La Leze gaztandegia, sarien aparretan
Arkaitz Jauregi, Joxe Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategi, Ordizian irabazitako garaikurrekin. / Iñaki Gurrutxaga
Eli Gorrotxategi, Joxe Mari Jauregi eta Arkaitz Jauregiren La Lezek sari asko irabazi ditu azken urteetan. Ordiziako gazta txapelketan Urrezko Garaikurra jaso du aurten, azken 10 urteetan hiru aldiz irabazteagatik.
La Leze gaztandegia 1990eko hamarkadan sortu zuten. «Aitak ahuntzak eta ardiak izan ditu betidanik bere amaren jaiotetxean, Ilarduiako La Lezen. Lazkaoko forjan lan egiten zuen aitak, eta 1993. urtean krisia izan zen. Langileei lana uztea eskaini zieten, diru baten truke. Hala, nire aitak gustuko zuen lan horretan hasteko aukera ikusi zuen. Gu txikiak ginela –nik 10 urte nituen eta anaiak 7 izango zituen–, pauso hori eman zuten», azaldu du Arkaitz Jauregik.
Instalazioak handitu zituzten eta Eli Gorrotxategik gazta egiten ikasi zuen. «Txapazko txabola bat zuen, eta 1994an lehen pabiloia egin zuen. Amak ordura arte etxean eta bere amaren gozotegian egin zuen lan, eta Artzai Gazta elkarteak eskaintzen zituen ikastaroei eta Eginoko artzainen laguntzari esker ikasi zuen gaztak egiten. Hasieran lagun haien gaztandegian egin zuen gazta, gure esnearekin. Proiektuak pixkanaka aurrera egin zuen, eta 1996an gure gaztandegia sortu genuen. 2000. urtean ukuilua handitu genuen», gehitu du.
Berak ere gurasoekin lan egiten du. «Ikasketak egin nituen eta kanpoan lan egin nuen, baina nik ere argi neukan zer nahi nuen egin. Gurasoekin lan egin nahi nuen. 2009an gazta ontzeko kamera eta denda jarri eta beste pabiloi bat egin genuen. Horrela, gaur arte».
Ordiziako txapelketan ia hasieratik parte hartzen dute. Azkeneko lau urteetan hiru aldiz irabazi dute txapela. «2022an irabazi genuen lehenengoz, 2023an ez eta 2024an eta 2025ean berriro irabazi dugu. Egia esan, 2022ra arte irabazteko falta zitzaigun txapelketa bakarra Ordiziakoa zen», gogoratu du Jauregik.
Ordura arte gazta zuria aurkezten zuten, eta 2002an ketua aurkeztu zuten lehenengoz. «Lehiaketa guztietan gazta zuriak eta gazta ketuak neurtzen dira, eta nire ustez ez dira produktu berdina. Ordizian, urtez urteko sailkapena begiratzen baduzu, askotan ketutako gaztek irabazten dutela ikusiko duzu. Nire amak bere gerra pertsonala zuen: Ordiziako lehiaketa gazta zuri batekin irabazi nahi zuen. Borroka hori galduta zuela esan nion, Ordizian irabazi nahi bagenuen, ketutako gaztarekin joan beharra genuela. Nahiz eta oso gazta zuri onak aurkezten diren, azkenean ketutako gazta baten alde egiten dute».
Lehen garaipena
Hala, 2022an ketutako gazta aurkeztu zuten eta lehiaketa irabaztea lortu zuten. «Lehenik, gazta oso ona zen, eta gero lehiaketa irabaztearen arrazoietako bat hori izan zela uste dut. Garai batean mendira igo eta gazta txabolan egiten zuten artzainek, gaztak txabolan izaten zituzten. Keak gazta kontserbatzen laguntzen du eta, bestalde, txabola barruan kea egoten zenez gaztak ketu egiten ziren. Hori dela eta, mendiko gazta, gazta ketuarekin lotzen da, nahiz eta askotan ketze hori nahi gabe gertatzen zen».
Jauregik gaztak zuria behar duela izan uste du. «Gazta zuria nahiago dut, ketutakoa eta zuria ez baitira gauza berdina. Keak gaztak dituen ñabardura eta inperfekzio batzuk disimulatu egiten ditu. Ondo ketzen ere jakin behar duzu».
Baina gazta ketu guztiek ez dute Ordizian irabazten, eta La Lezekoak hiru aldiz irabazi du. «Gazta ahalik eta uniformeena egiten, eta esne garbiarekin lan egiten saiatzen gara. Gazta ona lortzeko faktore asko daude: ardien elikadura, maneiua, gaztari eskaintzen zaion denbora, mimoa, tenperaturak…».
Ardiak Arabako lautadan edo Goierrin izan, aldea dago. «Euskal Herrian daukagun gauzetako bat hori da: hain txikia izanda, klima aldaketa handiak daude toki batetik bestera. Ardien maneiuan hori kontuan izan beharra dago. Olaberrian urtarrilean edo otsailean ardiak kanpoan izan ditzakezu bazkatzen, eta gurean elurtuta egon daiteke. Horrek guztiak eragina du», azaldu du Jauregik.
Ordiziako txapelketa guztietan entzutetsuena da, eta han irabazteak eragin handia du. «Garrantzitsuena Euskal Herriko Txapelketa izan beharko litzateke, baina oihartzun handiena Ordiziakoak dauka. Ordiziako txapelketari esker, bezero gehiago ditugu eta kanpotik jende gehiago etortzen da. Ez da erraza betiko bezeroak zaintzea, gure ekoizpena mugatua delako. Ez gara aritzen urte guztian gazta ekoizten. Nahiz eta Ordiziakoa ez irabazi, gure bezeroei esker, gazta guztiak saltzen ditugu. Ordiziako txapelketa irabaztea buruhaustea da, gehiagok ezagutzen baikaituzte eta jende berri asko etortzen baita gure gazta erostera. Baina martxora arte ez dugu izaten gazta berria saltzeko aukerarik, eta betiko bezeroak zaindu beharrean gaude».
Hala, aurten denda itxi behar izan dute. «Denda itxi beharra izan dugu inbentarioa egiteko eta gure bezeroei gazta gorde ahal izateko. Batzuek ulertzen dute, baina beste batzuek ez. Denekin ondo gelditzea zaila da. Datorren jende berri hori ere bezeroa da eta ezin diozula ezer eskaini esatea ez da ona», dio.
La Lezekoek Euskal Herritik kanpora ere saltzen dute beraien gazta. «Gertuko bezero asko ditugu, Goierriko jende asko ere bai, sagardotegiak, jatetxeak, harategiak, delicatessen denda batzuk… Eskertzekoa da jendeak gure gazta nahi izatea».
Jauregik ez du uste datorren urtean Ordiziara joaten direnean orain arte baino presio handiagoa sentituko dutenik. «Lortu beharrekoa lortuta dago. Dinamika berdinarekin jarraituko dugu. Ezagutzen gaituztenak ez dira etortzen txapelketa irabazi dugulako bakarrik. Hankak lurrean eduki behar dira. Oso gazta ona egiten da orokorrean, eta Ordizian irabaztea oso zaila da. Irabazita oso gustura geratzen gara, baina irabazten ez badugu ere, konforme. Izan ere, edozein suerta daiteke garaile», amaitu du. ■
