Bidegorri sarea, zuloz beteta
Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldea bizikleta bidez lotzeko osatu nahi duen sarean makina bat hutsune daude oraindik, horietako batzuk Goierrin. Zaldibiara eta Ataunera doazen adarrak dira horietako bi.
Bidegorria Euskal Herrian bizikletentzako bideari ematen dion izena da, toki askotan bide arruntetik bereizteko zoruari ematen zaion koloreari erreferentzia eginez. Bizikletentzako bakarrik ez, oinezkoentzako eta korrikalarientzako ere badira, eta, azkenaldian, baita patinete elektrikoentzako ere. Laneko joan-etorriak egiteko eta aisialdirako erabiltzen dira, eta mugikortasun iraunkorra dute helburu, motordun ibilgailuen erabilerarako alternatibak bultzatzen dituztelako.
Herri eta hiri barruetan daude, baita herri artean ere. Aspaldi iritsi ziren Europako beste herrialde batzuetako ereduak hona ekarrita, eguneroko joan-etorrietarako bizikletaren erabilera oso barneratuta duten lekuetatik, hain zuzen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bizikleta eguneroko garraiobide jasangarri eta osasungarri gisa erabiltzea bultzatu nahi du eta ahalegin horretan dago inplikatuta 2000. urtetik. Ordutik irmo mantendu du bizikletaren erabileraren aldeko apustua, eta horren erakusle dira onartu dituen Bizikleta Bideen 1/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala onesten duen 2/2013 Foru Araua, eta Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia 2014-2022.
Ahalegin horretan kokatzen da, baita ere, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarea, zazpi urteko prozesu luze baten ondoren, 2013ko ekainaren 5ean Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez onartu zutena. Bederatzi ibilbidetan zatitutako 446 kilometroko bidegorri sarea da dokumentu horretan jasotzen dena, foru titulartasuneko zatiak batzuk (397 kilometro), udal titulartasunekoak besteak (149 kilometro).
Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarea oraindik indarrean dago, baina ez dago erabat amaituta. Foru Aldundiak bere zatiaren erdia gutxi gora-behera osatuta izango du 2026rako, hau da, 147 kilometro; orain arte 138,26 eginda daude, eta 8,15 kilometro egiten ari dira orain. Udalen titulartasuneko kilometroetatik, berriz, 103,5 exekutatuta eta erabilgarri daude gaur egun, eta beste ia 46 kilometroak programatuta daude.
Hauek dira sarean biltzen diren bederatzi ibilbideak: Donostia-Irun, Donostia-Mutriku, Donostia-Beasain, Deba bailara, Urola bailara, Bergara-Beasain, Bidasoa bailara, Leitzaran bailara, eta Ego bailara. Ibilbide horietan Diputazioaren bidegorriak eta udaletakoak elkartzen dira.
Goierri, bidegorriz betea
Goierri ibilbide horietako hiruk zeharkatzen dute. Donostia-Beasain da bat, eta Zegamaraino doa. Gainera, adar batzuk ditu aurreikusita: Beasaindik Atauneraino, Ordiziatik Zaldibiaraino, eta Idiazabaldik Mutiloaraino. Hiru adar horiek egiteke daude oraindik, baita Beasain eta Idiazabal lotuko dituen tartea ere.
Bergara-Beasain lerroan ere badira hutsuneak, Beasaindik Ormaiztegira bitarteko zatia bakarrik dagoelako eginda. Ormaiztegi eta Bergara lotzea da Aldundiaren proiektua, tarte horretan zeharkatzen dituen udalerrietako barruko bidegorri zatiak baliatuz, eta egiteke daudenak osatuz. Hala, Alegian Irizar lantegi paretik hasita Itsasoko zentral elektrikora bitartekoa egongo litzateke osatzeko, baita Ezkioko Santa Lutziko industrialdetik Zumarragako Eitzaga auzorainoko zatia ere. Hortik aurrera, Urretxu-Zumarragako geltokitik abiatuta, Urretxuko Pagoetatik gora Santa Barbara igo eta gero Deskarga mendatearen hasierara jaitsiko litzatekeen tartea egitea dago aurreikusita, Antzuola aldean jarraitzeko. Beste adar bat ere izango luke bidegorri honek, Urretxu-Zumarraga eta Legazpi lotzen dituen zatian, Aparizio auzoan irten eta Deskarga hasierako puntu horretaraino joango litzatekeena.
