«Barrendiolako errekatxoan hankak sartzeko ohitura dut, neguan ere bai»
Idoia Lasa Romerok (Legazpi, 1971) sukaldaritza ikasi zuen, baina zoologia, filosofia, fisika eta kimika ere gustuko zituela dio. Ondoren, sukaldaritza makrobiotiko ikasketak egin zituen Suitzan, eta sukaldaritza sendagarri ikastaroak ere egin ditu. Jatetxe eta jangela askotan lan egindakoa da legazpiarra.
Zer zaletasun dituzu?
Musika, irakurtzea eta kirola. Gimnasioa, bizikleta, mendia, ipar ibilketa, igeriketa… Umetan futbolean jokatzen nuen, mutikoekin. Ilintxak ez zuen nesken talderik eta ez zidaten mutilekin jokatzen utzi. Futbol-7 txapelketan parte hartu izan dut. Olerkiak idaztea eta irakurtzea eta dantza egitea ere asko gustatzen zait.
Zein instrumentu jotzen dituzu?
Saxofoia eta gitarra pixka bat. Abestea ere gustuko dut. Musikak salbatu nau. Bardulians eta Latido taldeetan jo dut, beti Mikel Egañarekin eta Oscar Abadekin. Horretaz gain, 2008tik Santikutz abesbatzan abesten dut.
Pelikula edo telesail bat.
Duela gutxi La novia ikusi nuen. Gizakion barrenak erakusten dizkigutenak gustatzen zaizkit.
Liburu bat.
Soltar lastre liburua irakurtzen ari naiz. Jesulagun gazte batek idatzi du eta oso egokia da gazteentzat. Askotan lasta botatzea gomendatzen digute, baina lasta pixka bat beharrezkoa da heldulekua izateko.
Musika talde bat.
Flamin Groovies.
Abesti bat.
Soula eta bluesa asko gustatzen zaizkit. Julie Driscoll, Brian Auger & The Trinity-ren diskoa, adibidez.
Oporretarako leku bat.
Denak.
Zer gosaltzen duzu?
Olo ahia, sagarrarekin eta kanelarekin eta te beltza.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Asko ditut. Hautsi eta nire miseria guztiaz jabetu nintzen eguna gogorra izan zen, baina onerako izan zen.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Bizitza.
Bizitzako plazer txiki bat.
Margotzea, solasaldi lasai eta abegitsuak izatea…
Goierriko txoko bat.
Barrendiola. Bertako errekatxoan hankak sartzeko ohitura dut. Baita neguan ere.
Legazpin biziko ez bazina…
Izpirituak hautatutako edozein tokitan. Hiri batean, ez. ■