«Irakastea ez da lan bat, bizitzeko modu bat da»

Jose Luis Etxezarreta (Beasain, 1961) ez da soilik irakasle bat izan: hezkuntzaren bidez bizi oso bat eraiki duen gizon bat da. 42 urte igaro ditu irakaskuntzan, tartean belaunaldi ugari heziz eta haurren begiradatik mundua ulertzen saiatuz. Lazkaoko San Benito Ikastolan egin du bere ibilbide luzea eta oparoa. Baina lehenengo hazia Beasaingo Ikastolako soto heze batean erein zen, Isabel Olanoren maistratasunaren gidaritzapean. Hark inspiratuta, Etxezarretaren irakaskuntza ez da arbelera mugatu: ikasleen irribarreak, atsedenaldietako elkarrizketak, edo bizitzako dilemak izan ditu beti abiapuntu. Orain, erretiroa hartuta, Etxezarretak ez du erritmoa moteldu. Lemniskata zientzia sare herrikoiaren bidez zientziaren eta ezagutzaren zabalkundean murgilduta jarraitzen du, dibulgazioaren eta jakin-minaren aldeko konpromisoari eutsiz. Bere ibilbidearen harira, haurtzaroaz, hezkuntzaz eta gaur egungo erronkez aritu gara solasean, iraganaren oroitzapenak eta etorkizuneko esperantzak uztartuz.
Non eta nola igaro zenuen haurtzaroa? Nolakoa zen garai hura Beasainen?
Nire haurtzaroa oso desberdina zen gaur egungoarekin alderatuta. Gu kalean bizi ginen. Gogoan dut nola Oriamendi kalean futbolean jolasten genuen, eta porterien faltan jertseak erabiltzen genituen. Kotxe bat etortzen zenean, erretiratu, pasatzen utzi eta berriro jolasean sartzen ginen.
Eskolako lehenengo urteak ere oso gogoan ditut. Beasaingo Ikastolako lehen promozioko ikaslea izan nintzen, eta aukera izan genuen hezkuntza sistema berri bat ezagutzeko: errespetuzkoa eta euskarazkoa.
Etxeko oroitzapenak ere indartsuak dira: ama beti zain, eta aita lanean, etenik gabe. Bi anaia izan gara, ni gazteena.
Zein oroitzapen dituzu eskolako lehen urteenak?
Beasaingo Ikastola martxan hasi berria zen, eta hantxe hasi nintzen, kontziente izan gabe gero horrek zer nolako pisu handia izango zuen nire bizitzan. Ikasgelak San Inazio kalean zeuden, Emakumezkoen Ekintza Katolikoetarako sotoan. Porlanezko zorua zuen, eta alfonbra baten gainean esertzen ginen, altzaririk gabe. Komunik ez genuenez, kuboak eta pixontziak erabiltzen genituen. Ez ziren ziurrenik azpiegitura erosoenak, baina hantxe hasi ginen, eta giroa bikaina zen. Lehenengo euskal udalekuetara joan ginenekoa ere gogoan dut, bost urte nituela. Oraindik gogoan dut nola bainatzen ginen behien askan, herri txiki-txiki batean. Oroitzapen goxo-goxoak dira.
Batxilergoan, berriz, Eskolapioetara joan nintzen, eta kontrastea ikaragarria izan zen. Bi ikuspegi erabat desberdin ezagutzeko aukera izan nuen nire ikasketa prozesuan. Bakoitza bere gauza onekin eta txarrekin.
Nork izan zuen eragin handiena?
Andereño Isabel Olano ezin dut ahaztu. Beasaingo ikastolako lehenengo andereñoa bera izan zen. Bere irakasbidea eta jarrera gure lehenengo urteetan eredu izan ziren. Beti ikasleen aldeko konpromiso bizia zuen. Haren eskutik ikasi nuen zer zen arreta pertsonalizatua eta ikasle bakoitzaren potentziala baloratzea. Horrek markatu zuen nire lehenengo urratsa hezkuntzan.
Nola erabaki zenuen magisteritza ikastea? Etxetik datorkizu?
Etxetik edo ingurutik ez behintzat, baina niri gustukoa egiten zitzaidan. Ikusten nuen nola erakusten ziguten guri –oroitzapen oso onak ditut–, eta pentsatzen nuen gauzak egin zitezkeela mundu horretan. Uste nuen ekarpenak egin nitzakeela irakaskuntzaren munduan.
Horrela, batxilergoa amaitu eta gero, irakasle izateko bidea hartu nuen Seminarioan. Han ikasi nuen, euskaraz irakasteko prestakuntza jasotzeko aukera bakarra zegoen lekuan. Gure belaunaldikook zorte handia izan genuen, punta-puntako irakasleak izan baikenituen aurrean: Anjel Lertxundi, Mari Carmen Garmendia, Imanol Urbieta… Haiek izan ziren nire erreferente akademiko eta profesionalak. Horrek dozena erdi urte iraun zuen. Ikasketak bukatu eta berehala lanean hasteko aukera sortu zitzaidan.
