«Eibarren oso gustura nago eta ilusioz beteta»
Ane Etxezarreta (Beasain, 1995) atzelari beasaindarra Eibar taldearen defentsarako errefortzu berria da, 2027ko ekainera arte sinatu eta gero. Realean hamar urteko aroa bukatu du. Etxezarreta Beasaingo kaleetan hasi zen baloia jotzen. Haurtzarotik kirolzale amorratua da, eta futbola bihurtu zen bere pasiorik handien. Ibilbide oparo baten ostean, orain Eibarren ari da jokatzen. Aurretik, hamar urte igaro zituen Realean, 2015etik 2024ra, 200 partida baino gehiago jokatu eta une historiko batean parte hartuta: 2019an Espainiako Kopa irabazi zuten Granadan, nesken taldearen historian lehenengoz. Orain, beste etapa bat hasi du armaginekin, esperientzia eta ilusioa uztartuz.
Nola oroitzen dituzu futboleko hasierak?
Oso oroitzapen politak ditut. Beasainen izan nuen futbolarekin lehen kontaktua eta oso azkar harrapatu ninduen. Beti izan naiz kirolzalea, edozein kirol probatzen nuen: korrika, saskibaloia, edo mendira joatea, baina futbola izan da beti niretzat bereziena. Beasainen talde giro bikaina zegoen, oso gertukoa, eta horrek asko lagundu zidan jarraitzeko gogoan.
Oso polita da atzera begiratzea eta konturatzea hor hasi zela guztia, modu naturalean, presiorik gabe. Orduan ez nuen pentsatzen futbolean hain urrun iritsiko nintzenik, baina egiten nuena gustatzen zitzaidan eta hori izan da nire motibazio nagusia beti.
Beasaindik Oiartzunera egin zenuen jauzia. Nolakoa izan zen aldaketa?
2013an iritsi nintzen Oiartzunera eta niretzat jauzi handia izan zen, bai maila teknikoan, bai pertsonalean. Bigarren mailan bi urte jokatu nituen bertan, eta oso urte politak izan ziren. Talde gaztea ginen baina oso gogotsua, eta bitan jokatu genuen igoerako fasea. Bigarrenean gainera, lortu genuen lehen mailara igotzea, eta hori bizipen ahaztezina izan zen.
Oiartzunen jende zoragarria ezagutu nuen, eta horietako askorekin oraindik harremana dut. Futbolaz gain, balio asko ikasi nituen: talde lana, ahaleginaren garrantzia eta ilusioaren indarra. Uste dut garai hark prestatu ninduela gero etorriko zen guztirako.
2015ean Realera iritsi zinen. Nolakoa izan da esperientzia?
2015ean sinatu nuen Realean, eta aurtengo denboraldira arte han ibili naiz. Hamar urte dira, eta esan daiteke nire bizitzaren zatirik handiena bertan eman dudala. Taldearen eta klubaren bilakaera ikusi dut lehen eskutik.
Oso garai polita izan da, gora eta behera guztiekin. Futbolari bezala asko hazi naiz, baina baita pertsona bezala ere. Lagun bikainak egin ditut, eta orain atzera begiratzean, harrotasun handia sentitzen dut, taldearen historiaren zatitxo batean egon izanagatik.
Zein une nabarmenduko zenituzke zure ibilbidean?
Garrantzitsuena esatea zaila da, baina politena oso argi dut: Erreginaren Kopa irabazi genuen eguna, 2019an, Granadan. Egun hori ez dut ahaztuko inoiz. Partidaren aurreko astea bera berezia izan zen: emozioz beteriko entrenamenduak, giro zoragarria, jendearen babesa… eta partida eguna, noski, sekulakoa.
Garaipena lortu genuenean dena izan zen emozio hutsa: negar, barreak, besarkadak, eta batez ere, ilusioa. Zerbait historikoa lortu genuela jakiteak harrotasun handia eman zigun. Gainera, garaipen hori Realarentzat ez ezik, euskal futbolarentzat ere sinbolikoa izan zen. Ordura arte emakumeen futbolak ez zuen izan horrelako oihartzunik.
Emakumeen futbolaren bilakaera barrutik bizi izan duzu. Zer aldatu da urte hauetan?
Asko, benetan. Nire lehen urteetan baldintzak xumeagoak ziren: zelaiak, bidaiak, ordutegiak… Orain profesionaltasun handiagoa dago eta jokalariok gehiago zainduak sentitzen gara. Baina egia da, gaurko begiradatik, oraindik badela bide luzea egiteko.
Espainiako selekzioak Mundiala irabazi zuenean, pentsatu genuen horrek ligan ere beste maila bat ekarriko zuela, baina oraindik ez gara puntu horretara iritsi. Klub batzuetan oso gauza onak egiten ari dira, baina ez da orokortu. Profesionaltasuna ez litzateke aukera bat izan behar, eskubide bat baizik.
Gizonen futbolarekin alderatuta, non dago desoreka nabarmenena?
Oso erraza da ikustea: haiek ez dute inoiz zelai artifizialetan entrenatzen, guk bai. Gorputzak hori nabaritu egiten du, eta lesio arrisku handiagoa dago.
Ikusgarritasuna ere oso desberdina da. Gure partidak ez dira beti ordu edo leku egokietan jokatzen, eta hori ere faktore bat da. Eta azkenean, eskaerak egiten ditugunean, ez dugu erantzun bera jasotzen. Oso modu ezberdinean tratatzen dira gauzak, eta horrek erakusten du oraindik berdintasunetik urrun gaudela.
Zein dira zure ustez parekidetasuna lortzeko gakoak?
Uste dut gauza sinpleetan dagoela gakoa: zelai naturaletan entrenatzea, jangela zerbitzua bermatzea, bidaietan logistikoki hobeto antolatzea… Horiek guztiak oinarrizko kontuak dira, baina askotan ez dira betetzen.
Aurten Eibarrekin fitxatu duzu. Zer moduz ari zara moldatzen?
Oso pozik nago. Aurreiritzi oso onak nituen Eibarri buruz eta egia esan, ez naiz batere desengainatu. Klub txikia da, baina oso gertukoa eta antolamendu onez dabil. Lehen egunetik oso ongi hartu naute, bai taldeko kideek, bai langileek. Giroa osasuntsua da, eta horrek asko laguntzen du egunerokoan gustura aritzeko.
Aldaketa handia izan da, bai, baina esperientzia berri honek ilusio berezia piztu dit. Beste rol batean nago orain, esperientzia gehiago dut, eta horrek ardura eta lidergo kutsua ere ekartzen du. Horretaz ere disfrutatzen ari naiz.
Zer da gehien baloratzen duzuna talde batean?
Lehen Mailan kirol maila oso garrantzitsua da, hori argi dago, baina niretzat gakoa konpromisoa da. Talde batean guztiek norabide berean egin behar dute lan. Ez da nahikoa onak izatea, taldearen dinamika eraikitzea beharrezkoa da. Giro osasuntsua izatea, elkarri laguntzea eta denek helburu bera izatea. Horrek egiten du talde bat benetan sendo.
Aurrera begira, zein erronka duzu?
Momentu honetan helburu nagusia da Eibar Lehen Mailan mantentzea. Lehen denboraldia izanik, erronka handia da, baina konfiantza handia daukagu taldean. Nik pertsonalki ere hori dut buruan: egunero hobetzen saiatzea eta taldeari ahalik eta gehien laguntzea. Gainera, orain futbolaz gozatzea ere. Askotan, presioak edo erritmoak ez digu uzten uneaz gozatzen, eta nik orain hori zaindu nahi dut. ■