«Galiziako Betanzos herriko tortillei keinu egin nahi diegu»
Sariak pilatzen ari da pixkanaka Jon Agirre sukaldaria (Legazpi, 1998). Denetarik kozinatzen duen arren, patata tortilla da gaur egun bere plater izarra. Gipuzkoako txapelketan bigarren postuan gelditu zen apirilean, eta urriaren 6an Alacanten jokatutako Espainiako txapelketan gazte promesaren aitortza jaso zuen.
Noiz piztu zitzaizun patata tortillarekiko zaletasuna?
Inoiz ez naiz tabernan patata tortilla pintxoa eskatzeko zalea izan, baina behin, Urretxuko Aitube Berri tabernan inoizko tortillarik onena eman zidaten. Kasualitatez, handik hiru hilabetera beraiekin lanean hasi nintzen, zerbitzari bezala, eta mundu horretan sartu nintzen pixkanaka.
Nola hasi zinen zure patata tortillak egiten?
Aitube Berriko nagusiak tortilla on bat egiteko giltzarriak eman zizkidan, eta praktikaren bidez, ikasten eta hobetzen joan nintzen.
Noiz hasi zinen Legazpiko Goiherri jatetxean lanean?
Orain dela urte eta erdi Goiherri taberna hartu genuen nire emazte Amaiak eta biok. Denetarik prestatzen dugu bertan: tripakiak, txerri belarriak, hanburgesak… Hala ere, patata tortilla da gure plater izarra.
Nolatan hasi zinen tortilla lehiaketetan parte hartzen?
Behin Josema Azpeitia kazetari gastronomikoa etorri zen Goiherrira. Gure tortilla asko gustatu zitzaion eta Rafael Garcia kritikariari deitu zion. Bien artean hitz egin zuten, eta gomendatu zidaten nire tortilla Gipuzkoako txapelketara eramateko. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian txapelketak egiten dira, eta horietan sailkatzen direnek Euskadikora joateko txartela lortzen dute. Apirilean izan zen Gipuzkoako txapelketa eta bigarren gelditu ginen.
Nolakoak dira zuen tortillak?
Guk Galiziako Betanzos herriko tortillei keinu egin nahi diegu. Tortilla oso mamitsua egiten dute han, eta jada duela ehun urte baino gehiago daraman tradizio bat da. Gure tortillak hangoen antzekoak dira.
Espainiako patata tortilla lehiaketan gazte promesaren aitortza jaso duzu. Nolatan?
Gazte kategoriaren saria niri emango zidatela jada negoziatuta zegoen. Rafael Garciak Alacantera joan behar nuela esan zidan, bertan hitzaldi bat emateaz gain, gazte promesaren saria emango zidatelako. Aurten izan da sari hori banatu den lehenengo aldia. Oso esperientzia aberasgarria izan da, inoiz ahaztuko ez dudana.
Zein da tortilla on baten sekretua?
Arrautza, patata eta olio ona erabiltzea. Eta, noski, mimoz egitea.
Zein dira zure hurrengo helburuak?
Tortillak egiten jarraitzea eta Alacanteko Espainiako Txapelketara itzultzea, baina oraingoan txapelketan zuzenean parte hartzeko. Zaila izango da baina baita erronka polita ere. ■

 
					 
					 
 								
							
 
					
 
                    