Plastikozko garaiak
Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Kulturalki galduta gaudela iruditzen zait. Ez diot kultura hitzaren zentzu erabilienean; ez dakit antzerki-bonoa lehen baino jende gehiagok ala gutxiagok daukan. Gauzak ulertu eta egiteko moduez ari naiz, ulermen marko konpartituez. Ekintzek dutela hitza entzunez hazi ginen, denak ez duela balio kantatuz. Ahaztu zaigu nonbait.
Iruñean 50.000 lagun bildu ginen palestinar erresistentziaren alde eta Israelen eta bere kolaboratzaileen aurka. Jendetza, eta tartean, Txibite, Nafarroako lehendakaria. Bi egun lehenago ere izan zen bere alderdikiderik herrietako mobilizazioetan. Andy Warholi eta Unidad Alavesari entzun genien plastikozko garaiak direla gureak, hitz politen eta ekintza ustelen urteak. Oroitzen dugun sarraskirik handiena daukagu muturren aurrean, eta basakeria horretan inplikazio zuzena duen alderdi bateko agintari nagusietako bat lasai-lasai joaten da bi estatuen fartsaren aurkako eta palestinar erresistentziaren aldeko manifara.
Zentzuak zentzu komunari lekua kentzea behar dugu. Arrazionaltasuna banderatzat hartzea. Ulertzea NATO babestea eta Palestinaren alde egotea bateraezinak direla, Jerusalengo tranbia egitea onartu duen zuzendaritza batek Palestinaren alde ezer egitea ezinezkoa den bezalaxe. Ez dakit zer maitasun propio klaserekin aldarrikatzen dugun kritikotasuna, gero ez bazaigu barruan zerbait puskatzen manifa horietan ordezkari sozialistak ikusitakoan.
Plastikozko garaiarekin hautsiko duen kultura berri bat behar dugu, kritikoa izango dena, inplikatua, kontsekuentea, denak ez lukeelako balio behar. Denak balio ez izatea delako edozer ez gertatzeko berme bakarra. ■