Izen bereziak nola (II): 'Olaberriako' ala 'Olaberriko'?
Aurrekoan, (h)ariztia > Arizti bilakaera eredu hartuta, toponimoak sortzeko garaian izen arrunt bat izen berezi nola bihurtu den aztertu genuen. Beste hizkuntza batzuetan ere antzera gertatu da aldaketa prozesu hori. Gure inguruko erdaretan ez dira asko artikulua gorde dutenak, baina baditugu ale batzuk: El Escorial eta La Mancha (gaztelaniaz); A Coruña (galizieraz)… Euskal Herrian bertan, konparaziorako, Laguardia eta El Busto (gaztelaniaz) edo La Bastida (gaskoiz).
Gureari helduta berriro ere, hasierako Ariztia hura galdu zela ikusi dugu, baina euskaraz badira beste izen batzuk artikulu eta guzti heldu zaizkigunak: Ergoiena (Ataun); Aztiria (Gabiria); Ooletxea (Olaberria); Zerkaldea (Segura); Olea (Urtsuaran); Goialdea (Zegama)… Beste leku batzuetan ere badira horrelakoak; hona ezagunenetako batzuk: Azpeitia, Azkoitia, Bizkaia…
Izenen bilakaeraren beste mutur bati helduta orain, esan izen bereziek ―ez artikuludun horiek bakarrik, artikulua galdu dutenek ere bai― onartzen dutela bestelako mugatzaile bat eranstea. Etxe izenen sailean sarri gertatzen da hori, batez ere adjektibo bat tartekatzen denean; orduan artikulua gainera dakieke. Horrela, arestian aipatutako Arizti hartatik sortua dugu Ariztiberria, hots, Arizti(ko)[etxe]berria. Molde berekoak dira goikoa/beekoa, garaikoa/azpikoa, go(i)ena/barrena, goitia/beitia, aundia/txikia, zaarra/berria, zuria/beltza…; horiek medio, etxe izenak asko ugaritu ziren. Horrelakoak izen arrunt gisa deklinatu izan dira; baita –(r)enea saileko etxe izenak ere, baina horiei aparteko saio bat eskaini beharko diegu.
Kontu nahasgarriak dira, baina…
Izen bereko etxe bat baino gehiago izanez gero, pluralean erabiltzea ere ikusten da han-hemen; Oiarbideko etxeak (goikoa, erdikoa…) adierazteko, nahikoa da Oiarbideak esatea (“Ameriketara joan” ere esaten da, gaztelaniazko Las Américas-en pare). Bitxiak dira Zeraingo Barbaria-tik etorritako Barbaris esamoldearen nondik norakoak; ahozko Barbariik (=Barbariak) pluralekoa gaztelaniaz jarri eta euskarara berriz itzultzean dago forma horren esplikazioa (hango errepidean, gaztelaniazko errotuluan, Barbarias idatzita zegoen garai batean). Getariako Meagasen pare-parekoa dugu.
Kontu nahasgarriak direla hauek guztiak, izenok erabili behar dituenaren galbiderako pentsatuak? Ondorioa izan liteke hori, bai, baina hala izan dira kontuak orain arte behintzat. Hiztunen jokaerak esango du gerokoa zer izango den.
Gogoan daukat nola, orain urte batzuk, Olaberriko Etxeberriko Bixente Olaran haserre zebilen, ETBn Txiki Begiristainen izena aipatu eta, ondoren, ‘OlaberriAko futbolaria’ leloa erantsi behar izaten ziotelako; min ematen zion belarrian, Olaberriko behar zuela eta, horrela esaten zutela eurek. Arrazoia zuen, Olaberriko esan izan da eta ez Olaberriiko (hori ekarri beharko luke ahozkoan, jatorrizko moldea Olaberriako izan balitz).
Euskaltzaindira eraman genuen gorabehera eta, zorionez, ondo bideratu zen auzia. Harrezkeroztik, Olaberria da, bai, herriaren izena, baina euskara arautuan –i-z bukatutako izen arrunt gisa deklinatu behar da (‘mendi’ bezala): Olaberrian, baina Olaberriko (‘mendiko’ bezala), Olaberritik, Olaberrira… Hori da legea. ■

