«Bikoizle lanak barruko umea bizirik mantentzen laguntzen dit»
Julen Iraola (Ordizia, 1996) da ‘Dragoi Bola Super’ telesaileko Kaioshinen, ‘Pinocchio’-ko Sebastian kilkerraren eta ‘Gadget inspektorea’-ko Von Slicksteinen atzean dagoen ahotsa. 2020an hasi zen bikoizle lanetan, eta ordutik bere ahotsak dozenaka pertsonaiari bizia eman die. Bere ustez, euskal bikoizketa momentu onean dago, baina oraindik bada zer hobetua.
Noiz eta nola hasi zinen bikoizketak egiten?
Betidanik gustatu izan zait ahotsarekin jolastea, eta baita aktore lana ere. Momentu batean Jakintza Ikastolako Potto irratian esatari bezala ere aritu nintzen. Aurrerago, 2015ean, Kiko Jauregi beasaindarraren Donostiako Binahi akademian hasi nintzen bikoizketak egiten. Han urte batzuk egon ondoren Madrilera joan nintzen Goi Maila ikastera, eta utzi egin nuen bikoizketa, berriro etxera itzuli nintzen arte.
Zer behar da bikoizle izateko?
Azken finean praktika, praktika eta praktika, batez ere interpretazio aldetik. Baita ere jatorrizko aktoreari intentzioa, tonuak eta ahotsaren jokoak harrapatzeko eta kopiatzeko gaitasuna. Hau da, oinarri modura, aktore izatea, interpretatzen jakitea.
Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Lanbide honen ziurgabetasuna asko gustatzen zait, ez baitakizu zein pertsonaia bikoiztea tokatuko zaizun. Gainera, lan honek barruko umea bizirik mantentzen laguntzen dit. Oso dibertigarria izateaz gain asko betetzen nau.
Zein pertsonaia bikoiztu dituzu?
Dragoi Bola Super telesaileko Kaioshini eta Kibitoshini, Eraztunen Erregea sagako Durin Printzea, Guillermo del Tororen Pinocchio filmeko Sebastian kilkerra eta Gadget Inspektorea-ko Von Slickstein, beste askoren artean.
Zuk aukeratzen dituzu bikoiztu beharreko pertsonaiak?
Ez. Ekoizpen bat iristen denean zuzendari bati egokitzen diote, eta zuzendari horrek banatzen ditu pertsonaiak gure ahots erregistroaren, jatorrizko aktorearekin dugun antzekotasunaren eta beste hainbat irizpideren arabera.
Behar besteko aitortza badauka zuen lanak?
Orokorrean, urte askoan itzalean egon den lanbidea da gurea. Orain, ikus-entzunezkoak ugaritzen ari diren honetan, ezagunagoa egiten ari da, eta horrek aitortza eman dio. Gure aurreko bikoizleekin alderatuta, esan daiteke garai onean sartu ginela.
Zer egoera du euskarazko bikoizketak?
Euskarazko bikoizketan lantalde murritzagoa gara. Sareen bitartez lanbidea publikoago egiten ari bada ere, euskarak eduki eta presentzia gehiago behar dituela uste dut. Horretarako, EITBk, RTVEk, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak kalitatezko, maila altuko eta jendearentzat erakargarriak izango diren ikus-entzunezkoak egiteko konpromisoa hartu behar dute. Hala ere, bide onetik goazela esango nuke. ■

