«Lasterketa guztiak dira garaipenak niretzat»
Adirane Peñagarikano (Urretxu, 1998) dagoeneko korrikalari ezagun bihurtu da mendi lasterketen munduan. Duela urtebete baino gutxiago hasi zen mendian korrika, baina jada emaitza nabarmenak eskuratu ditu. Besteak beste, Goierri Trail Kopan bigarren postuan gelditu da. Bere zaletasuna pasioz bizi du, eta etorkizunari ilusioz eta anbizioz begiratzen dio.
Noiz eta nola hasi zinen mendian korrika?
Nire familiako kide batek animatu ninduen probatzera, bera betidanik ibili baita mendi lasterketetan. Oso eskertuta nago ni animatzearren.
Zein izan da zure kirol ibilbidea?
Euskal dantzetan urte batzutan aritu nintzen, baina kirol zehatzik ez dut inoiz egin. Are gutxiago hainbesteko diziplina eta gogoarekin. Oraindik ez da urtebete ere pasatu mendian korrika hasi nintzenetik.
Kirol honetan hasiberria izateko, garaipen ugari lortu dituzu.
Egia da lehenengo urtea izateko emaitza ezin hobeak lortu ditudala, baita podium ugari ere. Hala ere, lasterketa guztiak dira garaipenak niretzat. Nire buruarekin harrituta eta harro nago. Pentsatzearekin bakarrik hunkitu egiten naiz.
Zer ematen dizu kirol honek?
Lasterketek sortzen duten urduritasunak eta zirrarak asko betetzen naute. Lasterketek bere gogortasuna dute, noski, baina nik gogo handiz egiten ditut, estutuz eta gozatuz. Eroso sentitzen naiz. Gozamenerako egiten dut korrika, eta gozamen hori ere emaitzetan islatzen da.
Goierri Kopa Trailen bigarren postua lortu duzu. Esperotakoa izan al da?
Ez zen inondik inora ere nire helburuetako bat. Bururatu zaizkidan lasterketetan eman dut izena aurten. Urriaren 22an izan zen Kopako azken lasterketa, Korosti Trail, eta han ere bigarren postua eskuratu nuen. Etxean bezala sentitu nintzen, eta oso pozik nago lortutako emaitzarekin. Emozioz beteriko lasterketa gogorra bezain ederra izan zen.
Nola uztartu kirola eta bizitza soziala?
Kirolaren barruan ere bizitza soziala badago, noski. Guztia ez da kirola, baina zintzotasunetik esaten badizut, nire lehentasun nagusia korrika egitea da momentu honetan; hau da, entrenatu, eta ahal dudan guztietan mendira joan, lagunduta edota bakarrik.
Lasterketa ahaztezinen bat baduzu?
Beti esan ohi da hasierakoak izaten direla berezienak. Lehenengo mendi lasterketan bigarren postua lortu nuen, baina egindako guztiak ditut gogoan, eta oso zaila egiten zait bat aukeratzea. Guztiak dira bereziak, aurten bai behintzat.
Zein dituzu hemendik aurrerako helburuak?
Entrenatzen eta lehiatzen jarraitzea da nire asmoa, betiere hobetzeko helburuarekin. Bestalde, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia egitea ere badut buruan. Mendi eta inguru horretara asko joaten naiz, bai oinez eta baita korrika ere, eta berezia izango litzateke niretzat. Ilusio handia egingo lidake han lehiatzeko aukera izateak. ■