Zein izan zen zure lehen esperientzia irakasle gisa?
20 urterekin Idiazabalen hasi nintzen lanean, Lizeoko plantillan. Ez zen samurra izan hasiera. Bakardadea sentitu nuen. Zortzi urteko haurrekin lanean hasi nintzen, eta esperientziarik ez nuenez, lehenengo egunetan laguntza behar nuela sentitzen nuen.
Ondoren, Lazkaoko San Benito Ikastolan garatu naiz guztiz: 42 urte egin ditut han. Denetarik egin izan dut, nahiz eta letretako irakaslea izan. Zuzendaritza taldean ere egon nintzen 16 urtez. Eta orain, ikusten dudanean nire lehenengo ikasleek gaur egun 56 urte inguru izango dituztela, horrek erakusten du nola aurrera egin dugun urteetan, eta atzetik datozenei lekua uzten joateko unea dela.
Zein printzipio eta balore izan dituzu zure irakaskuntza ikuspegian?
Irakasle zorrotza izan naiz, baina ikasleen alde egon naiz beti. Atsedenaldietan ere ikusten nuen nola ibiltzen ziren, eta behar zutenean laguntzen nien, edo saiatu izan naiz behintzat, zeren ez da beti nahi dena lortzen. Batzuetan, ‘pelmada’ ematen, besteetan, adarra joz; hori lagungarri izan zait ikasleen tenperatura neurtzeko eta konfiantza sortzeko. Gertutasuna eta ardura izan dira beti nire metodologiaren oinarrian. Izan ere, ikasgai bat irakasteaz harago, pertsonak ditugu esku artean, etorkizuneko herritarrak direnak.
Hori izan da zure bandera beraz. Ondo funtzionatzen zuen?
Gertutasuna eta eguneroko lana funtsezkoak ziren. Lana egunerokotasunean, eskakizun maila batekin, eta momentu bakoitzean ikasleen beharrak detektatuz. Horrek funtzionatzen zuen, eta beste guztia egoera eta ikasle desberdinen arabera egokitu daiteke. Irakaskuntzak bizia eta dinamikoa behar du izan. Ikasleek ez dituzte soilik edukiak ikasten, baizik eta bizitzeko trebetasunak garatzen dituzte.
Nola ikusten duzu gaur egungo hezkuntza sistema?
Hezkuntza oso aldakorra izan da nire ibilbidean. Lehenengo multikopistatik fotokopiagailura, diapositibak, bideoak, eta gero ordenagailuak etorri ziren. Orain aro digitala eta adimen artifiziala dugu. Baina beti ahazten zaigu gauza garrantzitsuena: ikaslea da ardatza. Ez dugu ikaslea dantzan jarri behar guk ikusten dugunaren arabera, haren beharrak eta gaitasunak errespetatu behar dira. Iraultza teknologiko guztietan, askotan aurrekoa bertan behera uzteko joera egoten da. Nire ustez, horretan zuhurtzia behar da: funtzionatzen duena mantendu eta garaiko egoerara egokitu behar da, eta kontuan izan behar da, irakasleek ez dute inoiz aukera bera izaten ikasle bakoitzarentzat; bakoitzaren erritmoa, kultura eta ikasketa prozesua kontuan hartu behar dira.
Zein da gaur egungo irakasle baten erronkarik handiena?
Erronka nagusia da aniztasuna kudeatzea: ikasle desberdinak, kultura eta hizkuntza ezberdinekoak. Euskara ikasi gabe etor daitezke, eta gurasoek batzuetan ez dute hori lehenesten. Nola landu hizkuntza, kultura eta integrazioa modu eraginkorrean? Eskolak ez du beti gaitasunik horretarako. Horregatik, gertutasuna, ardura eta eguneroko lana ezinbestekoak dira. Baina lanaren eta bizitza pertsonalaren artean oreka bat bilatzea ere sanoa dela esango nuke.
Irakaskuntza munduan egin duzun ekarpenaz gain, Lemniskata Zientzia Sare Herrikoian ere buru-belarri zabiltza.
Lemniskata Zientzia Sare Herrikoiaren sorrera Jabier Elortzaren bidez iritsi zen, bera hasi zen bata eta beste zirikatzen. Niri lagun baten bidez iritsi zitzaidan taldea osatzeko gogoz zebiltzan albistea. Lehenengo bileretan, adin eta ikuspegi politiko eta sozial desberdinetako jendea elkartu ginen, baina denok batzen gintuen zientziaren aldeko zaletasunak, eta hori zabaltzeko gogoak. Teknologiak eta zientziak geroz eta pisu handiagoa dute gure bizitzan, baina oso gutxi dakigu horien atzean zer dagoen eta nola funtzionatzen duten. Horri erantzuteko, dibulgazioa ezinbestekoa da: gizarte kritiko bat nahi badugu, ezagutza ezinbestekoa da. Gure helburua, Lemniskataren bidez, zientzia herritar guztien eskura jartzea da, zientzia herritarrei gerturatzea, era atsegin batean eta guztiok ulertzeko moduan.
