Aire libreko ikasgela
Alemaniatik itzuli, eta Tipi-Tapa with Nils Baso Eskola martxan jarri dute Ordizian, Nils Logar berlindarrak eta Uxue Pecharroman ordiziarrak. Haurrek naturan jolastuz eta esploratuz ikasten duten aire libreko ikasgela da.
Ordiziako Altamira auzoko Lazkaomendi kaleko baso ezkutuko txabola berritu, eta Tipi-Tapa with Nils Baso Eskolaren ibilbidea hasi dute Nils Logar berlindarrak eta Uxue Pecharroman ordiziarrak. Lehen Hezkuntzako Natur Hezitzaile irakaslea da Logar, «eta txikitatik boy-scouta». Pecharroman Haur Hezkuntzako hezitzailea eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea da. Ohiko ikasgelatik kanpoko hezkuntzan sinesten dute, naturak emandakotik ikasteko.
6 eta 10 urte bitarteko haurrentzako aire libreko ikasgela da Tipi-Tapa, naturan barneratuz eta naturarekin bat eginez, naturan jolastuz eta esploratuz ikasi eta hezteko tokia. Oraingoz, hamar haurreko bi talderekin, astelehenetan 17:00etatik 19:00etara eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara elkartzen dira Altamirako txabolan. Baso-eskolan bereziki erabiltzen dituzten jantziak beti bertan gordetzen dituzte. Barruan, euren motxilak utzi eta arropaz aldatzen dira, eta handik aurrerako guztia kanpoan egiten dute.
Behin egoki jantzita, txabolaren kanpoaldean, borobilean jarrita elkartzen dira. «Ongi etorriko errituala egiten dugu lehendabizi. Abestu, basoarekin eta mitologiarekin lotutako istorioak kontatu…», dio Logarrek. Horrez gain, haurren egoera emozionalari ere erreparatzen diote; «lasaitzeko beharra baldin badute, lasaitzeko jokoak egiten ditugu». Ondoren, euria egin edo eguzkiak jo, elkarrekin Altamiratik Oiangura igotzen dira, eguneko jarduera berriz ere txabolan bukatzeko. «Alemanian badugu esaldi bat: ‘eguraldi txarrik ez dago, arropa txarra dago’».
Coyote Teaching deritzon metodoan oinarritzen dituzte jarduerak: «Jatorri indigenako irakaskuntza-metodo tradizional bat da, esperientziaren bidezko ikaskuntzan, naturaren behaketan eta biziraupenerako trebetasunen garapenean oinarritua. Umeen ikaste prozesua gidantzaren bitartez burutzen da. Helburua galderen, jolasen, pisten eta asmoz beteriko isiluneen bidez umeen jakin-mina piztea, eta euren galderen erantzunak euren kabuz aurkitzea da», argitu dute.
Azkenik, etxera joan aurretik, elkarri eskerrak emateko eta su txiki batekin erlaxatzeko aukera izaten dute. Egun bakoitza abentura desberdin bat izaten ahalegintzen dira, eta urtaro bakoitza ere bai. «Urtaro bakoitzarekin natura aldatu egiten da, eta guk haren erritmoa jarraitzen dugu».
Mugimenduan
Mugimendu «askea eta osasuntsua» ere bada Baso Eskolaren ezaugarrietako bat: «Gaur egun beharrezkoa da mugitzea, egun osoan eserita egoten direlako haurrak. Ikasgelan edo pantaila baten aurrean eserita, noski».
Naturan barneratuta ikasteaz gain, badu beste helburu bat Tipi-Tapak: «Gure burua hobeto ezagutzea eta gure gaitasunak indartzea. Elkarrekin bizitzen eta lankidetzan aritzen ikasten dugu, uneaz gozatzen, jolasten eta inguruneak eskaintzen digun guztiarekin sortzen». Izan ere, Logarrek eta Pecharromanek garbi dute umeek jolastuz eta esploratuz ikasten dutela. «Kontzentrazioa, sormena, autonomia eta talde-lana sustatzen dituzten dinamikekin euren ingurumena esploratzen eta esperimentatzen dute».
Bereziki «ikastetxe tradizionalean zailtasun gehiago» dituzten haurrentzat oso leku «interesgarria» dela diote beren ekimena. Adibidez, Arreta-Defizitaren Nahasmendua Hiperaktibitatearekin (TDAH) dutenentzat, psikologoek gomendatzen duten eredua da.
Taldearen garrantzia
Are gehiago, talde izaerari garrantzia handia ematen diote: «Lotsatiena denak ikas dezala ahotsa altxatzen, eta hiztunenak ikas dezala gutxiago hitz egiten eta entzuten. Izan ere, 25 haurreko talde batean oso zaila da entzuna izaten». Era horretan, Tipi-Tapan taldeak txikiak direnez, «haur bakoitza entzuna izango den komunitate txiki bat» sortzen da. «Talde bezala laguntzen ikasteko da».
Ingelesarekin ere gauza bera gertatzen dela diote: «Ingeleseko partikularrera joaten direnean, han ere eserita egoten dira. Guk balio erantsi hori eman diogu aire libreko ikasgela honi, ingelesa ikasteko beste modu bat ere badelako. Egiten dugun guztia hizkuntza horretan garatzen da: modu naturalean, bizirik eta testuinguruan». Izan ere, argi dute Logarrek eta Pecharromanek hizkuntza bat ikasteko metodoa: «Mugituz, jolasean, benetako esperientziak izanda ikasten da hizkuntza bat».
Onura gehiago ere bai
Bestalde, basoko lur irregularretan dabiltzan haurrek, onura gehiago ere izaten dituztela nabarmendu dute. Besteak beste, giharreak indartzen dituzte, oreka eta koordinazioa entrenatzen dute, oztopoak ausardiaz gainditzen ikasten dute, eta urrats bakoitzean konfiantza sentitzen dute. «Gauza asko oinutsik egiten ditugu. Oinetakorik gabe, hanketako muskulu asko indartzen dira», argitu du alemaniarrak. Tipi-Tapakoek esaldi batekin laburbildu dute beraien filosofia: «Harri bakoitza, muino bakoitza, hazteko aukera bat da».
Familia askoren kezka-iturri izan ohi da eguraldi hotzarekin edo euritsuarekin kanpoan jolastea. Uste hori gainditu nahi dute. «Zientzia eta esperientzia pedagogikoa bat datoz: aire zabalera ateratzeak, baita euria ari duenean ere, gorputza, burua eta immunitate-sistema indartzen ditu».
Beste onura batzuk ere azpimarratu dituzte: osasun mentala eta emozionala errazten ditu, motrizitatea eta gorputzaren kontzientzia areagotzen ditu, erresilientzia eta autonomia sustatzen ditu, eta naturarekiko lotura indartzen du. «Zenbat eta kontaktu handiagoa izan naturarekin, lurrarekin, basoan dauden mikroorganismoekin, orduan eta laguntza handiagoa ematen dio zure sistemari».
Munduko herrialde askotan metodoak «sekulako arrakasta» duela argitu dute. Tipi-Taparen ibilbidea hasi besterik ez dute egin, eta asmo eta ideia ugari dituzte. Haurrekin batera, jende helduagoarekin ere lan egin nahi dute, hilean behin tailerren bat antolatuta, adibidez: «Uste baitugu Euskal Herrian jende asko joaten dela mendira, baina kirol bat bezala hartuta». ■