Urola bailarako adarrarekin egingo luke bat Bergara-Beasainek. Legazpi eta Zumaia lotzea du helburu Urolakoak, baina kostalderaino iristeko Zestoako Iraeta eta Zumaia arteko zatia falta da oraindik. Gainera, Legazpi aldean hainbat lan ditu aurreikusita Foru Aldundiak; batetik Mirandaolatik Brinkolaraino luzatu nahi du ibilbidea, eta CIE lantegiaren parean trazatua eremu horretatik atera eta SPRILURen jabegoko industriagunetik barrena igaroko du.
Zaldibia eta Ataun, gauzatzear
Beraz, hutsunez beteta dago oraindik Goierriri dagokion bidegorri sarea, eta zulo horietatik nabarmenenak dira Ordizia eta Zaldibia lotuko lukeen adarra, eta Beasain eta Ataun bitartean aurreikusita dagoen adarrean, Lazkaotik Ataunera arteko zatia. Zaldibia eta Ataun dira hutsune horiek gehien kaltetzen dituzten udalerriak, eta bietako agintarien eta herritarren aspaldiko aldarrikapena da bidegorri horiek behingoz osatzea.
Baikor dago alde horretatik Zaldibiako alkate Ioritz Berra. «Gure kasuan, bidegorria osatzeko prozesua martxan dago». Proiektua 2011koa dela gogoratu du, Aldundiak orduan idatzitakoa dela. «Orain berridazten ari da, gaurko legeetara egokituta eta kostuak eguneratuta». Azken berrien arabera, Zaldibiari dagokionez eguneraketa hori aldundiak «nahiko aurreratuta» duela dio alkateak. «Baina gauza bat da proiektua idatzita izatea, eta beste gauza bat dagozkion baimenak eta besteak».
Ura Euskadiko Uraren Agentziak Ordiziatik iritsiko den bidegorrirako eman beharko lukeen baimena aipatu du Berrak. «Ibilbidea errepidearen eta errekaren artean joango litzateke, eta besteak beste ingurumen inpaktuari buruzko aldeko txostena beharko litzateke».
Berrak ez daki zehazki zein puntutan dagoen Ordizia-Zaldibia bidegorriaren proiektua, baina ingurumen inpaktuaren txosteneko fasetik gertu dagoela uste du, eta «esperantza» badute datorren urtean zehar eraikitzen hasiko ote diren. Dokumentu batzuk falta dira oraindik, horien artean lursail pribatuen jabeen baimenak, «eta agian horien negoziaketetan egin daitezkeen alegazioek pixka bat atzeratu dezakete prozesua».
Hala ere, proiektua martxan dago. «Aldundiak hasieratik proposatu zuen bezala, Ordizian Orkli ingurutik abiatuta, erreka ondotik iritsiko da Zaldibiara bidegorria». Punturen bat oraindik erabakitzeko dagoela ere gehitu du, Zelaako biribilgunean pasoa nola egin, adibidez. «Baina laster erabakiko da hori».
Ordizia-Zaldibia bidegorriak hiru kilometro inguruko luzera izango du, Orkli paretik Zaldibiako herri sarreraraino. Herri eremuan ibilbidea nola txertatu udalaren ardura izango litzateke. «Gutxi gora-behera, Mugertza pareko espaloira arte iritsiko litzateke Aldundiaren zatia, eta hortik aurrera, herrira sartzeko tartea gure eskumenekoa izango litzateke».
 Hiru kilometro eskas izan arren, obrak «luze» joango dira, errepide bazterrean egin behar direnez, bidea moztu behar izango delako. «Horregatik, tarteka egingo dute seguru aski, eta urte eta erdi iraun dezake lanak».
