abeltzaintza estentsiborako; Aizkorri, Aralar, Altzania… Gaur egun, larreak gutxi-asko mantentzen ditugu, baina pagadi izandako asko espezie exotikoen landaketak dira gaur egun. ■
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.