Errumania, Portugal eta azkenerako Gabiria
Hemezortzi urterekin Errumaniatik alde egin eta toki asko izan ditu bizitoki Ana Bilizi errumaniar gabiriarrak. Hogeita bost urte daramatza etxetik kanpo, baina duela hamasei urte iritsi ziren Goierrira. Lau urte osatzera doa Gabirian, eta ziur da inoiz amestu duen tokirik ederrenean eta atseginenean bizi dela.
Errumaniako Lugos hirian jaio zen Ana Bilizi, baina hamasei urte daramatza Goierrin. Hemezortzi urte zituela senarrarekin batera –garai hartako bikotekidea– Portugalera joan zen bizitzera. Han ezkondu ziren, eta lehen bi seme-alabak izan zituzten: Alex eta Jessica. Zazpi urte igaro zituzten Portugalen bizitzen, baina 2007an Euskal Herrira etortzea erabaki zuten. «Gogorra» suertatu zitzaien, berriro ere hutsetik hasi beharra izan baitzuten. Hala, urtebete geroago, Portugalera itzuli ziren, eta han beste bi urte igaro ondoren, behin betiko Euskal Herrira etortzea erabaki zuten, 2009an.
Senarrak aspaldiko lagun bat zuen Goierrin, eta haren bidez lortu zuten eskualdera etortzea. Bizimodu hobearen bila etorri zirela aitortu du: «Euskal Herrian Portugalen baino hobeto irabazten da eta bizi-kalitatea ere hobea da». Senarra lekualdatu zen aurrena, eta Euskal Herrian geratzea erabaki zutenean mugitu ziren Bilizi eta bi seme-alabak. Ordutik hemen bizi dira; aurrena Zaldibian, gero Ordizian eta duela lau urtetik Gabirian.
Goierrira etorri zen aurreneko momentuan maitemindu zela azaldu du: «Hemen senti daitekeen lasaitasuna sentitu eta jende atsegina zegoela konturatu nintzenean jakin nuen etxe bihur zitekeela Goierri niretzat». Asko estimatzen du egungo bizitokia, Gabiria. Eta berretsi du inoiz bizitzeko aurki zezaketen toki onena dela: «Beti amestu dugun bizimodua dugu hemen: gure oiloekin, gure txakurrarekin, gure baratzearekin, gure seme-alabekin… Oso maite dut dena».
Duela hamar urte, gainera, senarra lanagatik Parisen zela, familia handitu zuten, etxeko txikiena jaio baitzen. Hirugarrena, alaba: Miriam. Garai hartan, Bilizi Euskal Herrian bizi zen, baina hirugarrena etorri zenean, Paristik itzuli zen senarra, Bilizik ez baitzuen bizimodua berriro aldatu eta hara bizitzera joan nahi. Hala, 2018an, senarrak Vasile eraikuntza-enpresa sortu zuen Ordizian, eta berehala egonkortu ziren.
Komunitatean integratuz
Garbiketa sektorean lan egin izan du beti, eta gaur egun ere horretan dihardu. Etxeko lanak ere bere gain hartu behar izaten ditu, eta denbora faltagatik, ezin izaten du nahi besteko bizimodua egin herrian. Hala ere, noizean behin ateratzen denean, herriko jendeak «babesa eta gertutasuna» eskaintzen dizkiela berretsi du.
Azkenaldian, gainera, eskolako gurasoen kuadrillan murgilduta dabil, eta euskara ez jakin arren, herritarrek momentu oro eskaintzen dioten laguntza azpimarratu du: «Bilerak euskaraz egiten dira, baina itzulpenak egin eta azalpenak ematen dizkidate etengabe. Oso eskertuta nago, eta gutxika-gutxika gero eta gehiago ulertzen ari naiz».
Euskarara hurbilpena
Bilizik beti izan du euskararekiko interes berezia, eta seme-alabak txikiagoak zirenean, Ordizian hasi zen euskara klaseak jasotzen. Lan-ordutegiek, baina, ez zioten askorik laguntzen: sarritan berandu heltzen zen eskoletara, eta bukatu aurretik irten behar izaten zuen seme-alabak jasotzera joateko. Denbora ezak, azkenean, ikasketak bertan behera uztera eraman zuen. Hala ere, seme-alabek ezin hobe dominatzen dute euskara eta nabarmendu du bera ere saiatzen dela zerbait ulertzen: «Zertxobait badakit, elkarrizketa mantentzeko ez naiz gai, baina gauza asko ulertzen ditut».
Etorkizunari begira, bizi erritmoa aldatzeko asmoa du. Izan ere, urte askoan «gogor» lan egin ondoren, orain seme-alaba zaharrenak lanean ari dira, eta beraz, lan orduak gutxitzeko aukera ematen dio horrek berari: «Bizitzaz gehiago gozatzen hasi nahi dut». Hori dela eta, euskara eskolak berrartzeko asmoa dauka. «Azken batean, hemen bizi naiz, eta hemen denek euskaraz hitz egiten dute. Orain arte ez dut harreman esturik izan jendearekin eta ez dut hainbeste behar izan, baina gaur egun bilerak euskaraz egiten ditugunez, ikastea ezinbestekoa da niretzat», dio konbentzimenduz.
Sorterriarekiko lotura
Euskal Herrian egindako bizitzarekin oso gustura egon arren, Bilizirentzat badago hutsune bat ezinbestean sumatzen duena: familia. «Gurasoak eta familia dira faltan ditudan bakarrak. Gainerako guztia badaukat», azaldu du. Hasieran, egoera ekonomiko zaila zutelako, hiru urtean behin joaten ziren Portugaletik Errumaniara. Euskal Herrira etorri zirenean, bidaiak ugaritu eta behintzat urtean behin joaten ahalegintzen ziren, eta gaur egun, berriz, ahal duten guztietan egiten dituzte: Gabonetan, Aste Santuan edo udan.
Aurten, adibidez, bi aste igaro dituzte, udan. Seme-alabek, ordea, ez dute herrialde harekin lotura bera. «Eurentzako bidaia luzeak izaten dira; azkenean, ez dute lagunik, hemen jaio eta hazi dira, baina garbi daukat gure gurasoek dirauten bitartean, joan behar dugula», azpimarratu du.
Etorkizunari begira, hala, nahasmena du: ez du baztertzen jubilatzen denean Errumaniara bueltatzea, amarekin egon ahal izateko; ordea, badaki garai horretarako bilobak izateko aukera ere hor dagoela, eta badaki hori ere ez duela atzean uzterik izango. ■