«Urtebete daramadan arren, onenen albora gerturatzea da nire asmo nagusia»
Haritz Goena Altuna aizkolaria (Lazkao, 2004) duela hiruzpalau urte hasi zen aizkoran, Lazkaomendiko herri kirol apustu bat tarteko. Profesional gisa urtebete darama plazetan lehiatzen. Gogoz eta konstantziarekin entrenatzen jarraitzea du helburu, esperientzia pilatu eta onenen mailara gerturatzeko.
Noiz eta nola hasi zinen aizkoran?
Lazkaomendiko festetan orain hiruzpalau urte hasi nintzen aizkora munduan murgiltzen. Gogotsu egon izan gara beti gurasoen kuadrillakoekin zein Zaldibiako lagun kuadrilla batekin herri kirol apustu bat egiteko, beti eduki izan dugu salta hori gure artean. Beraz, orain hiru edo lau urte Lazkaomendiko jaietako herri kirol apustu txiki bat egiteko juntatu, eta hiru talde atera genituenean hasi nuen aizkora munduko ibilbide pertsonala, egun batetik bestera. Apustu horretan egur bat moztu behar nuen, eta horretarako entrenatzen hasi nintzenean, gustua hartu nion.
Bat-batean hasi zinela esan daiteke, beraz?
Egia da beti gustatu izan zaidan mundua dela aizkorarena, gertutik jarraitu izan dut beti, gure etxean herri kirola oso errotuta egon den zaletasuna izan baita beti. Hala ere, Lazkaomendin egiten dugun erronka hori izan zen pertsonalki entrenatzen hasteko behar izan nuen bultzadatxoa.
Profesionalki, hala ere, oraintxe hasi naiz; urtebete eskaseko ibilbidea dut honetan. Hasi berria naiz oraindik, baina ahalik eta plaza gehienetan ibiltzen ahalegintzen naiz. Izan ere, zenbat eta plaza gehiago egin, orduan eta onura handiagoak izan ditzake aizkolariak; jende aurrean aizkoran egitera ohitzen zaituelako, batetik, eta pixkanaka-pixkanaka plazetako erritmoa hartzen zoazelako, bestetik.
Plazen artean, ez dut bat berezirik. Ahalik eta plaza gehienetan parte hartu nahi dut, erritmo polita hartzeko.
Zein duzu eguneroko entrenamendua?
Lanarekin uztartzen ditut asteroko entrenamenduak. Iturgina naiz, eta goizak horretan igarotzen ditut. Arratsaldeetan, berriz, entrenatzailearen baserrira joaten naiz aizkoran egitera. Gurasoen kuadrillakoa dut entrenatzailea: Luis Mari Lasa. Aizkoran ibilitakoa da urte askoan bera ere, eta berak jartzen dit materiala. Alde horretatik zorte handia dut.
Aizkoran egin ezin dudanetan, berriz, mendi buelta bat ematera edo korrika egitera ateratzen saiatzen naiz. Hau da, aizkoran egin ezin dudan egunetan ariketa aerobikoak egiten saiatzen naiz, ariketa fisikoa nahiz indarra eta teknika tartekatuta.
Teknika eta ahalmen fisikoa. Zer mailatan dira garrantzitsuak aizkoran?
Egia da teknika handia behar dela aizkoran, baina ariketa fisikoa egitea ere behar-beharrezkoa da, esfortzu fisiko handia eskatzen duelako. Oro har, aizkoran aritzea oso ona dela esango nuke. Beste kirol batzuen aldean, ezberdina da. Ofizioa da aizkora. Aizkoran ez duzu kanpoan entrenatuta zure burua hobetzen, baizik eta kirola bera egiten duzunean hobetzen duzu gehien. Azkenean, lan handia eskatzen duen kirola da: oso teknikoa da, baina gorputza denborarekin ohitu egiten da. Denbora eta esperientzia ezinbestekoak dira aizkoran ondo egiteko.
Lehiaketetarako egiten al duzu entrenamendu berezirik?
Lehiaketetarako ez dut aparteko entrenamendu berezirik egiten: lehiaketetan egin beharrekoa aurretik etxean egiten ahalegintzen naiz, ahalik eta ondoen, eta ahalik eta gehienetan. Eta mentalki, esango nuke aizkoran egiteko gogoa izatea beharrezkoa dela txapelketa edo plazaren batera zoazenean, izan ere, gogoarekin bazoaz gorputzak berdin erantzuten du. Beraz, kontzentratuta zein gogoz joatea ezinbestekoa da niretzat.
Zeintzuk dira epe ertainera begira dituzun asmo nagusiak?
Ez da denbora asko hasi nintzela; urtebete egin berri dut orain plazetan hasi nintzenetik. Esango nuke hasierako motibazio horrekin segitzen dudala oraindik ere, eta epe ertainean edo motzean ere, ahal dudan heinean hobetzen joatea eta onenen albora gerturatzen joatea dira nire asmo nagusiak. Ea gogor eta zuhurtziaz entrenatuta maila hobetu eta kategoriaz igotzeko aukera izaten dudan. Konstantziaz aritu nahi dut, azkenean bizitzak buelta asko ematen ditu eta inoiz ez dakizu zer etorriko den. Beraz, prest egon behar da edozeri aurre egiteko.
Zerk ematen dizu aizkoran jarraitzeko indarra?
Entrenatzeko ditudan erraztasun horiez gain, familian ere sare sendoa dut. Aizkoran hasi nintzen aurreneko momentutik lagundu didate; aizkoran jarraitzeko eta ez etsitzeko motibazioa ematen didate. Orain arte eman dizkidaten sostengu fisiko zein emozional horiek asko erraztu didate bidea, eta gogotsu nago aurrera begira ere plazetan jarraitzeko.
Zein aholku emango zenioke aizkoran hasi berria den gazte bati?
Gogoz eta ilusioz hartzeko esango nioke. Izan ere, gustuko gauza duzunean, egunero entrenatu eta enfokatuta horretan segitzeko grina eta gogoa halabeharrez etortzen zaizkizu. Egin beharrak presaka ez hartzea eta konstantea izatea gomendatuko nuke, eguneroko lana oso beharrezkoa baita aizkoran. Ikasi egiten da, gaitasuna ez da kolpetik lortzen. ■

