Kilometroak gehitzeko, pauso bat gehiago
Lazkao abiatu da hurrengo Kilometroak jaia ospatzeko xendan. 2026ko urriaren 4an izango da. Herrian laugarren aldiz garatuko da Gipuzkoako ikastolen aldeko festa. 1977ko estreinakoan, Beasainekin batera ospatu zuen Lazkaok, zirkuitua bi herrietan barrena zela. Etekina Beasainen bailarako batxilergo ikastetxea eraikitzeko izan zen, Alkartasuna Lizeorako.
Bigarren aldiz, 2003an bisitatu zuten Kilometroek Lazkao. Euria goian-behean egin zuen egun guztian, eta Lazkaomendiraino iristen zen ibilbidea lausotu zuen. San Prudentzio eraikina handitzeko zen helburu ekonomikoa.
Hirugarren eta azken aldia, berriz, COVID-19 koronabirusaren pandemia betean egin zen, 2021ean. Sinbolikoa gehiago izan zen hura, etenik ez eragiteko birmoldaketa, bai ekitaldi aldetik, bai egutegi aldetik, bai jende pilaketak eragozte aldetik. Beasaingo eta Ordiziako ikastolekin batera aritu zen San Benito, Goierri beheko ikastolen arteko sarea indartzeko asmoz.
San Benito ikastolak urriaren 5ean Elgoibarren egindako Kilometroetan hartu zuen 2026ko txanda antolatzeko lekukoa, Artezkaritza Kontseiluko lehendakari Irantzu Amundarainen eskutik. Lehengo ostiralean, berriz, herrira iristea irudikatu zuten, lekukoari ongietorria emanda. San Benito Ikastolaren lehen bi andereñoetakoa eta ondoren urte askoan irakasle izandako Mari Karmen Eizagirrek eraman zuen lekukoa beneditarren komentu paretik plazara. Han, ikasle, irakasle eta herritarren aurrean aurkeztu zuten Amundarainek, ikastolako zuzendari Jon Martinezek eta Kilometroen koordinatzaile Xeber Maizak. Lan batzordeak sortu, eta martxan jartzen ari dira.
Eskultura Antton Mendizabalek egina da, 1997an. Kilometroak antolatzea egokitzen zaienen artean, ikastolaz ikastola erabiltzen dute. Zurean zizelkatzen dute urtea eta herria. ■
Kilometroak Goierrin
- 1977. Beasain-Lazkao. Lehenengo Kilometroak. Urriaren 16an egin zen. Lelorik ez zuen. Beasaingo Alkartasuna Lizeoa eraikitzeko.
- 1985. Zumarraga-Urretxu-Legazpi. Urriak 6. Leloa: ‘Kilometroak urtero? Euskara egunero!’.
- 1993. Ordizia. Urriak 3. ‘Geurea maratoia’.
- 1994. Legazpi. Urriak 2. ‘Denok martxan’.
- 2001. Beasain. Urriak 7. ‘Garena garela’. Urriak 6. ‘Elkarren beharrean’.
- 2002. Zumarraga-Urretxu.
- 2003. Lazkao. Urriak 5. ‘Euskaraz bizi nahi dut’.
- 2018. Urretxu-Zumarraga. Urriak 7. ‘Zubiak batuz’.
- 2021. Ordizia-Beasain-Lazkao. Pandemiagatik murriztua eta sinbolikoa. Urriak 3. ‘Batera, bagara, bat gara’.
- 2026. Lazkao. Urriak 4.