Euskal artzain txakurren alde lanean
Aitor Tato ataundarra, ‘Fidel’ txakurrarekin eta ilobekin irailaren hasieran Legazpiko Artzain Egunean, Gipuzkoako artzain txakurren lehiaketa irabazi berritan.
Askok lan gogortzat ikusiko luketena, eguneroko plazera da Aitor Tato ataundar artzain txakur hezlearentzat. Naturaren erritmoari lotuta bizi da, eta artzaintza bihurtu du bere bizitzaren ardatz. Urteen poderioz, esperientzia eta ofizioa uztartu ditu, eta gero eta entzunagoa da artzain txakur lehiaketetan. Gipuzkoako lehiaketan aurreneko aldiz lortu du txapela, Legazpiko Artzain Egunean.
Artzaintza ez da lan hutsa Aitor Tato ataundarrarentzat, bere bizimodua baizik. Txikitatik ardiekin eta txakurrekin hazi zen, eta naturarekiko harreman estua izan du beti. Ofizioa bihotzetik eta sustraietatik datorkio, eta gaur egun ere ez du urratsik egiten haiengandik aparte.
Ama baserrian jaiotakoa izanik, bertatik jaso zuen zaletasuna. Txikitatik ibiltzen zen osabaren aldamenean, ardien, ahuntzen, behorren eta txakurren artean. Han ikasi zuen artzain izatea ez dela lanbide soila, pazientzia, ardura eta askatasuna uztartzen dituen bizimodua baizik.
Hamasei urte zituela bere lehen ardiak erosi zituen eta lursail txiki bat alokatu zuen haiekin trebatzen hasteko. Hura izan zuen lehenengo esperientzia artzain gisa. Hain zuzen, esperientzia hartan ikasi zuen lanbide horrek eskatzen zizkion ardurak eta betebeharrak hartzen. Urte batzuk geroago, Urdangarintxiki baserria erosi zuen, eta ordutik baserria, ardiak eta txakurrak dira haren egunerokoaren ardatz nagusiak. Bertan bizi da, eta bere kasa lan egiten du. Agian horixe da artzaina izateaz gehien gustatzen zaiona: askatasunez ibiltzea.
Txakurra, adiskide leial
Tatoren lanaren funtsezko zutabea txakurra da. Sei txakur ditu, guztiak euskal artzain txakurrak, eta haiekin nahiz ardiekin igarotzen ditu egunaren ordu gehienak. Izan ere, artzainaren isilpeko konpainia etengabea dira txakurrak. «Beharrak erakutsita» ikasi zuen haiekin lan egiten, eta esperientziak erakutsi dio txakur on batek bi ezaugarri nagusi izan behar dituela: «Nagusiarentzako atentzioa eta ardiarentzako ofizioa». Artzainak, berriz, pazientzia eta jarraikortasuna behar dituela dio.
Artzainaren eta txakurraren arteko komunikazioak ere ezinbestean egokia eta aproposa izan behar duela ziurtatu du Tatok, «inolako etenik gabekoa». Etengabeko kontaktuan egon behar dute, artzainak ezin baitu txakurrik gabe lanik egin: «Txakurrik gabe, artzaina itsu geratzen da. Ardiak ez dira gidatzen hitzez bakarrik; alde batetik bestera mugitzeko eta ardiak dominatzeko beharrezkoa da txakurra».
Lehiaketetan ere gogor
1998an hasi zen artzain txakur txapelketetan parte hartzen, eta hogei urte baino gehiago daramatza mundu horretan murgilduta. Lehiaketek aukera ematen diote bere eguneroko lanaren emaitzak erakusteko, eta, aldi berean, beste artzainekin esperientziak partekatzeko. Irabazi izan ditu noiz edo noiz erakusketa, lehiaketa zein sariak, nahiz eta lehiaketen aurretik ez duen «aparteko entrenamendurik» egiten: «Eguneroko lanaren praktikan oinarritzen naiz lehiatzen naizen aldiro».
Azken garaipena Legazpiko Artzain Egunean, irailaren 7an ospatutako Gipuzkoako Txapelketan lortu zuen, Fidel txakurrarekin. Izenak berak dioen bezala, hura da Tatoren lagunik leialena, eta harekin osatu du azken urteetako binomio garailea. Gipuzkoako lehiaketetan aurreneko aldiz lortu du txapela, nahiz eta beste erakusketa zein txapelketa batzuetan ere marka onak lortu izan dituen.
Lehiaketa horiek, ordea, «ez dira soilik erakusketa hutsak», baserri munduaren «adierazpen kultural eta sozial garrantzitsua baizik». Belaunaldi berriei artzaintzaren eta euskal artzain txakurraren garrantzia erakusteko baliatzen dituzte elkargune horiek, besteak beste.
Bertakoa babesteko borrokan
Tatok ondo daki artzain izatea ez dela erraza. Uda zein negu, eguraldi ona zein txarra, animaliak berdin zaindu behar baitira. Hala ere, harro mintzatu da bere lanbideaz, eta kezkatuta ere bai, azken urteotan artzaintzak eta, batez ere, euskal artzain txakurrak gero eta presentzia txikiagoa dutelako: «Azken urteetan, beste toki guztietan bezala, euskal arraza galtzen ari da; arriskuan dagoen ondare bizia da».
Artzain txakur lehiaketak nahiz erakusketak ere gero eta murritzagoak direla ziurtatu du, eta nabarmendu du «galzorian» daudela: «Geroz eta gutxiago egiten dira. Instituzioek eta boteredunek ez dituzte behar beste babesten; are gehiago, trabak jartzen dituzte. Ez dago finantzaketa egonkorrik, eta ezta babes ofizialik ere. Horrek zaildu egiten du ekimen hauek antolatzea».
Horregatik uste du beharrezkoa dela abeltzaintzarekin lotutako ekimenak mantentzea eta berriak sortzea, halako ospakizunek jendeari baserriko bizimodua nolakoa den erakutsi eta lanbidea balioan jartzen duelako: «Beste alor askotan hemengoa zaintzera bultzatzen duten bezala bultzatu behar da txakurretan ere, bertakoak aurrerantzean luze iraun dezan». ■