Hiru kilometro eskas izan arren, obrak «luze» joango dira, errepide bazterrean egin behar direnez, bidea moztu behar izango delako. «Horregatik, tarteka egingo dute seguru aski, eta urte eta erdi iraun dezake lanak».
Luze joango da, baina alkatea eta gainerako herritarrak «pozik» daude. «Aspaldiko eskaera da, herri osoarena, eta erraz egin daitekeena, bidea laua delako eta tunelik ez dagoelako». Erabilera handikoa izango dela ere uste du, eta herritarren joan-etorri asko murriztea ekarriko duena. «Haurren eta gazteen eskolaz kanpoko jarduerak, kirol entrenamenduak, institutuko klaseak, lana… Bidegorria egoteak oinez edo bizikletaz joatea eskura jarriko du. Orain bada bide bazterretik joaten den jendea, baina bidegorriarekin seguruagoa izango da». Asteburuetan aisialdirako erabilera izango duela uste du.
Ataungo Martin Aramendi alkateak ere Lazkaoko industrialdetik herrirainoko bidegorria asko erabiliko litzatekeela uste du. Orain tarte hori bizikletaz egiteko aukera badagoela dio; «lotura hori eginda dago berez, baina egokitzea faltako litzateke, eta bide zabalagoa eta txukunagoa egitea. Zabaldu egin beharko litzateke batez ere, oinezkoen eta bizikletarien arteko bizikidetza hobetzeko, baina pasatzeko moduan badago». Bide hori bidegorri formal bihurtzeko lanak onartuta dauzka dagoeneko Gipuzkoako Foru Aldundiak, «baina han egindako bilera batean esan ziguten aurreikusitako lan guztiak egiteko oso diru gutxi zegoela». Bi kilometro inguruko tartea da.
Hala ere, horrek baino gehiago Ataun barrukoak «kezkatzen» du alkatea, «San Martinetik San Gregoriora artekoak». Hiru kilometroko bidegorri tartea izango litzateke hori, eta udal eskumenekoa da.
Trazatua erabakita dute dagoeneko, herriko hirigintza planean urte amaierarako aurkeztuko dute lehen idazketa, eta bertan jasoko dute. «San Martindik Arrondora bitarteko tartea nahiko egingarri ikusten dugu, lan handirik egin gabe. Espaloia dago zenbait lekutan bi aldeetan, eta izan daiteke hori egiteko modu bat. Arrondoraino baino gehiago, Motasororaino. Tarte hori inbertsio ikaragarririk egin gabe egiteko modukoa izango litzateke. Arazoa Motasorotik San Gregoriorainokoa da. Bidea estutu egiten da, bihurgune asko dago, eta etxeak aldamenetan».
Udalaren eskumenekoa izanda, udalak hartu beharko luke bere gain bidegorri zati hori egitea. Aldundiak diru laguntza ematen du azterlanak egiteko, «baina hori baino laguntza handiagoa beharko genuke».
Beste aukera bat ikusten dute Ataungo Udalean, «eta badakit gai polemikoa dela», dio alkateak: «Ikusita zein bide mota den, Motasorotik San Gregorio artekoa bereziki, errepide zati bat erabiltzea. Horretarako Aldundiaren baimena beharko genuke, errepidea Aldundiarena delako. Baina egingarria ikusten dugu, jaiegunetan, adibidez, tramu batzuetan errail bat kotxeentzat itxi eta trafiko alternatiboa jarrita semaforo bidez edo». Horrelako ideiak udalerriko hirigintza plana gauzatzeko azken bi urteetan egindako parte hartze saioetan ateratakoak dira. «Baina hori ez da erraza izango».
Bi bidegorriak beharrezkoak ikusten ditu Aramendi alkateak, «izugarria da zer auto pasea dagoen, batez ere San Martingo herri gunean, eta herri osoan orokorrean. Gasolindegi parean dagoen trafiko neurgailuaren arabera, egunean batez beste 4.000 kotxe pasatzen dira. Etxe bakoitzean bi-hiru ibilgailu daude, mendira ere jende asko etortzen da… Hori arintzeko bidegorri egokia edukitzeak asko lagunduko luke, jendeak lanera joateko erabiliko lukeelako». ■

 
					 
					 
 								
							
 
					


 
                    