«Oporretarako? Edozein herri txiki, jendea eta ohiturak ezagutzeko»
Itsasondoar bat gehiago da Kontxi Rodriguez Perez (Lazkao, 1965), duela 31 urtetik han bizi baita. Aurtengo otsailetik herriko IbarLur dendan ari da lanean, Feli Veguin lankidearekin batera. «Orain lau urte Lurdes jubilatu zenean bere denda hartu genuen. Aurretik, berriz, Ordiziako kirol denda batean eta Itsasondoko eskolako jangelan aritu nintzen». Herriko plazan dagoen dendan saiatzen dira gertuko produktuak edukitzen, baina horrez gain jaki, edari, zein drogeriako produktuak saltzen dituzte. «Herrian harategirik ez dagoenez, haragia enkarguz ekartzen dugu. Kontsumo taldeko saskiak, produktu ekologikoak, beganoentzat edo beste elikadura mota bat nahi dutenentzat produktuak ere ekartzen ditugu».
Zer zaletasun dituzu?
Musika, antzerkia…
Pelikula bat edo telesail bat.
Bere garaian asko markatu ninduena, Tomates verdes fritos.
Liburu bat.
Siddartha, oso interesgarria da bizi filosofia bezala.
Musika talde edo abeslari bat.
1980ko hamarkadako musika.
Abesti bat.
Zea Maysen Elektrizitatea.
Oporretarako leku bat.
Munduko edozein herri txiki, bertako jendea eta ohiturak ezagutzeko.
Zer gosaltzen duzu?
Olo edariarekin egindako kafesnea eta ogi txigortua gai desberdinekin, batean marmelada, bestean olioa edo ahuakatea…
Kolore bat.
Morea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Seme-alabak jaio ziren egunak.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Bilobatxoaren jaiotza.
Amets bat.
Egunen batean mundua bakean ikustea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Terraza batean lagunekin zerbait hartzea.
Goierriko txoko bat.
Osinberde, Zaldibian.
Itsasondon biziko ez bazina.
Herri txiki bat beharko luke. ■

 
					 
					 
 								
							
 
					
 
                    