Zerbitzu publikoen ardura
Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Duela aste batzuk EITBko Teleberri saioan elikagaien prezioen gorakadari buruzko erreportaje txiki bat eman zuten, eta erosketarik merkeenak egiteko informazioa emanez bukatu zuten. Kontsumitzaileek dirua aurreztu zezaten, enpresa multinazional banatzaile ezagun batzuk lehenetsi zituzten inongo konplexurik gabe.
Prezioen kontuarekin garrantzitsua da bereiztea zein den elikagai baten salmenta prezioa saltoki batean, eta elikagai hori ekoizteko eta salmenta puntu horretara iristeko izan duen benetako kostua. Benetako kostuaz gutxitan hitz egiten da elikadura sistema globalizatu honetan, kostu asko denon artean ordaintzen ditugulako aldez aurretik, edota ingurunea hondatzearen truke saihesten direlako. Joko arau hauekin enpresa multinazional banatzaileek negozio handia egiten dute.
Kostuak kalkulatzeko, elikagaiak ekoizteko prozesuko kostu totalak kontuan hartu beharko genituzke. Alde batetik, kostu ekonomikoak (esku lana behar bezala ordainduta, lehengaien kostua, gastu orokorrak…); bestalde, kostu ekologikoa eta karbono aztarna (bioaniztasunarentzat, lurraren emankortasunarentzat, uraren erabilera, kutsadura-nitratoak, negutegi efektuko emisioak, pozoiak eta botiken erabilera sistematikoek duten eragina ingurunean zein osasunean), kostu sozialak (hemen eta jatorrizko ekoizpen lurraldeetan), osasun kostuak (osasungintzan egin beharreko inbertsioak jaki industrial, prozesatu eta dieta ezegokiek dituzten ondorioak tratatzeko) eta kostu kulturalak ere har daitezke aintzakotzat (lurralde guztietan hanburgesa, ahuakateak edo natxoak jateak tokiko kultur galera dakar). Horretaz gain, saltokira garraiatzeko kostuak eta azpiegitura publikoen erabilera ere kontuan hartu beharko ditugu.
Kostuak eta prezioak parekatuko balira saltokietan, Teleberri-n aipatutako enpresa banatzaile horien prezioak garestienetakoak izango lirateke, asko ordainezinak. Aldiz, gure herrietako azokak, kontsumo taldeak zein kooperatibak edo bertako, garaiko eta elikagai ekologikoen aldeko apustua egiten duten herriko denden prezioak baxuenak izango lirateke.
Salmenta zuzenean gabiltzan baserritarron lanaren parte gure lanaren berri ematea da: nola ekoizten ditugun elikagaiak eta zer garrantzitsua den elikadura eredu iraunkorra sustatzea ekoizpenean eta kontsumoan. Faltan sumatzen dugu administrazioaren aldetik apustu zintzoa eta anbiziotsua, koherentzia eta mezu argia, zeharkakoa eta politika guztietan elikadura burujabetza eta elikadura eskubidearen alde. ■
