Javier Ormazabal, Goierriko mural artearen aitapotenkoa
Javier Ormazabal Gorrotxategi (Oiartzun, 1933 – Donostia, 2018) Goierrirekin estu lotutako artista eta kultura-bultzatzailea izan zen. Margo modernistaren aitzindaria izan zen eskualdean, eta hainbat margolan pintatu zituen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan.
Ormazabal Ordiziako Parrokiako apaiz izan zen, 1968tik aurrera. Elizako lanaz gain, hainbat arlotan bultzatu eta garatu zituen ekimenak: musikan, Torrea etxean Musika Akademia sortu zuen; Kimuberria neska taldea sortu zuen, eta desagertuta zegoen Santa Ana Korua berpiztu zuen 1979an.
Arte arloan, pinturarako, marrazketarako eta kaligrafia-diseinurako dohainak zeuzkan. Apaizgotik erretiratu zenean, Donostiako Seminarioko apaizen egoitzan bizi izan zen. Ordiziako Barrenan 2019ko urtarrilerako berak egindako lanen erakusketa bat prestatzen ari zen, hil zenean. Bildutako dirua misioetara bideratzeko izango zen.
Euskal muralaren tradizioa
Javier Ormazabalen pintura-lanak euskal mural tradizioaren estilokoak dira, Aurelio Arteta, Anselmo Guinea edo Ramon eta Valentin Zubiaurre anaien ildokoak. Gai ohikoenak baserri munduko eszena kostunbristak, folklore eszenak, erromeriak; paisaiak eta Gipuzkoako basoak, Txindoki, Aiako Harriak (haritz eta pago totemikoak oso gustuko zituen); eta gai erlijiosoak (amabirjina serieak, Azken Afariaren bertsio desberdinak, Oteizaren ukituko lan ilunagoak…) izan ziren.
Oiartzunen jaioa zen, familia oso erlijioso batean. 11 urterekin Saturrarango seminariora joan zen, hiru urterako. Gabezia gordinak nozitu zituen han, gerra ondoren hartan. Gasteizen eta Donostian ikasi ondoren, 1956an apaiztu zen, beste ehun kiderekin, Loiolako basilikan (Azpeitia).
Lehenengo 11 urteak Zegaman egin zituen, hango erretore. Ordiziara aldatu, eta erretiratu arte han egon zen. Fonda Martinezen bizi izan zen, urte askoan. Abuztuetan, Erriberrira udalekuan joaten ziren katekesiko haurrekin. Herrian hainbat jarduera bultzatu zituen: haurren danborrada, Erregeen etorrera… Elizbarrutiko idazkari ere izan zen.
Ormazabalen ondarea Goierrin
Horren maitea zuen mural artean, obra ugari utzi zituen Goierrin Ormazabalek. 1959an, Zegamako Kasinoan margotu zuen bere lehenengoetariko margolana. Hogei urte geroagokoak dira hurrengoak. 1979an, Ordiziako Martinez jatetxean eta Gabiriako Ostatuko goiko jangelan egin zituen obra bana; 1981ean, Gabiriako Erbie elkartean, eta 1986an Ordiziako Pias tabernan.
Goierritik kanpora, Suitzako Brienz, Avry-Rose eta Friburgen (1982 eta 1988), Guruzpe kaperan (1983), Oiartzungo Erresidentzian (1984), Donostiako Maristen Eskolan (1984) eta Donostiako Amarako San Jose parrokian (1987) margotu zuen. ■
