«Parte hartzen eta ezetz ez esaten irakatsi zidaten»
Miren Josune Begiristain ‘Txata’-k (Aginaga, Azkoitia, 1954) makina bat herri ekimenetan parte hartu du. Urte berezia izaten ari da Begiristainentzat 2025a. Irailaren hasieran Aginagako Oleta elkartearen 50. urteurrena ospatu zuten eta urriaren amaieran bere lagunen omenaldia jaso du Zumarragan.
Aginaga auzoan jaio zinen eta Aginaga auzoan bizi zara.
Muxika baserrian. Jaio nintzenean, birramonarekin eta aitona-amonekin bizi ginen. Denak aitaren aldekoak. Amaren aldeko aitona-amonak Martiamuno baserrian bizi ziren. Bost anai-arreba gara eta ni bigarrena naiz. Bi mutil eta hiru neska gara.
Gurasoak baserritarrak ziren. Kalean ere lan egiten al zuten?
Ez. Baserrian bakarrik lan egiten zuten. Xexili eta Luix zuten izena.
Nolakoa zen bizimodua garai hartan Aginagan?
Egungoaren oso ezberdina zen. Errepidea egin berria zen. Garia ere ereiten genuen. Gero Martirietako baserri batetara eramaten genuen eta irina egiten genuen. Baserri guztietan ogia egiten zen. Baserrietako gauzetatik bizi ginen: artoa, porruak, azak… Esnea eramaten genuen kalera, astoan. Etxez etxe ibiltzen ginen. Gu txikiak ginenez, gure bizilagunek banatzen zuten gure esnea. Bost behi, txahalak eta idiak genituen. 1955 inguruan jende asko Orbegozon hasi zen lanean, eta horrek kaletik auzora dirua ekarri zuen.
Garai hartan Aginaga Azkoitiko auzoa zen. Kalera Azkoitira ala Zumarragara joaten zineten?
15-16 urte bete arte gutxitan joaten ginen kalera. Nik Urretxura eta Zumarragara jo dut beti, baina beste batzuk Azkoitira joaten ziren gehiago, edo Martirietan egiten zen erromeriara.
Ikasketak auzoan egin al zenituen?
Ez. Kalera joateko zailtasunak nituen, oinez joan beharra nuelako, eta Azpeitiko mojetara joan nintzen barneko ikasle bezala. Bost urte pasatu nituen han, 11 urte nituenetik 16 urte bete arte.
Zer egin zenuen mojen eskolatik atera zinenean?
Haur batzuk zaindu nituen. Ondoren, Hernanira joan nintzen anaiarekin bizitzera. Bertako hostal batean lan egiten nuen: oheak egin, logelak garbitu, jangelan lagundu… Asteburuetan Aginagara etortzen nintzen. Harrezkero, Urretxun eta Zumarragan lan egin nuen. Bi etxetan izan nintzen, haurrak zaintzen eta etxeko lanak egiten. 1990eko hamarkadaren hasieran Aldiri tabernan hasi nintzen lanean. Herriko Taberna zen eta haiek ilegaltzat jo zituztenean, oso zaila izan zen Aldiri aurrera eramatea. Jarraitzea lortu genuen, eta eskerrak eman nahi dizkiet lagundu ziguten herritar guztiei. Ez genuen erosketak egiteko aukerarik, eta tabernari batzuek horri aurre egiten lagundu ziguten. Gehiago ezin zen arte jarraitu genuen. Alokairuan geunden, obra egin beharra zegoen… eta duela 12 urte Aldiri itxi egin zen. Handik gutxira jubilatu egin nintzen. Aginagan eta Urretxun pasatzen dut eguna.
Nola gogoratzen dituzu Aldirin igarotako urteak?
Aldiri eta bere ingurua asko maite dut, eta askotan gogoratzen naiz. Urretxuko eta Zumarragako hainbat gazte hara joaten ziren, Lizeoko ikasleak pintxoa jatera joaten ziren… Oso giro ona sortu genuen.
Eguna Aginagan eta Urretxun pasatzen duzula esan duzu. Nola moldatzen zara herrira jaisteko?
Bizilagunekin eta lagunekin moldatzen naiz. Zumarragako Udalak ez digu oraindik garraiorik jarri…
Nola ikusten duzu auzoa?
Auzoak aldaketa asko izan ditu, gainontzeko toki guztiek bezala. Garai batean elkartasun handiagoa zegoen, elkarri laguntzeko askoz ere gehiago ginen. Gaur egun, bakoitza bere erara bizi da. Aurrerapena edo atzerapena, hona ere iritsi da. Zorionez, elkartea dugu eta horrek asko ematen digu.
