Pa5ah¡t7ak 6ako
Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Ez dakit zein den, gizakiko, batez besteko pasahitz kopurua, hainbeste Interneteko kontu, sare sozial, aplikazio eta abarren artean, baina, hegazkin-pilotuen kasuan, herritar arruntona bider lau omen da. Segurtasunaren izenean, hegazkin-konpainiak oso maiz eskatzen omen dio bere laneko pasahitzak aldatzeko. Hackerrek ikertu egingo dituztela pentsatu behar omen dute, eta oso zorrotzak izateko eskatzen diete, baita, gainerakooi bezala, ikur bereziak erabiltzeko eta gako berriak zaharrarekin loturarik ez dezala izan ere.
Arriarango baserri guztiak pasa ditu, letra larri eta xeheak tartekatuta eta bestelako ikurrak gehituta, baina, orain, konbinazioa edozein dela ere, sistemak pasahitza ez dela fidagarria esaten dio. Ez dira hainbeste baserri ere Arriaranen, eta hackerrek lotura erraz egiteko baliabideak omen dituzte, nahiz eta izenak nahasian eta era jolastian sortzeko proba ere egin duen: Pala7¡0a_K0rta edo ¡Barr30la_37t3n¡t3n.
Arbasoen abizenekin ere saiatu da, baina sistemak ezetz, ageriko arrazoiengatik. Euskal kantuen pasarteekin probatu du hurrena, eta hala ibili da bolada batean, baina fidagarri izateari utzi diote horiek ere. Bad¡tut3gunero1000ka7alantza? edo p0rk3t¡3n3d¡rugutX¡ klasikoek ez diote balio, ezta denboran hurbilagoko at70et0rk¡7una_2AR¡ra6ana bezalakoek ere. Uxue Kerejetaren (m3nd¡Puntak0La¡n0) edo Odiken (r0ll0_TXarrak) abestien hitzekin ere alferrik.
Integraletara jo du. Hegazkin-pilotu izateko ezinbesteko ezagutza omen. ∫(X-1)/(X^2-1)dx= ebazteko errazegia. Zailxeagoa omen den ∫(X+5)/(X^2-4X+3)dx= proposatu, eta hau ere ume-jolasa hackerrentzat.
0000 probatu eta onartu egin dio. Gakoa kontu guztietarako erabiltzen ari omen da, eta, oraingoz, hegazkin guztiak heldu dira helmugara. ■
