Errelebo falta
Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Herrigintzan, lantokian, merkataritzan… errelebo falta eguneroko elkarrizketan irteten da. Eta zer egin erreleborik ez dagoela sentitzen dugunean? Agortu arte iraun? Erortzen utzi?
Akaso hori da egin beharrekoa, erortzen uztea. Jakin arren behin erorita, zailagoa dela jaikitzea. Funtzionatzen duen negozio bat eskualdatzea, berri bat sortzea baino errazagoa den bezala. Baina beharbada, kolektiboak behar duena da hutsa. Ezereza. Akaso horrek astinduko ditu zerbitzu logiketan funtzionatzen duten kontzientziak. Akaso beharra sentitzeak mugiaraziko ditu (oraingoz) lozorroan daudenak.
Baina zer zaila den. Zer zaila den erortzen uztea. Bereziki, geure sentitzen dugunean. Maitasuna eskaini diogunean, ilusioa, dugun onena. Baina ez badago erreleborik, ez dago. Huts egin dugun seinale, errelebo prozesuak egitean zerbaitek funtzionatu ez duen seinale. Edo, besterik gabe, gizarte eredua aldatu zaigulako. Ziklo baten amaieran gaudelako. Laneko presiotik ihes egiteko gimnasiora doan gizartean bizi garelako, mundua konpontzeko tertuliak modaz pasata daudelako, genozidioaren edota emakume baten erailketaren aurrean gure errutinak moldatzeko gai ez garelako.
Autoeraketaren logikan eta mugimendu komunitarioen oinarrian beharra dago. Horrela sortu ziren kontsumo kooperatibak, horrela sortu ziren euskalgintzako elkarteak, horregatik sortu ziren sindikatuak, horregatik sortu ziren justizia soziala aldarri duten hamaika egitasmo. Eskuin muturraren gorakadaren aurrean, politikan ziklo berri bat badatorrela dirudien honetan, babes sareak sendotu eta oinarrizko beharrei erantzuteko egiturak mantendu behar ditugula errepikatzen diot neure buruari. Ezin diogula utzi kontzientzia politiko kolektiboari itzaltzen utzi, baina, era berean, asumitu behar dugula lau katuren artean ezin zaiola guztiari eutsi. ■