Zu jaio zinenean Aginaga Azkoitia zen eta Zumarragara pasatzea eskatu zenuten. Merezi izan al du?
Aginaga Azkoitikoa zen, baina hemendik Azkoitira 19 kilometro daude eta Urretxura eta Zumarragara, berriz, 6. Nahiz eta Azkoitia izan, eskolara Urretxura edo Zumarragara joaten ginen, erosketak Urretxu-Zumarragan egiten genituen, medikua Urretxu-Zumarragan genuen… Baina Azkoitiko udaletxera joan beharra geneukan. Norbait jaiotzen zenean, Azkoitira joan beharra zuten inskribatzera. Nire etxean bertan, epaitegian jaiotegun bat dute eta elizan beste bat. Azkoitira haurra jaio eta hiru egunera-edo joango ziren. Aldaketa administratiboa izan zen: gaur egun, Azkoitiko udaletxera joan beharrean, Zumarragara joaten gara. Baina egia da Zumarragako Udalak hainbat gauza egin dituela auzoan: pilotalekua, parkea…
Ase gabeko beharren bat ba al duzue?
Zuntz optikoa falta da baserri batzuetan. Gaur egun hori gabe ezin da bizi, eta ea lortzen dugun. Bestalde, autobus txiki bat edo taxi bat beharrezkoa ikusten dugu: umeak eskolara eramateko, batez ere. Izukitzako gazte bat institutuan hasi da aurten eta Etxeberriraino joan beharra dauka autobusa hartzera. Bestalde, adinekoek ere geroz eta arazo gehiago izango dituzte.
Lehen Oleta elkartea aipatu duzu.
Dena elkartean egiten dugu: festak antolatu eta ospatu, bilerak… Asko kosta zitzaigun elkartea lortzea. Gazte talde polita geunden eta Emiliano apaizaren laguntza izan genuen. Sinadurak bildu genituen, udalari eskaera egin genion. Diktadura garaia zen eta Gobernu Zibilean oztopoak jarri zizkiguten. Neskak eta apaizak horrelako zerbaitetan ibiltzea ez zuten ulertzen, eta bizilagun bati deitu zioten gugatik galdezka. Patxi Plazaola gu baino apur bat zaharragoa da, bera ere asko mugitu zen, eta denon artean elkartea lortu genuen. Guardia zibilak askotan etortzen ziren. Inaugurazio egunerako bazkaria antolatu genuen, eta Guardia Zibila auzoko plazan jarri zen. Batzuek tabernan bazkaldu genuen eta besteak etxera joan ziren. Hurrengo urteetan auzo txiki honetan gauza asko egin ziren. Oraindik pilotalekurik ez genuenez, ekitaldiak elizan egiten genituen: Errobi taldea ekarri genuen, trikitilari gazteen txapelketa antolatu genuen… Errobi etorri zenean ikurrina handi bat ireki zen. Egun hura asko gogoratzen dut. Mundu guztia txaloka, negarrez… Oso une hunkigarria izan zen, batez ere adinekoentzat. Trikitilari gazteen txapelketari dagokionez, onenak hemendik pasa dira. Gozategi, adibidez. Agurtzane Elustondok bere lehen saioa hemen izan zela esan zidan 50. urteurreneko festan.
Irailaren hasieran ospatu zenuten elkartearen 50. urteurrena.
Elkarteak une ona bizi du. 33 bazkide gara. Azkena, gaztetxo bat. Ondo gaude.
Asteburu honetan San Martin jaiak ospatuko dituzue.
Auzoko jaiak dira. Ekitaldiak larunbatean, igandean eta San Martin egunean izango dira. Beti bezala, ardia jateko aukera egongo da. Lana ematen du, baina jendeari asko gustatzen zaio.
Urretxuko eta Zumarragako jendeak asko maite du Aginaga auzoa. Oleta elkartearen 50. urteurreneko ekitaldietara jende asko etorri zen, eta San Martin jaietara ere jende asko etortzen da.
Hala da, baina sentimendu hori pandemia garaian handitu egin zela uste dut. Jendea ezin zen herritik atera eta Aginagara etortzen ziren: Izukitzatik oinez, errepidetik bizikletan… Etxetik ateratzeko baimena eman zutenean, nire etxe aurreko bideak Bilboko manifestazioa zirudien. Urretxuko eta Zumarragako gehienek ezagutzen dute Aginaga: gure festengatik, aginagarrok Urretxuko eta Zumarragako ekimenetan parte hartzen dugulako… Oso harro nago Oleta elkartearen 50. urteurreneko ekitaldiek jaso duten erantzunaz. Aginagarrok oso maitatuak sentitu gara. Hainbeste jende etortzea auzo txiki honetara… Eskerrak eman nahi dizkiet lagundu ziguten guztiei eta etorri ziren guztiei.
