Puntuzko jertseak
Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Beste berotasun bat da. Beste goxotasun bat. Beste laztan bat. Puntuzko jertseek ematen dutena. Jantzi baino besarkatu egiten dute puntuzko jertseek gorputza. Eta gainera, koloretsuak dira, eta gainera, irribarre egiten dute, eta gainera, badute bestelako jertseek ez duten zerbait. Puntuzko jertseak jantzita egon egin zaitezke lasai asko, bil-bil eginda, barraskilo bihurtuta. Puntuzko jertseak jantzita egon egin zaitezke lasai asko bazabiltzan sentipenarekin. Puntuzko jertseak bakardadea arinduko dizu eta zeure buruarekin adiskidetuko zaitu. Puntuzko jertsea misterio bat da eta denbora eskaintzea bizitzari.
Jarriz gero asmatuko nuke puntua egiten eutsi eta segi, eutsi eta segi, eutsi eta segi. Jarriz gero asmatuko genuke. Baina jarri egin behar. Arnasari atximur egin behar zaio eta egonari. Begiak tinkatu eta hatzak txilipurdika jarri behar dira. Puntua izan daiteke zuzena, okerra, boboa, elastikoa, kate-itxurakoa, erdipuntua… Itxaso Martinek boboari heldu dio eta eutsi eta segi, eutsi eta segi, eutsi eta segi, jertse zoragarri bat josi du irakurle bakoitzaren neurrira. Izan ere, hori da ederra; idazle batek liburu bat idatzi eta irakurle bakoitzak liburu bera bere kasa bere erara bere sentitzea.
Emakumeen sufrimendua, osasun mentala, haurtzaroa, bakardadea eta familiarteko dinamikak ditu ardatz Puntobobo eleberriak. Besteak beste normaltasuna auzitan jarri eta horren inguruko hausnarketa egiteko aukera ematen du Itxasok. Irakurleak, bere ispilu propioa besapean hartuta, bere pentsamendu intimoak bere baitan sozializatzeko liburu ezin hobea da. Galderen erradiografian zintzotasunez argazki makinari begira jartzen asmatuz gero, irakurleak ezinegon eder bat sentituko du. ■
