Sukaldeko oinarrizko jakintzak ikasten
Egoera zaurgarrian eta baztertze arriskuan dauden langabetuak gizarteratu eta laneratzeko helburua duen ‘Elkar-EKIN Lanean’ programaren hiru lan ibilbideetako bat da ‘Sukalda-tu’. Hasi berriak dira formakuntzarekin.
Otsailaren 13an aurkeztu zituen Goierriko Gizarteratze Sareak bi urteko iraupena duen Elkar-EKIN Lanean enplegu programaren barruko formakuntza ibilbideak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Proiektu Estrategikoen departamentuak (%85) eta Goierriko udalek (%15) bultzatutako eta finantzatutako programa bat da, eta baztertze arriskuan dauden eta Goierrin bizi diren langabetuei gizarteratzen laguntzea eta lanerako aukerak ematea da helburua.
Sukalda-tu prestakuntza ibilbidean parte hartzen ari diren bi pertsona, joan zen astean, Goierri Eskolan.
Lorezaintzari eta zaintzari buruzko buruzko ibilbideak ez ezik, sukaldaritzakoa ere sartu dute aurtengo eskaintzan. Ikastaroei izena ere jarri diete: lorezaintzakoari Loratu Goierri, arreta soziosanitariokoari Zaindu Goierri, eta Sukalda-tu oinarrizko sukaldaritza jakintzei lotutakoari.
Lehena osatu dute dagoeneko hamazazpi lagunek, eta horietako bederatzik praktikak egin dituzte Ataungo, Idiazabalgo, Itsasondoko, Legorretako, Zaldibiako eta Zegamako udal brigadetan. Gehienek Afrikako jatorria dute, ondoren Amerikakoak eta bertan jaiotako pare bat ere aritu dira. Adin tartea 18 eta 30 urte bitartekoa izan da.
Bigarrenerako 30 lagunek eman dute izena, eta 20 pertsonako taldea sortu da. Orain hilabete hasi ziren formakuntzarekin. Hamalauk amerikar jatorria dute, eta seik Afrikakoa. Adin tarteak, honakoak: gehienak 31-45 urteen artekoak dira, eta 18-23 arteko eta 55etik gorako bana daude. Aurrez bezala, Gurutze Gorria da formakuntzaren emailea.
Ostalaritzaren beharrak asetzeko
Hirugarren lan ibilbidea da aurtengo berritasuna. Ostalaritzaren sektorean lan egiteko prest dauden profesionalen «falta handia» dago Goierrin, eta laneratze «interesgarria» izan dezakeen ibilbidea dela ikusi du Goierriko inklusio-sareak. 45 lagunek eman dute izena, eta 18 laguneko taldea sortu da azkenean. Amerikar jatorria 13k dute, eta afrikarra 5ek. Adin tartea askotarikoa da: 18-23 artekoak 7; 24-30ekoak lau; 31-45 bi; 46-54 lau, eta bat zaharragoa.
Goiturrek eta Goierri Eskolak «rol garrantzitsua» dute formakuntza horretan. Ibilbidearekin hasteko, Goierriko gastronomia eta baliabideak ezagutzen aritu dira partaideak Josema Azpeitia gastronomia-kazetariarekin (16 ordu), D’elikatuz zentroan eta Ordiziako azokan. Eta, orain, sukaldaritzako oinarrizko konpetentzien eskola teoriko-praktikoak hartzen hasi dira Goierri Eskolan Iban Mate sukaldariarekin. Elikagaien manipulatzaile titulua lortuko dute, eta asmoa da urtarrileko azken astean eta otsail osoan 80 orduko praktikak egitea Goierriko ostalaritzan.
Maria Jose Rivera Lopetegui 1998an jaio zen Txilen. Umetan Extremaduran bizi izan zen, eta nerabea zenetik Ordizian bizi da. Langabezian dago, eta Lanbidek eman zion formakuntzaren berri. «Ostalaritzan behar handia dagoela esan zidaten, eta animatu egin nintzen. Gauza berriak ikastea beti dago ondo, eta oso gustura ari naiz. Irakaslea ere oso jatorra da. Nire asmoa ahalik eta gehien ikastea da, eta ahal bada, noski, lan munduan sartzea».
Venezuelatik ihes egin, Espainian asilo politikoa eskatu, eta Madrildik eta Donostiatik pasa eta gero, 2020tik Ordizian bizi da Florangel del Valle Franco. 1979an jaioa, hiru seme-alabaren ama da. Venezuelako janaria eskainiz jatetxe bat irekitzeko saiakerak egin ditu birritan Goiekiko Ekintzailetza arloaren bitartez, baina «oraingoz ezinezkoa» izan zaio. Gerora Goierri Eskolan ere aritu zen sukaldari, baina «arrazoi pertsonalengatik» utzi egin behar izan zuen. «Oso gustura eta eskertuta nago, eta aintzat hartua naizela sentitzen dut. Irakasleak pazientzia handia du, eta asko ari da saiatzen gurekin. Venezuelako eta Euskal Herriko jana uztartuko dituen lokal bat irekitzea da nire asmoa». ■
Datuak
- 17, Loratu Goierri ibilbideko partaideak. Otsail bukaeratik ekain erdira aritu dira. Astelehenetik ostegunera Fraisoron (180 ordu), eta ostiraletan Goiekin konpetentzia soziolaboralak lantzen (60 ordu). Horietako bederatzik lorezaintza praktikak egin dituzte Goierriko sei herritako udal brigadetan.
- 20, Zaindu Goierri ibilbideko partaideak. Irailaren 25ean hasi dira, eta urtarrilaren 14an bukatuko dute ‘Etxeko laguntza eta familia elikadura’ modulua (125 ordu). Bi formakuntza osagarri ere jasoko dituzte: ‘Adineko elikadura, nutrizioa eta ongizatea’ (55 ordu) eta konpetentzia soziolaboralak (60 ordu).
- 18, Sukalda-tu Goierri ibilbideko partaideak. Irailaren 23an hasi ziren, eta urtarrilaren erdira arte ariko dira sukaldaritzako oinarrizko jakintzak ikasten (220 ordu), asteartetik ostiralera Goierri Eskolan –lau ordu, arratsaldez–. Aurrez Goierriko gastronomia eta baliabideak ezagutu dituzte (16 ordu).


