Agenda musikalak
Aitor Artza • Musika zalea
Musika Zuzenean ekimena Koldo Otamendik sortu zuela 15 urte pasa dira dagoeneko. Lerro hauetatik eskerrik beroenak eta egindako lan onaren aitortza. Euskal Herriko txokoetan antolatzen diren kontzertuen agenda txukuntzeaz gain, beste atal asko sortu ditu ekimen berean. Hitz Bitan saila, non musikari asko eta askori, lehen lerroan eta azkenekoan aritzen direnei, elkarrizketa interesgarriak egiten dizkien. Horrez gain, taldeen eta kontzertuetako bideoak sortzen ditu, haiei hitza eman eta tokietan gertatzen dena txukun-txukun bilduz. Zorionak, eta ea gutxienez beste horrenbeste urtez jarraitzen duan Kojo! (Koldo Otamendi).
Goierri aldean, agenda kontuak direla eta, izan da antzeko ekimen baten beharra ikusi duenik, gertatzen baita kontzertu bat antolatu eta ohartzerako ondoko herrian egun berean beste bat are interesgarriagoa antolatua izatea. Hori ekiditeko asmoz, Ordiziarrock, Segurako Ganbaran Norbait Dabil, Zaldibiako ZEK eta Legorretako Satto elkarteek Goierri Zuzenean ekimena martxan jarri zuten (astekari honetan izango duzue laster berri gehiago honen inguruan). Agenda antolatzea eta musika aukerak batak bestea zapaldu gabe egokitzea izan da. Beste elkarte askori gonbita pasatzen ari zaizkie, eta haien artean Lazkaoko Hitz eta Musiki eta Aho Lehorri, gure kasuan.
goierrizuzenean@gmail.com helbidera idaztera gonbidatzen zaituztet bai ekintzaile talde batekoak bazarete, eta baita kontzertu edo musika ekimenen baten antolaketan bazabiltzate ere, modu horretan, sortzen diren aukera musikalak gure egutegietan behar bezala egokitu ditzagun. ■
