«Euskararen erabilera egokia egiteko ahalegina egin beharko genuke»
Izatez hondurastarra den arren, Ariel Martinez (Honduras, 2006) dagoeneko jaioterrian bezala sentitzen da Euskal Herrian. Urtebete eskas darama Ataunen bizitzen, eta iritsi bezain pronto erabaki zuen euskara ikasi nahi zuela. Maizpide euskaltegian ibili da bederatzi hilabetean, eta orain C1 titulua eskuratzea du helburu. Euskal Herrira etorri zenetik, euskal kulturak «liluratuta» dauka Martinez. Orain, gainera, hitanoa ikastera animatu da.
Noiz eta zergatik etorri zinen Euskal Herrira?
Iaz etorri nintzen Euskal Herrira, amarekin. Zer ikasi nahi nuen erabakita, hona etortzeko aukera suertatu zitzaigun, eta aukera horri heltzea pentsatu genuen.
Zerk bultzatu zaitu euskara ikastera?
Nire aitaordeak bultzatu nau gehienbat. Etxean berarekin hasi nintzen euskara erabiltzen, eta ikasten jarraitzeko, Maizpidera joatea erabaki nuen.
Zergatik aukeratu duzu Maizpide?
Nire aitaren lehengusina Amaiak eman zidan Maizpideren berri, eta kontatu zidana asko gustatu zitzaidan.
Euskara ikasteaz gain, euskal kulturaz ere ikasi duzu. Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Hemengo kultura bere osotasunean gustatzen zaidala esango nuke: bertako janaria, pertsonak eta batez ere hizkuntza, euskara. Horiez gain, euskal dantzak azpimarratuko nituzke. Maizpiden aukera izan dut dantza batzuk ikasteko, eta ikaragarri gustatu zait esperientzia.
Zein dira Hondurasen eta Euskal Herriaren artean antzeman dituzun desberdintasun nagusiak?
Oso desberdina da bi herrialdeetako bizimodua. Hala ere, hemengo jendearen gertutasunak etxean bezala sentiarazi nau. Jada ez zaizkit hain desberdinak iruditzen herrialde bateko zein besteko bizi ohiturak.
Euskal Herrira etorri berritan, zailtasunik izan zenuen?
Egia esan, hasieratik uste baino errazagoa izan da dena. Hona etorri nintzenean, nire kezka nagusia komunikazioa zen. Euskaraz ez nekienez, ezin nuen jendearekin bertako hizkuntzan hitz egin, eta hori izan zen euskara ikastera bultzatu ninduen beste arrazoietako bat.
Zein dituzu hemendik aurrerako helburuak, euskarari dagokionez?
C1 titulua atera nahiko nuke, eta hortik aurrera, egunerokoan euskaraz bizitzea da nire helburua. Orain, gainera, hitanoa ikasten ere hasi naiz Ataunen.
Ba al da bereziki harritzen zaituen zerbait Euskal Herrian?
Leku batzuetan dagoen euskararen erabilera apala deigarria iruditu zait. Nahiz eta jendeak badakien euskaraz, ez du hitz egiten. Bestetik, gazteek asko jotzen dute gaztelaniazko esamoldeetara, eta uste dut euskararen erabilera egokia egiteko ahalegina egin beharko genukeela. Euskaltegietatik eta instituzio desberdinetatik kanpo ere euskara modu jatorrean erabiltzea garrantzitsua dela iruditzen zait. ■