Auzolangintzan aritu zara beti. Etxetik al datorkizu?
Abertzalea aitonarengatik naiz, eta eskuzabala eta parte-hartzailea amarengatik. Aitona Joxe oso abertzalea zen, garai hartan EAJkoa. Ez zigun erdaraz hitz egiten uzten. Euskal Herria asko maite zuen, eta gu ez ginela Madrilgoak esaten zuen. Borrokatu egin behar genuela. Amari dagokionez, auzoan bertan bizitzeak eragina izan zuen. Elizako serora izan zen, adibidez. Txikitatik gauza ezberdinetan parte hartu dugu. Parte hartzen eta inori ezetz ez esaten irakatsi zidaten.
Pozak eta atsekabeak ekarriko zizkizun.
Nekea, gehienbat. Bazkari herrikoi asko antolatu ditugu: Korrikakoak, Gure Esku Dagorenak, presoen ongi etorriak egin zitezkeenean… Baina oso pozik nago egindakoarekin.
Nola ikusten duzu Euskal Herria?
Bagoazela ematen du, baina asko kostata. Errepresioaren inguruan lan egin dut gehienbat, eta asko ari zaigu kostatzen preso guztiak kalera ateratzea. Hor dugu Xabi [Zabalo]; 3. graduaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten eta oraindik kartzelan dago. Bestalde, militante guztiak ez gara berdinak. Gazteek beste era batera funtzionatzen dute. Ez dituzte hainbeste bilera eta kilometro egiten. Gaur egun Internet eta sare sozialak dituzte. Aurrera goazela eta Euskal Herria irabazten ari dela uste dut. Nafarroan ere asko aurreratu da. Lana egin behar dugu, helburua lortzeko. Hizkuntzarekin ere arazoak ditugu. Hizkuntza ezin dugu galdu, hizkuntzarik gabe ez gara ezer.
Zein izan da zure bizitzako egun gogoangarriena?
Txarrena, ama hil zen eguna. Atxilotu nindutena ere bai. Onenei dagokienez, ahizpa txikiaren jaiotza, Mertxe [Galdos] askatu zuten eguna, Ainhoa [Barbarin] askatu zuten eguna, atxilotutako gaztetxoak eta torturatuak askatu dituztenekoak… Iloben jaiotzak ere bai, noski. Hiru iloba ditut, Unai, Miren eta Irati; eta bost iloba txiki, Manex, Ianire, Elene, Olaia eta Iker.
Zein zaletasun dituzu?
Mendian ibiltzea eta lagunekin egotea gustatzen zait. Ostiral batzuetan auzokook elkartean afaltzen dugu. Auzotarrei eta elkarteko bazkide guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Lana eginez, hainbat gauza lortu ditugu. ■
Aginagako haurrak, auzoko eskolan
Miren Josune Begiristainek bere haurtzaroko argazki bat aukeratu du argazki kuttunaren atalerako. 1960ko hamarkadaren hasierakoa da, eta Aginagako haurrak ageri dira, auzoko eskolaren aurrean, beren irakaslearekin. Begiristain eskuinetik hirugarrena da, zutik daudenen artean.
Garai hartan haur asko zeuden Aginagan. «Garai hartan orain baino askoz ere haur gehiago zeuden auzoan, etxe guztietan senide asko baikinen. Gure bizilagunak hamahiru senide ziren, eta gu bost». Haurren arteko harremana oso ona zen. «Oso oroitzapen onak ditut. Egia da, baita ere, auzoan bertan bizi nintzela. Ez ginen urrutiko baserri batean bizi. Eskola hemen bertan zegoen, elizako lokal batean. Denok hemen elkartzen ginen. Aurrerago eskola horretan telebista bat jarri zuten eta hor elkartzen ginen. 15-16 urte bete arte gutxitan joaten ginen kalera».
11 urte bete zituen arte ikasi zuen Aginagan. Ondoren, Azpeitira joan zen. «Kalera joateko zailtasunak nituenez, oinez joan beharra neukalako, Azpeitiko mojetara joan nintzen barneko ikasle bezala. Bost urte pasatu nituen han: 11 urte nituenetik 16 urte bete nituen arte», oroitu du.



