Memoria
Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Hainbat mezu iritsi zaizkit mugikorreko argazki galeriara eta emailera. «Memoria beteta daukazu, zure oroitzapenak gordetzen jarraitu nahi baduzu, erosi GB gehiago. Bitartean, kalitate baxuan gordeko dira. Memoria %100 betetzean, ezingo duzu gehiago gorde». 12 urte nituela egin zidan nire lehen posta elektroniko helbidea aitak. Galeria 2018tik daukat. Ez dira ba horrenbeste urte memoriarik gabe geratzeko.
Betetzen dira emailak, galeriak, lainoak, kaxoiak eta ganbarak. Eta orduan hasten dira espazio gehiago behar dugula gogorarazten diguten mezuak. Pentsatzen dut betetzeak ez duela esan nahi espazio gehiago erosi behar denik, agian esan nahi du iritsi dela unea zaharra berritzeko, edo soberan dagoena kentzeko, badaezpada gordetako eta sekula erabili gabeko horiek botatzeko, lehentasunak ordenatzeko.
Kostatzen zaigu kudeaketa hori guztia. Oroitzapenaren zubiak mozten ari garela sentitzen dugu akaso, argazki eta bideoak ezabatzean, txikitako jostailu hura garbigunera botatzean. Aitortzen dut traste zaharrak aurkitzen ditudanean nostalgiak jota ibiltzen naizen horietakoa naizela. Baina zertarako balio dit nostalgiak? Txikitako peluxe batek goxatzen nau, baina gogorarazten dit garai haiek ez direla bueltatuko, denborak ez duela atzera egingo. Kutxan gordeko dut eta urte batzuen buruan berriro ateratzean etorriko da nostalgia berbera, iraganarekin lotzen nauen aingura batek bezala atzerantz tira egiten didana.
Pozik eta isilik itzultzen naiz garbigunetik. Iraganeko aingurak bota ditut bertan, nostalgiaren putzuan busti ditut hankak eta irribarre egin dut jostailu haiekin zein zoriontsu izan nintzen gogoratuz. Orain espazio gehiago daukat memorian, etorkizuna ederra dator eta izan nahi nuke non gorde. ■