Bizikletak
Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Bizikleta hainbat libururen ibilgailu eta baliabide sinbolikoa dugu: Juan Martin Elexpuruk Karibera eraman gintuen Kuba triste dago bidaia liburuan, edo Burkina Fasora Jon Arretxek Tubabu obrarekin. Ander Izagirrek txirrindularitzaren eta, bereziki, Frantziako Tour-aren gazi-gozoak kontatu zizkigun Beruna patrikan liburu zoragarrian. Baina kazetariak bizikletari buruzko pasadizo gehiago ere jasoak ditu.
Bidaiari donostiarrak kontatu zigun, esate baterako, 1994an Adrien Niyonshuti-k Ruandako genozidioa nozitu zuela, eta zoritxarrez familia gehiena galdu zuela hutu eta tutsien arteko borroketan. Hamasei urterekin, osabaren bizikleta xaharra lagun korritu zuen Ruandako Tourra, eta 2010ean, lasterketa batean olinpiadetarako plaza bat lortzekotan zela, hara non katea hautsi zitzaion… Baina handik gutxira Gasore Hategeka lehiakidea etorri zen eta Adrieni bere bizikleta utzi zion lasterketa bukatu zezan: liskar odoltsuen ondotik, sinestezina zen hutu batek tutsi bati bizikleta uztea!!!
Dominarik irabazi ez zuen arren, harrezkero Adrien Niyonshutik Rio eta Londresko olinpiadetan ere parte hartu zuen eta haren jarrera eredugarria gogoan dute askok eta askok. Ruandarrak Adrien Niyonshuti Cycling Academy delakoa sortu zuen eta Beningo hautatzailea dugu gaur egun.
«Bizikleta gai da afrikar askoren bizitzak aldatzeko», dio Adrienek, eta ez zaio arrazoia falta. 2021ean, Goierri Eskolako hamabi ikaslek Senegalgo Aziz mutikoarentzako bizikleta bat diseinatu eta gauzatu zuten, eskolara arteko hamar kilometroak egin zitzan: «Azizek sortzetiko malformazio bat du hanketan, eta mugitzeko gaitasuna badaukan arren, ez du zutik jartzeko adina indar. Esku baten gainean sostengatzen da ibiltzeko, eta pikotxean mugitzen da. Beraz, eskuak erabiliz mugiarazten ditu bizikletako gurpilak». Baina opari preziatuarekin batera, edukiontzi batean, Goierritik bizikleta gehiago, ordenagailuak eta medikuntzako materiala bidali zuten.
Benetan, bizikleta gai da afrikar askoren bizitzak aldatzeko, baina gureak ere bai, eta hala geratu zen frogatuta Espainiako Vueltak Izaban edo Bilbon izan zituen helmugetan, azken batean horixe baitugu helburu eta helmuga, bidegabekeriei eta injustiziei aurre egitea, etorkizunerantz bizikletaz abiatzea. ■