Goierriko bailara nolakoa zen 1971. urtean (II)
Azkeneko Gertaera atalean (irailak 19) aurkeztutako Goierriren egoera soziologikoan, bailarak 1960ko hamarkadan jasan zuen eraldaketaren argazki bat eman zen, eskualdearen behealdeko eremuaren demografiak izan zuen gorakadaren erakusgarri. Bigarren emanaldi honetan, soziologikoki Goierri 1971n nolakoa zen aztertuko da, urte hartako maiatzaren 23ko Argia astekariko Goierri azterketan artikuluan oinarrituta.
Talka soziokultural bortitza eragin zuen Goierrin immigrazioak, batez ere industriaren hazkundeak eragindako kanpoko langile uholdeagatik. «Alde ederra badago industrializatutako herrietatik nekazari herrietara», aitortu zuen Goierriko Guraso Elkarteak, Siadeco etxeak egindako ikerketaren datuak interpretatzerakoan.
Langile jendea sartu zenez, gizartea «gaztetu eta proletarizatu» egin zen. «Izan ere, erbestetik datozenek, gehienek behintzat, peoi lana egin behar izaten dute. Goierriko industriak, Euskal Herriko beste leku askotan bezala, dirua egin nahi izan du, ez makinaria berria sartuz, peoi lana ugarituz baizik. Ondorenak, gero herriak ordaindu behar». Langile-klase nortasun handiko irakurketa eta euskal helburu nazionalen artekoa egin zuten, beraz.
Lan munduan bakarrik ez, gizarteko beste sektore askotan ere gabeziak, beharrak eta erronkak agerrarazi zituen egoera soziologiko berriak. Irakaskuntzan, adibidez. Hor ere egoera «garratza» antzeman zuen ikerketak.
Unibertsitatean %2,4 bakarrik
Apurka-apurka, ikasketa-mailan goratzen zihoan Goierriko gizartea. Siadecok 1965eko datuak erabili zituen. Orduan, batxilergoa egiten ari ziren ikasleak %17,5 ziren, eta lanbide profesionaletan trebatzen ari zirenak %6,7. Gehienak, %70, lehen mailako ikasketetan (%65,5) eta haur mailakoan (%4,5) ari ziren. Unibertsitatean %2,4 bakarrik zegoen, «oso gutxi». Irakaskuntzaren demokratizazioa artean «ames bat» zela ebatzi zuen Guraso Elkarteak, «goi mailara iristen direnak aberatsen seme direla gogoan izanik, batez ere».
Paradoxikoki, lan ugariko eskualdea bazen ere ordurako, ikasitakoan lan egiteko aukerarik ez zegoen Goierrin. Peoitza zelako nagusi (langileria guztiaren %36, ofizioa zutenak %25,9, teknikoak %2,8), lanaren espezializazio baxuaren seinale. «Adibide ederra daukagu Eskola Profesionalari [Goierri Eskola] gertatzen zaionaz: mutilek ikasketak bukatu ondoren, beren ikasketari dagokion lanik ezin aurkitu. Eta lana izateko, Goierritik alde egin behar».
Sektore ekonomikoei zegokienez, aipagarria zen oraindik nekazaritzaren pisua: langileen %13,1ek ziharduten lehen sektorean. Bigarren sektorean, industrian, %61,9 enplegatzen zen, hirugarrenean (zerbitzuak) %20,5, eta «besteetan» %4,5. Zerbitzuetan jende «gutxiegi» ari zen. Jakintza tekniko urria ere kezka iturri zen. ■
 								
							
					
                    