Lemniskataren zein ekimen edo proiektu nabarmenduko zenuke?
Hamalau urteotan, ekimen asko antolatu ditugu eta ez da erraza bat nabarmentzea. Hitzaldiak, erakusketak, liburu argitalpenak… Baina, bat aipatzearren, berrienetakoa ekarriko nuke hizpidera, Nafarroako Lerin herriarekin dugun lankidetza proiektu bat: jardunaldi astro-fisikoak antolatzen dituzte han, eta aurten postu bat antolatu dugu matematika ardatz hartuta. Proiektu hori Fundacion Descubre-rekin elkarlanean egiten dugu, eta EHUko ikertzaileekin harreman estua dugu. Horrek erakusten du Lemniskatak gizarteari ekarpen zuzena egiten diola, eta jakintza herriari itzultzen diola.
Zer ematen dizu Lemniskatak?
Asko! Egia esan, jaso dudana emandakoa baino gehiago da. Aisialdirako jarduera baino gehiago da, bizitzeko modu bat. Jendearekin harremanetan jartzeko aukera ematen dit, ikasteko eta jakintza partekatzeko aukera, eta hori guztia, aberasgarria da.
Jakintza herriari itzultzeaz mintzo zara. Zergatik da horren garrantzitsua zuretzat?
Nik argi daukat: ikasitakoa ez da nirea bakarrik. Beste askoren ekarpenari esker iritsi naiz ni ikasitako guztira, eta horregatik, logikoa da bide hori bueltan egitea. Hezkuntza, zientzia edo esperientzia, dena gizartearen parte da. Bidean ikasitakoa eskertzeko modua da hori, gizarteari itzultzea, alegia.
Hori da zure bizitza-filosofiaren oinarria ere, ezta?
Bai, hala da. Irakatsi dudana besteengandik jasotakoa da. Bizitza bera da ikasketa prozesu bat, eta nik hori bizitzeko modu bihurtu dut: irakatsi, ikasi eta partekatu. Hor dago nire zentzua, eta horregatik jarraitzen dut ilusioz. ■
«Seme-alabak, nire gida»
Oporretan, mahai baten bueltan, marrazki koloretsu baten gainean, dena hor dago laburbilduta: lasaitasuna, maitasuna eta bizitzaren zentzua.
Jose Luis Etxezarretarentzat familia izan da beti bizitzaren ardatza. Argazki kuttunean seme-alabekin ageri da, opor egun batean, koloretako arkatzak eskuetan eta irribarre isil batekin. «Haiek izan dira nire zutabe nagusiak», dio, begirada samur batekin. «Haiengandik jaso dut beti indarra, haiek izan dira nire eguneroko ilusioa eta nire lanerako motibazioa».
Irakasle lanetan aritu den 42 urteetan, hezkuntzari eskainitako ordu amaigabeak eta etxeko bizitza uztartu behar izan ditu. Batzuetan zaila izan dela onartu du, baina «balantza beti familia aldera makurtu» zaiola aitortzen du, irribarrez. Haurren begirada horretan aurkitu du beti benetako ikasgela: eguneroko pazientzia, kuriositatea, eta gauza txikien balioa.
Argazkian marrazten ari dira; ez da ausazko irudia. Etxezarretak beti sinetsi izan du sormenak eta jakin-minak elkar elikatzen dutela. «Marrazten genuenean, ez zen soilik denbora-pasa bat: elkarrekin egoteko aitzakia bat zen. Etxean, kolore artean, elkarrizketak sortzen ziren, ametsak, ideia berriak…».
Irudiari begiratzean, bada denboraren joanaz harago doan zerbait: hezkuntzaren eta bizitzaren arteko paralelismoa. Paper zuri baten aurrean bezala, seme-alabekin eta ikasleekin egin behar izan du marrazkia, trazu bakoitza arreta eta maitasunez eginez. «Bizitzan, kolore guztiak behar dira. Batzuetan marra ez da ateratzen espero bezala, baina horrek egiten du irudia berezi», esan du, umorez.
Oporretako argazki xume honek bere ibilbide osoa laburbiltzen du: irakaskuntza, familia eta bizitza ulertzeko modu bat, kolorez eta elkartasunaz jositakoa. «Hauek dira nire benetako maisu-maistrak», dio argazkia erakutsiz. Eta hori esaten duenean, argi geratzen da: Etxezarretarentzat irakastea «ez da inoiz lan bat izan, baizik eta bizitzeko modu bat».

