Bengoetxe baserria, teoriaren berrespena
Olaberriko Bengoetxe edo Bengoetxetxiki baserriak, oraingoz katalogatutako Gipuzkoako baserri zaharrena izatearen ohorea edukitzeaz gain, euskal baserrien XV. mendeko eredua eta funtzionalitatea berresten du. Dolarea izan zen, eta harrigarriki errepikatzen ditu Igartubeitiren egitura, itxura eta barne-banaketa. Itxuraldatuta dago gaur egun Bengoetxe, eta jatorrizko eraikinaren erdia bakarrik mantentzen da, aurretik begiratuta eskuin aldekoa. 1965 inguruan, etxebizitza modernoa eraiki zuten beste alderdian, orubearen barruan baina etxearen erdia galarazita.
Gaztainondoaren zurarekin egina dago jatorrizko Bengoetxe, nahiz eta normalean haritza erabili ohi zen. Egituraren zutoinak, habeak eta barruko itxiturak lehengoak dira guztiak, horiek ere gaztainazkoak. Behetik teilaturainoko pieza bakarrekoak dira zutoinak, baita teilatuan erditik izkinara doazen gapirio luzeak ere –lau geratzen dira zaharrak–. Etxaurreko oholeria aldatu egin zuten, okertuta eta mugituta zegoelako, eta haritzezko oholez estali zuten.
Duela urte batzuk zaharberritze lanak egin zituzten, eta alderdi zaharrean hartutako egur laginen analisiak eman du Bengoetxetxikiren adina: 1401ekoa da, dendrokronologiaren arabera. Eta egurrek ez daukate pipiak jotzeko arriskurik, harria baino gogorragoak baitira: txerritegi eremuan zoruaren kontra hondatuta zegoen oinarriko zutoin zati bat aldatzeko, bidiazko katea jarri behar izan zioten motozerrari, normala guritu egiten zelako. Haize bortitzenetan ere, oholik ere ez zaio mugitzen.
Barrura sartzea, denboran 600 urte atzera egitea da. Dolarea zeneko aska eta zutikako pieza bereziak bertan daude oraindik, goiko solairuan eta eraikinaren erdi-erdian kokatuta –Igartubeitin bezalaxe–. Gaur egun erdia bakarrik dago, etxe modernoaren erdibitzaileraino; beste hainbeste zen lehenago. Bengoetxetxikiko oraingo bizilagunek umetan ezagutu zuten dolarea –eta baserri zaharra– osorik, nahiz eta ordurako dolarea ez zegoen martxan. Prentsa-lana egiteko palanka horizontala desagertuta dago. Zorua, aldiz, originala dauka solairuak.
Igartubeitiren berdina
Behean zeukan sukaldea Bengoetxetxikik, Igartubeitin orain ikus daitekeen kokagune berberean. Tximiniarik ez zeukan, eta su baxuko kea goiko solairuko maila altxatu baten zirrikitutik gora ateratzen zen. Sutokiaren ondoko pareta ere bitxia du: ez da harrizkoa, burdinolako zepa edo eskoria errez egindakoa baizik, adreilu errefraktarioen aitzindari. Ukuilua ere behean zegoen.
Ezkioko baserri-museoarekin antzekotasunak ez dira hor amaitzen. Ataria portxe erakoa dauka, eta goiko solairuaren aurrealdea –oholtzarekin itxitakoa– hutsaren gainean zegoen, beraz. Igartubeitin bezala, beheko oineko etxe buelta harrizko hormez bildua dauka, eta goialdeko guztia egurrezkoa da. Lehen-lehenago bi etxebizitza zeuden Bengoetxetxikin.
XV. mendeko eraikuntzaren eredu bikaina da, oraindik ere. Habeak eta zutabeak egur-zirien bitartez daude josiak, ez altzairuzko iltzeekin. Garai bateko logela-estantzia txikia ere badago goian, gaztaina-sestraka adarrekin sarea egin, eta karezko morteroz sendotutako hormekin. Kristala erabiltzen hasi aurreko leihoak daude, erdian leihatilatxo mugikor batekin. Sagardoa dolareko zulotik beheko upategira erortzen zen pare-parean, harrizko ontzi edo kubeta lodi bat aurkitu zuten berritze lanetan, lurrean hormigoipean ezkutatuta. ■
Baserriaren ereintzan sakontzen


