«Txakurrarekin Gaintza eta Baliarrain aldera joatea gustatzen zait»
Terese Garmendia (Altzaga, 1970) Altzagarateko jatetxeko alaba da. Hala, ostalaritzan lan egin du urte askoan. Etxeko tabernan, noski, eta baita beste hainbatetan ere: Urretxun, Urnietan… Sei urte daramatza bere herriko alkate karguan. «Hasiera gogorra izan zen, baina oso gustura nago. Okerrena herritarren arteko iskanbilak dira. Batak arrazoi duela uste baduzu, bestea haserretu egiten da».
Zer zaletasun dituzu?
Nire zaletasun nagusiak txakurrarekin Gaintza eta Baliarrain aldera joatea eta familiarekin egotea dira.
Pelikula bat edo telesail bat.
Akelarre pelikula asko gustatu zitzaidan.
Musika talde edo abeslari bat.
Esanezin. Nire ilobaren proiektua da. Eñaut Elorrieta ere asko gustatzen zait. Askotan ikusi dut. Urrian Altzagako elizan jo zuen.
Abesti bat.
Eñaut Elorrietaren Inesa Gaxen.
Liburu bat.
Ez dut asko irakurtzen, zaletasun gutxi dut.
Oporretarako leku bat.
Getaria (Gipuzkoa) eta Ezkarai (Errioxa, Espainia). Bietara joaten gara.
Zer gosaltzen duzu?
Kafe hutsa.
Kolore bat.
Gorria.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire hiru seme-alaben jaiotza egunak. Itsasok 30 urte ditu, Xabik 26 eta Anek 14.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Xabi semea kulturismo lehiaketan urrezko domina irabazten ikustea. Salamancan (Gaztela eta Leon, Espainia) izan zen.
Amets bat.
Seme-alabak ondo ikustea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Eguerdian etxera itzultzen naizenean txorizo pintxo bat eta ardo bat hartzea amarekin.
Goierriko txoko bat.
Altzagarate.
Altzagan biziko ez bazina…
Hondarribian. ■

